Breadcrumb

BINGO NUDISTA

BINGO NUDISTA: kaosa eta efektua

Gorputza, testua eta jolasa

Antzerki-performance ikastaroa

Irudia

Zer gertatuko litzateke, “hau teatroa da” dioen konbentzioa lausotuko balitz?

Antzerki eta performance ikastaro honetan errealitatea eta fikzioaren arteko mugak arakatuko ditugu. Antzerkia errealitatearen parte da? Eguneroko errealitateak zenbat du antzerkitik? Noiz finkatzen da konbentzioa interpretea eta publikoaren artean?

Formatu artistikoen konbentzioekin jolastuko gara ikastaro honetan, haiek hautsiz eta eraldatuz, probokazioa eta enpatiaren artean dagoena bilatuz. Horretarako, testu performatiboen idazketa, gorputzaren presentzia erreala eta jolas etengabea uztartzen dituzten teknikak erabiliko ditugu.

Ikastaroaren gidaria: Oier Guillan. Donostiako periferian jaioa, txikitatik Oreretari atxikia bizi izan den arren. Idazlea, kazetaria, antzerkigilea. Mikelazulo kultur elkartean hasi zuen sormen-lanei loturiko bidea. Literaturan poesia, antzerki eta narrazioa idatzi du; Eskuen sustraiak, Herio heroi/Arra. Arraroa, Hura ez da lekua, Elkartasun basatia, Mr. Señora, Zauri Bolodia eta VHS ditu azken lanak. Antzerkigintzan aktore, zuzendari eta idazle gisa egin du lan. 2008tik Metrokoadroka kolektiboko kidea da, bertako lagunekin taularatu ditu Zanbuia!, Miss Karaoke, Poza, Zertarako Hegoak, Su izan nahi eta Salto bezalako lanak. L'Alakran, Beheko Larraine, Kamikaz, Dejabu, Anakrusa, Rouge Elea taldeen kolaboratzailea izan da, Gabrielen lekua (2013) eta Nola belztu behar zuria (2014) proiektuetan parte-hartzailea.

Irakasle gonbidatuak: Ainhoa Alberdi eta Javier Barandiaran.

Metrokoadroka Sormen Laborategia 

Metrokoadroka hainbat arte diziplinetan dabiltzan hamaika lagunek osatu dugun kolektiboa da, helburu honekin: hala arte eszenikoetan nola arte plastikoetan sor daitezkeen proiektuak sortzea, laguntzea eta zabaltzea, beti ere kulturarekiko ikuspegi kritikoari eta esperimentazioari lehentasuna emanez. Diziplina artistiko ezberdinen uztartzea da esperimentazio horren oinarri nagusietako bat.

Arte plastikoei dagokionez, 2014an Oiartzunen zabaldutako “EHUNTZE sormen espazioa”ren baitan gauzatzen dugu hainbat proiektu (sormen klaseak, mikroerrezitaldiak, arte azoka, “21 aulki” arte zikloa…).

Arte eszenikoei dagokionez, performancea, interdiziplinitatea, poesia fisiko-bisuala eta site specific proiektuak izan dira nagusi gure ibilbidean.

Ordutegia: ostegunak 16:00etatik 19:00etara
Egutegia: 2021eko urriaren 14tik abenduaren 16ra
Ordu kopurua: 30 ordu
Eman izena 2021eko irailaren 15tik urriaren 8ra!! 
Izena emateko araudia
Prezioa: 65 euro. (unea)ko bazkideak 55 euro. 
Hizkuntza: Euskara.
Hautazko kreditu bat. Ziurtagiria lortzeko ikastaroa osorik egin behar da.