“Educación sin propiedad” liburuaren inguruko irratsaioa

Ongi etorri Mitxoleta Libertarioen 13. saiora! Gaurko saioan, pixka bat kontatuko dizuet argitaratu ditugun liburu batzuen inguruan eta bereziki hezkuntzaren inguruko liburuari buruz.

Deskargatu

2018an, liburu bat argitaratu genuen, Volapük argitaletxearekin prestatutako laugarrena, tetralogiaren azkena. Beno, liburu bakar bat egitea pentsatzen genuen, baina lehenarekin ari ginelarik… beste hirurak idatzi beharra sentitu genuen.

Lehen liburuari “Sin poder” deitu genion, jabe-gabetzea edo “desempoderamiento” kontzeptua garatzen duena boterearen inguruko beste ikuspegi batzuekin batera. Bigarrena, “Autogestión, autonomía e interdependencia” izan zen, eta bertan autogestioa, komuna eta komunitarioa izan genituen hausnargai, esperientzia bilduma batekin batera. Bi hauek 2017an argitaratu genituen. Hirugarrena, “Autogestión cotidiana de la salud” izan zen, osasunaren eraikitze kolektiboaren inguruan. Eta laugarrenari, gaurkoan eta hurrengo zenbait saiotan irratsaio honetara ekarriko duguna, “Educación sin propiedad” deitzea bururatu zitzaigun.

Esteka honetan duzue informazio gehiago: https://www.ehu.eus/eu/web/ism/argitalpenak

Laurak lan kolektiboak dira, Javier Encina eta biok eraman genien denen koordinazioa, bigarren liburuaren kasuan Sandra Viviana Sánchezekin batera eta azken bien kasuan, Emiliano Urteagarekin.

Zertara datoz horrenbeste liburu? Ba beharbada digitala gailentzen ari den mundu honetan, analogikoaren beharra sentitu dugulako, hausnarketak, esperientziak eta sentipenak paperean ikusi beharra. Edo beharbada gaur egun eta batez ere unibertsitatearen munduan halako liburuak gutxietsiak direlako, Zientziaren mundu hiperlehiakorrean ikerketak 15 orrialdeko artikulu hiperegituratuetara mugatzeko presio izugarriaren aurrean, gauzak patxadaz, zehaztasunez, zalantzati eta aniztasunez jaso nahi genituelako, bakoitzak bere modura, bere estiloan eta bere geografiatik adierazi bezala jasotzeko.

“Educación sin propiedad”, jabetzarik gabeko hezkuntza, zer ote da? “Gurasoen pin” delako horren aurkako manifestazio batean, kartel hori ikusi nuen: “Tus hijos no son de tu propiedad”. Pena ematen dit lelo hau ultraeskuindarrek bultzatuta azaldu izana, baina debate honetan tranpa handi bat dago: zure seme-alabak ez dira zure ondasun pribatu bat, baina zure ikasleak ere ez. Ezker aldetik gurasoen pin horri egindako kritikek ideia tranpati bat dute: ematen du Eskolak gizateria salbatuko duela, eta horrek ezkutuan gordetzen du Eskolak adoktrinamendu jarraikorra eta egiturazkoa egiten duela, Estatuak ezarritako legeak aplikatzen dituenean.

https://www.ehu.eus/eu/web/ism/educacion-sin-propiedad

Zorionez, beti dago jendea legeetatik eskapu egiten duena, nola edo hala. Baina haur eta gazteak eskolaren egituraren barruan eta irakasleen agindupean (agindu horiek zorrotzagoak edo goxoagoak izanda ere) horrenbeste orduz eta horrenbeste urtez egotera derrigortzen duen sistema bat ez da sanoa, hezkuntza legea “oso ona”-edo izanda ere. Gauza bat da hezkuntzarako eskubidea eta beste bat, oso-oso bestelakoa, derrigorrezko eskola.

Jabetzarik gabeko hezkuntzaren inguruan hausnartzeko, eztabaidatzeko eta, jakina, lanean jarraitzeko asmotan, liburu honetan hainbat jenderen lanak bildu ditugu Sevillako Javier Encina, Mexiko Hiriko Emiliano Urteaga eta nik neuk, geure artikuluekin batera modu eraikitzailean lan egiteko. Badirudi orain puri-purian dagoela hezkuntza eta eskola kritikatzea, zer dagoen gaizki adieraztea, baina ez da horrenbeste lantzen zer eraiki nahi dugun. Gehienez ere, teknikak, metodologiak edo tresnak proposatzen dira, baina asko eta askotan ez da aipatu ere egiten zertarako diren berrikuntzako elementu horiek guztiak. Badirudi ez dela zalantzan jartzen hezkuntzaren helburua, eta hezkuntzaz mintzatzean eskolaren ideia nagusitzen da, hezteko bestelako espazio eta denborak kontuan hartu gabe.

Ba, hain zuzen ere, liburu honetan horri buelta eman nahi izan diogu, askotariko proposamenak, hausnarketak, bizipenak eta esperientziak bilduz, beti jabetzarik gabeko hezkuntzarantz eraman gaitzaketenak. Hezkuntza neoliberala edo kontserbadorea erakitzen dutenek leku luze-zabala dute komunikabideetan, artikulu akademiko-zientifikoetan, sare sozialetan… zein ideologia duten ezkutatuz ia beti, gainera, eta horiek argi dute jabetza pribatua dela garrantzitsuena, objektuen eta bizidunen gaineko jabetzaren pribatizazioa eta gizartearen kontrola. Gure liburuan, aldiz, ikuspegi sozialdemokrata erradikalak, ikuspegi komunistak, ikuspegi anarkistak eta ikuspegi herrikoiak bildu nahi izan ditugu.

