Eduki publikatzailea

Elikadura eta minbizia: Esan zer jaten duzun eta esango dizut mesederik egiten dizun

Leticia Eguiraunen Gradu Amaierako Lanak dietak tumoreen garapenean duen eragina aztertzen du

Lehenengo argitaratze data: 2017/08/04

Irudia
Leticia Eguiraun. Foto: Mikel Mtz. de Trespuentes. UPV/EHU.

‘Elikadura eta minbizia: Esan zer jaten duzun eta esango dizut mesederik egiten dizun' da Leticia Eguiraun UPV/EHUko Medikuntzako graduatuaren Gradu Amaierako Lanaren (GrALren) izena. Azterlana Iñaki Xarles Irastorza Terradillos irakasle eta medikuak zuzendu du eta 10 bat jaso du, lanak "hipotesiak, helburuak, metodoak eta ondorioak behar bezala definitu, egituratu eta ebatzi dituelako". Halaber, ondorioetako batzuk ‘Jaten duguna ezagutuz, ezagutzen duguna jaten' jardunaldian aurkeztu ziren; Osakidetzak eta UPV/EHUk antolatu zuten jardunaldia.

GrALa osatzen ikerketa-lan nekeza egin du. "Asko irakurri dut, ideiak behar bezala antolatu behar izan ditut lana ulerterraza izan eta zentzua izan zezan. Oso gai zabala eta polemikoa da, artikulu asko idatzi dira horren inguruan, eta batzuk kontraesankorrak ere badira. Hortaz, berrikuste bibliografiko handia egin dut", gaineratu du.

"Arazo nagusia da orain arte egindako azterlanek dietaren eta minbiziaren arteko lotura a posteriori egindako alderaketen bitartez ikertu dutela, hau da, minbizia diagnostikatutako pazienteen dieta izan dute oinarri. Ez da pertsona-talde zehatz bat hartu, eta egunean 100 gramo haragi gorri jaten eman; ez zaie epe luzeko jarraipena egin koloneko minbizirik garatu ote duten jakiteko. Hori dela eta, minbiziaren eta dietaren arteko loturari buruzko zalantzak daude oraindik. Hala ere, animaliekin egindako azterlanek frogatu dute zelula- eta genetika-mailan elikagaiek badutela eraginik tumoreak eta bestelako gaixotasunak agertzearekin (edo prebenitzearekin) lotuta", adierazi du.

Lanaren ondorioen arabera, "topikoa badirudi ere", garrantzitsuena da "dieta anitza eta orekatua" izatea eta "gutxiago kontsumitzen saiatzea" "kaltegarrienak direla frogatu diren elikagaiak, hala nola, haragi gorria, karbohidrato finduak edo alkohola". "Horrek ez du esan nahi minbizia izan behar denik txuletoi bat edo opil bat jateagatik, ezta gutxiago ere, baina elikagai horiek gehiegi janez gero, baliteke, beste faktore batzuekin batera, hainbat tumore garatzeko arrisku handiagoa izatea. Hala ere, dieta osasuntsu bat izanda ere, ez du esan nahi ez duzula minbizirik izango (erretzailea ez bazara ere biriketako minbizia izan dezakezun bezala), arriskua ahalik eta gehien murriztea da kontua", amaitu du.

Diagnostiko goiztiarra eta tratamenduak hobetzea

Tumore bat (edo neoplasia bat) garatzeko aukerak altuak dira oraindik helduengan: gizonen artean % 50ekoa da eta % 33koa emakumeen kasuan. Gainera, munduko herrialde guztietan heriotza-kausa nagusienetako bat da, herrialdearen errenta edozein delarik ere: Alemaniako urteko heriotzen % 29 da, % 33 Espainian eta % 44ra ere iristen da Japonian. Halaber, International Agency for Research on Cancer (IARC) erakundearen azken estatistiken arabera, minbiziaren eragina, baita heriotza-tasa ere, areagotzea aurreikusi da, "hiru faktoregatik bereziki: biztanleriaren areagotzea, bizi-itxaropenaren areagotzea eta osasunarentzat kaltegarriak diren bizimoduak".

Eguiraunek azpimarratu du "zifra izugarriak" badaude ere, herrialde garatuetan ohiko minbiziengatiko heriotzak –kolon, ondeste, prostata eta bularreko minbiziak− "murriztu egin direla" azken urteotan, "lehen mailako prebentzioari, diagnostiko goiztiarrari eta tratamenduen hobetzeari esker". Sendabidea aurkitzea bezain garrantzitsua iruditzen zaio "tumoreari gehien hurbiltzen diren tratamenduak garatzea, eta pazienteei hainbesteko albo-ondorio ez eragitea".

Medikuntzako gradua amaitu ondoren, Leticia Eguiraun getxotarra BAME prestatzen ari da uneotan. Oraingoz, hala ere, ez du espezialitaterik aukeratu. "Espezialitate medikoak kirurgikoak baino gehiago gustatzen zaizkit, baina oraintxe nahiago dut ikasten jarraitu, eta unea iristean aztertuko ditut aukerak. Hasiera batean, ez dut nahi ikerketarekin hasi, pazienteekin harremanetan egotea gogoko dudalako. Hala ere, baliteke etorkizunean ikerketari ere denbora eskaintzea", adierazi du.