euskaraespañol

UPV/EHUren Arabako campusak 2015ko Unibertsitate Orientaziorako azoka burutuko du

Unibertsitate-aurreko ikasleei ikasketen aukeraketan laguntzea du helburua

First publication date: 26/01/2015

Image

Larunbatean, urtarrilak 31, 9:00etatik 14:00etara, UPV/EHUren Arabako Campuseko Farmazia fakultatean (Unibertsitatearen ibilbidea, 7. Vitoria/Gasteiz), UPV/EHUk urtero egiten duen Unibertsitate Orientaziorako azoka egingo du. Unibertsitate Orientaziorako Azoka unibertsitate-aurreko ikasleentzat, haien gurasoentzat eta bigarren hezkuntzako irakasleentzat prestatzen da, baina edozein pertsonak bisita dezake. Helburua da unibertsitate aurreko ikasleen dudak argitzea eta unibertsitate ikasketen aukeran laguntzea.

Azokan, UPV/EHUko irakasleek, ikastegien standetan, UPV/EHUren gradu guztien gainean informazio zehatza emango diete ikasleei, modu pertsonalizatuan. Halaber, unibertsitateko zenbait zerbitzutako langileek informazioa emango diete ikasleei unibertsitatera sartzeko bideen, mugikortasun-programen, graduondokoen, tasa nahiz beken, unibertsitateko ostatu nahiz garraioaren, kirol-jardueren, unibertsitate-orientazioaren eta abarren gainean ere. Bestalde, informazio-saio kolektiboak ere antolatzen dira. Horietariko bat izango da 10.30etan, Farmazia fakultateko 1.4 ikasgelan, unibertsitatera sartzearen inguruko informazio-saioa (elebiduna).

UPV/EHUren Unibertsitate Orientaziorako Azokak hiru campusetan egiten dira; ondoz ondoko hiru larunbatetan. Gipuzkoako Campusean ospatu ostean, Arabako Campusean ospatuko dira, urtarrilaren 31ean, Farmazia Fakultatean, eta azkenik Bizkaiko Campusean egingo da, otsailaren 7ean, Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatean (Sarriko).

UPV/EHUk urtero garatzen du Unibertsitatera Sartzeko Programa, unibertsitate-aurreko ikasleek ahalik eta informazio gehien izan dezaten ikasketak hautatu aurretik, eta Unibertsitate Orientaziorako Azokak programa horren baitan kokatuta daude, haren bigarren fasean. Lehen fasean, unibertsitate-aurreko ikasleei interesatzen zaizkien graduei buruzko Jarduera Praktikoak burutu ziren. Eta, programari amaiera emateko, Ate Irekien Jardunaldiak egingo dira, martxoan. Horietan parte hartzeko, urtarrilaren 30etik aurrera, bigarren hezkuntzako eta lanbide-heziketako beren ikastetxeetan eman beharko dute izena ikasleek edo unibertsitateko web gunean: https://www.ehu.eus/eu/sou/jardunaldi-irekiak.