Besterik gabe, aurkezpen hau amaitzeko, liburuko artikuluen hainbat zertzelada emango ditut.

“EDUCACIÓN SIN PROPIEDAD. Con escuela y sin escuela, nunca nos dejan hacer lo que queremos, y el Poder es su ley” liburua egiteko, beste liburuekin egin dugun modura, materialak biltzen eta idazten aritu gara, egin ditugun eta gustatu zaizkigun gauzak jasotzen eta jendearekin eztabaidatzen; funtsean, Iberiar Penintsulan, Kanarietan, Ameriketan… topatu dugun jendearekin kolektiboki eraikitzen.

Esan digute oso izenburu bitxia, xelebrea hautatu dugula liburu honetarako, ez bakarrik abestiaren erreferentziagatik, jabetzari erreferentzia egiteagatik ere bai. Halako iruzkinek berriz ere adierazten dute noraino gauzkan Jabetzak harrapatuta, “neurea” defendatzeko obsesioa, edozer eta edonor “neureganatzeko” desira, bizitzako eremu guztietan, hezkuntzan ere bai. Berez, guk uste dugu ezin dela eratu gizartea eraldatuko duen inolako hezkuntzarik ez bazaio Jabetzaren gaiari benetan heltzen. Beste pertsona batzuen bizitza kontrolatzeko eta kontrolaturik bizitzeko joera hori apurtu behar dugu, eta horretarako modu asko dago, ahots asko, kantuan…

Liburuan zehar, askotariko ikuspegiak eskaintzen dira, disentsuan lan egiten lagunduko digutenak. Zenbait testuk beste testu batzuen kokapen antagonikoa badute ere, liburu honetan elkartu eta solasean jarri dira eta zeharka irakurriz, egileek eurek irudikatuko ez lituzketen sinpatia eta enpatia ugari topatzen dira, identitatetik identifikazioetaranzko bidea eraikitzen doazenak.

Hezkuntzaren inguruko debate bat proposatzen da, ikuspegi antiautoritariotik abiatuz. Egile eta esperientzia desberdinetan honako kontzeptuak mahaigaineratzen dira: deseskolatzea, gizartearen ezagutza, jakintza komunitarioak, pedagogia libertarioa, hezkuntza alternatiboaren industriaren kritikak, irakaskuntza publikoan autogestiorako dauden aukerak, hezkuntza herrikoia, hezkuntza librea, autoikaskuntza, amen ahotsa, transmisio herrikoi eta belaunaldiartekoa, helduen bioboterea, maila sozialak eta pedagogiak, eskola zentrifugoak, kirola eta hezkuntza, eta abar.

Antonio Vidal, Isabel Escudero, Agustín García Calvo, Pedro García Olivo, Paco Cuevas, Julia Varela eta Fernando Álvarez Uria, Jesús García Blanca, Adrián Soto, Jorge Ruiz Morales eta Estefanía Teban, Patricia Botero eta Maestros Educación desde la Diversidad taldea, Noelia Cámeron eta Antonio Delgado, Ani Pérez Rueda, Braulio Hornedo, Raúl Zibechi, Eloy Altuve, Jesús Martín-Barbero, Hans Magnus Enzensberger, Sandra Viviana Sánchez, Siu Lay-Lisboa eta Manuel Montañés eta amen taldearekin batera (Itziar, Carmen, Vane, Patri, Estefanía, Mª Ángeles, Ainhoa), Mexikoko UACM unibertsitateko EDCO taldeko kideek (Emiliano Urteaga, Sinaí Rivera, Emilia Negrette, Adrián Morales, Julieta Santos) eta UNILCO-espacio nómadako kideok (Javier Encina, Ainhoa Ezeiza, Carmen Pérez Araujo, Mª Ángeles Ávila, Ángel Rodríguez, Rubén Montaño…) idatzitako testuak ditugu.

Irratsaioko fitxan utzi dizkizuet liburuaren aurkibidea, ataria edo sarrera eta liburuaren azal osoa. Liburua dagoeneko salgai dago, 18 eurotan, eta zure liburu-dendan eska dezakezu edo argitaletxera idatziz: volapukediciones@gmail.com edo geuri eskatuz: ilusionistasozialak@gmail.com Horrez gain, nahi izanez gero, gurekin jar zaitezkete harremanetan, liburuari buruzko aurkezpen-tailer-debateren bat antolatzeko.

Irratsaio hau Alegría Libertaria irrati librearen parte da ( https://www.ivoox.com/escuchar-radio-alegria-libertaria_nq_450479_1.html ).

KREDITUAK
Liburua: Javier Encina, Ainhoa Ezeiza eta Emiliano Urteaga (koord.) (2018). Educación sin propiedad (455-458). Guadalajara: Volapük. https://drive.google.com/open?id=1e3bzd1z3I4h6v9l9mkg_B-B0sBL1EdjM

Sintonia: Mitxoleta – Eneritz Furyak (Eneritz Furyak, 2017)
https://youtu.be/z-l61G-8-oY

Blokeen arteko musika:
“Jon Braun” – Makala Jazz Funk Band (Bakarrik eta libre, Imanol Urbietari omenaldia, 2013)
https://youtu.be/auihZ4WnN_o

“Sorginak” – La Basu (Gerra, 2019)
https://youtu.be/mgBXx55P1i4

CC-by-sa-nc lizentziapeko programa, musika izan ezik. Hezkuntza helburua duen erabilera.

Comments are closed.