Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

AGIRRE BADIOLA, DOMINGO – “TXOMIN AGIRRE”

(Ondarroa, 1864 - Zumaia, 1920)
Eneko Zuloaga

Domingo Ascensión Agirre Badiola “Txomin Agirre” Ondarroan jaio zen 1864ko maiatzaren 4an. Aita arotza zuen, eta gazte-denboran hari laguntzen aritu zen harik eta hamazortzi urterekin Bilboko Mariano Ibarguengoitia artzapezpikuarenera joan zen arte. Agirreren gurasoek semearen ikasketak ordaintzeko diru askorik ez zeukaten arren, elizgizonen laguntzari esker abade-formazioa lortu zuen. Bilbon latina eta Giza Zientziak ikasi zituen lehenbizi, eta 1884an Gasteiza jo zuen Filosofia eta Teologia ikastera. Handik lau urtera apaiztu zen, 1888an.

Ezagutu zutenek gizon mantso, lasai eta apala zela esan zuten, eta batek baino gehiagok nabarmendu zuen ondarroarraren finezia eta espiritualtasun handia. Osasun ahula omen zeukan, eta horrek bizimodu lasaia bilatzera eraman zuen. Karrantzan denbora laburra egin ondoren, Zumaiako moja karmeldarren kaperau izendatu zuten; hots, lasai eta behar besteko patxadaz lan egiteko aukera eman zioten.

Euskaltzalea izanik, garaiko euskalari handiekin harremanak izan zituen, eta zenbait erakundetako kide eta laguntzaile izan zen, hala nola, Jaungoiko-Zale eta Euskal Esnalea (bertako zuzendari izan zen) elkarteak edo Euskalzale aldizkaria, Azkue zuzendari zelarik. 1918an Euskaltzaindia sortzea erabakita, erakundea handik urtebetera abiaraztearekin batera, euskaltzain oso izendatu zuten Agirre, eta berak eman zion “Ekin eta Jarrai” lema ezaguna.

Ondarroarraren literatur ekoizpenaz denaz bezainbatean, garaiko euskal aldizkari gehienetan argitaratu zituen artikuluak, poemak, testu luze-laburrak, etab. 1890ean, bestalde, Agirreren “A. Larramendiren bizitzaren berri labur” testua saritu zuten Lore Jokoetan. Egile honen literatur ekarpen nagusia, dena dela, nobelagintzaren esparruan egindakoa izan zen.

XIX. mendearen azken hamarkadetan narrazioen presentzia indartu eta handitu egin zen euskal literaturan, eta zenbait lan interesgarri eta mugarri argitaratu zen hitz-lauz. 1873an, esate baterako, Lore Jokoetan prosazko lanak aurkezteko aukera eman zen lehenengoz, 1880ko hamarkadaren erdialdean Jean Duvoisinen Baigorriko zazpi liliak (liburu gisa ez zen 1897ra arte kaleratu) narrazioak kaleratu ziren, eta beste horrenbeste gertatu zen sasoi hartan Mogelen Peru Abarca (1881, nahiz eta testua mende hasiera-hasierakoa izan), Daskonagerreren Atheka-gaitzeko oihartzunak (1870, frantses originaletik itzulitakoa), Elizanbururen Piarres Adame (1888) edo Azkuerenk Bein da betiko (1893) lanekin. Nolabait esatearren, prosazko narrazioen giro haren gailurra dugu Txomin Agirreren eleberrigintza, urte haietan jaio eta urte gutxiren buruan hil bazen ere.

1897an literatur lehiaketa deitu zuen Euskalzale aldizkariak Azkueren gidaritzapean. Bada, Txomin Agirreren Auñemendiko lorea lanak, hots, euskarazko lehenbiziko eleberritzat jotzen denak eskuratu zuen sari hura (Toledo, 1989, 84). Bizkaieraz dago idatzita, eta lehenbizi aldizkari hartan bertan kaleratu zen zatika, eta 1898an agertu zen lehenengoz liburu gisa. Hasiera bateko izenburua Riktrudis zen izen bereko santa delako lanaren ardatza, VII. mendean dago kokaturik, eleberri historikoa da, eta Patxi Salaberriren esanei jarraiki, “zor handia du hagiografia klasikoarekin, azken buruan tematikoki lehen santa euskaldunaren bizitza interesatu bat -elementu eta lekukotasun historikoen faltak berak erraztua- eskaintzen baita bertan” (2002, 222).

Batek baino gehiagok parekatu izan ditu Agirrereren lehenbiziko eleberria eta Navarro Villosladaren Amaya o los vascos en el siglo VIII obra (ik. Kortazar, 2003, 40 edo Salaberri, 2002, 221). Agirreren ibilbidean bertan ezin esan daiteke Auñamendiko loreak ondoko lanen arrakasta lortu duenik, inondik inora (XX. mendeko 60ko hamarkadan berrargitaratu zen, lehenengoz, Auñamendi bilduman bi liburukitan). Izan ere, besteak beste, sinesgarritasun-falta nabarmena dario istorioari; egileak istorioa baliatu zuen kristautasunak herri nahiz norbanakoen mailan dakartzan onuren berri emateko. Arrakastak arrakasta, ez da zalantzarik: Auñamendiko lorea izan zen hirurogei urtez euskal eleberrigintzan nagusi (bakar ez esatearren) izan zen nobela-moldearen lehenbiziko harria.

1901etik 1904ra Kresala izeneko lana kaleratu zuen Agirren Euskalerria aldizkarian, hau ere bizkaieraz, eta urte haietan argitaratutako testuak 1906an plazaratu zituen Florentino Elosuk Durangon. Molde historikoa utzita, bere garaian eta Arranondo (Ondarroa) izeneko herrian kokatu zuen istorioa ondarroar idazleak (are gehiago, maiz sartzen du bere burua istorioan nolabaiteko kontatzen duenari nolabaiteko sinesgarritasuna eman nahian). Arranondoko Angel eta Mañasiren arteko harremanak ardazten du eleberria, eta harreman horren gorabeherak baliatu zituen Agirrek tradizioko balizko bizimodu zintzoa, “abertzalea, euskaltzalea eta kristaua” Gotzon Garateren hitzei jarraiki (1985), aldarrikatzeko. Dena dela, esatekoa da Auñemendiko lorea eleberrian ageri zen karga erlijiosoa murriztu egin zuela ondarroar egileak bigarrenean.

Bestalde, Agirreren bigarren eleberria Peredaren Sotileza obrarekin parekatu izan dute, eta 1950eko hamarkadan “Kuliska” sortan berrargitaratu zuten. Iñaki Aldekoarekin bat, “Kresala (El Salitre) (1906) supuso un avance considerable en el desarrollo convencional de la novela vasca como género” (2004, 117).

Itsasoko bizimodua eta bizkaiera utzita, Oñatiko mendialdea eta gipuzkera hautatu zituen Agirrek hirugarren eleberria, Garoa, kokatzeko eta kontatzeko. 1907 eta 1912 artean zatika kaleratu zen RIEV aldizkarian, eta azken urte horretan bertan Florentino Elosuk argitaratu zuen Durangon. 1930eko hamarkadan berrargitaratu zen egileak egin ez zituen zenbait aldaketarekin. Esan bezala, Garoan itsasaldetik urrundu zen Agirre eta Joanes artzainak bizi duen baserri- edo landa-giroa du ikusgai irakurleak. Mitxelenak “la novela del caserío vasco” (1960, 156) izendatu zuten, eta zenbaiten ustez, honako hau da Agirreren obra gorena. Lirikotasunak Kresalan baino indar aski handiagoa dauka lan honetan, hizkera aldetik ere askeagoa da, baina Agirreren manikeismoa bere horretan gordetzen da. Euskaldun kristau zintzo, langile, abertzale eta euskaltzalearen irudia indarturik ageri da lan honetan, ideologiaren eta geografiaren araberako zatiketari tinko eutsi zion ondarroarrak. Jon Kortazarrek “burgesiaren aurkako egloga” deitu zion (2003, 46). Garoa Peredaren Peñas arriba lanarekin konparatu izan dute.

Hil zelarik, beste lan bat utzi zuen amaitzeke: Ni ta ni. Zenbait pasarte argitaratu ziren, gipuzkeraz daude idatzita, eta badirudi Agirrek eleberri historikora itzultzea erabaki zuela. Izan ere, kontakizuna Erdi Aroan dago kokatuta, oinaztar eta ganboatarren arteko gorabeheren artean. Aurreko hiru eleberrietan ageri den asmo didaktikoa, moralizatzailea, errepikatu egiten da laugarrenean ere, eta edozein “euskaldun on”-ek eduki beharreko ezaugarriek bere horretan diraute.

Ereduak eredu eta unean uneko arrakastak arrakasta, inor gutxik ezeztatuko du Txomin Agirreren hiru eleberri horien garrantzia euskal nobelagintzaren eta XX. mendeko literaturaren ibilbidean: “Con todo, sus novelas [Agirrerenak] constituyen un hito decisivo en la conformación de la prosa narrativa de la primera mitad de siglo (…) Garoa fue modelo y escuela de escritores” (Aldekoa, 2004, 121). Ongia eta gaizkia zalantzarik gabe bereizten dituen narratzaile orojakilea (zenbaitetan istorioan sartzen dena kontatzen duenari nolabaiteko egia-antzekotasuna emateko), pertsonaia lauak, karikaturak ia-ia, barne-gatazkarik gabeak (zintzoak beti zintzo, gaiztoak beti gaizto, zintzoak irabazle eta gaiztoak galtzaile), landa edo itsasoko ohiturazko giroa, asmo didaktiko eta moralizatzailea eta egituraketa zatikatua, narrazio-hari ahula dira Agirreren eleberrietako ezaugarri nagusiak (izan ere, istorio huts jakin bat kontatzetik harago zihoan egilearen asmoa).

Ohiturazko eleberriaren eredua hasi eta finkatu zuen ondarroarrak, eta eredu horri jarraikiz (erlijioak eta aritu ziren haren ondoko eleberrigile nagusiak (Etxeita, Azkue, Lhande, Barrenesoro, Barbier, Irazusta, Loidi, etab.) harik eta 1957an Txillardegiren Leturiaren egunkari ezkutua lanak haustura ekarri zuen arte.

BIBLIOGRAFIA

ALDEKOA, Iñaki, 2004, Historia de la literatura vasca, Erein, Donostia.

GARATE, Gotzon (2001): Euskal eleberrien kondaira. Gero-Mensajero. Bilbo.

MITXELENA, Koldo (1964): Historia de la literatura vasca. Minotauro. Madrid.

OLAZIREGI, Mari Jose, 2002, Euskal eleberriaren historia, Labayru Ikastegia & Amorebieta-Etxanoko Udala, Bilbao.

OTEGI, Karlos (1976): Pertsonaia euskal nobelagintzan. Mensajero. Bilbo.

SALABERRI, Patxi, 2002, Iraupena eta lekukotasuna. Euskal literatura idatzia 1900 arte, Elkar, Donostia.

TOLEDO, Ana, 1989, Domingo Agirre. Euskal eleberriaren sorrera, Bizkaiko Foru Aldundia, Bilbo.

TRUJILLO, Sebastian (1993): La novela costumbrista de Domingo de Aguirre, Desclée de Brower. Bilbo. 2 liburuki.

VILLASANTE, Luis, 1961, Historia de la literatura vasca, Sendo, Oñati.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus