euskaraespañol

Jennifer Huidobrok ‘Abraham Zacut’ saria jaso du NASAri lagundu dion doktorego tesi batengatik

Ilargiko eta Marteko materialak aztertu ditu lanean, espazioko misioei laguntza zientifikoa emateko

  • News

First publication date: 07/05/2024

Image
Jennifer HUidobro Zientzia eta Teknologia Fakultateko bere bulegoan. | Photo: Laura López. UPV/EHUko Komunikazio Bulegoa.

Jennifer Huidobrok, UPV/EHUko IBeA ikertaldeko ikertzaileak, Abraham Zacut saria jaso du Iberiar Penintsulako doktorego tesi onenarengatik, espazioaren esplorazioari egindako ekarpen zientifikoa dela eta. Bere tesiak, “Exploring Martian and Lunar Geochemistry through the study of meteorites, analogs, laboratory simulation, and mission data analysis” izenekoak, NASAren Mars2020 misioaren SuperCam tresnari lagundu dio.

Aurtengoa izan da Abraham Zacut sariketaren lehenengo edizioa. Europlanet Societyko nodo iberiarrak (Espainia eta Portugal) ematen ditu aipatutako sariak. Hain zuzen ere, Europako komunitate zientifikoan planeten gaineko ikerketari laguntzea eta hura sustatzea eta espazioko teknologia garatzea dira Europlanet Societyren helburu nagusiak. 

Saritutako ikerketak laguntza eman dio NASAren Mars2020 misioko SuperCam tresnari. Tresna honek Marteko arrokak eta lurzoruak aztertzen ditu kamera baten, bi laserren eta lau espektrometroren bidez, planetaren mineral-egitura eta elementu kimikoak aztertzeko edo bizitzarekin harremanen bat izan lezaketen organismoak detektatzeko helburuz.

“Doktorego tesia Ilargiko eta Marteko materialen azterketa geokimikoan zentratzen da, adibidez, meteoritoen eta Lurreko analogoen (Ilargiko eta/edo Marteko ezaugarrien antzekoak dituzten materialak Lurrean) azterketan. Horrez gain, simulazioak egin ditut laborategian, egungo eta etorkizuneko espazioko misioei laguntza zientifikoa emateko. Halaber, mineral hidratatuak topatu dira Marteko Jezero kraterrean, hortaz, baieztatu daiteke ura dagoela alboko planetako mineralen egitura kristalinoen barruan” laburtu du Jennifer Huidobrok.

Halaber, Huidobroren ikerketak sostengua emango die etorkizuneko beste misio batzuei, hala nola Europako Espazio Agentziaren (ESA) Rosalind Franklin misioari eta Esplorazio Aeroespazialerako Japoniako Agentziaren (JAXA) Martian Moons eXprolation misioari.

IBeA-ri buruz

IBeA Ikertaldea (Ikerkuntza eta Berrikuntza Analitikoa) espazioko hainbat misioren parte da, hala nola NASAren Mars2020 misioaren parte (zehazki, SuperCam neurketa instrumentuaren parte) eta ESAren Rosalind Franklin misioaren parte. Gainera, SIGUE-Mars sareko kidea da; Espainiako lantaldea da hori, Marteren eta zeruko beste gorputz batzuen azterketa geokimikoa egiten duena, eta espazioa arakatzeko tresneria garatzen duena.

Jennifer Huidobrori buruz

Jennifer Huidobro Martin Villarcayon (Burgos) jaio zen eta UPV/EHUn hasi zuen ibilbide akademikoa. Kimikako Gradua eta “Paisaiaren Kudeaketa. Ondarea, Lurraldea eta Hiria” masterra ikasi zituen bertan. Ikertzaile gisa jarraitu zuen UPV/EHUn, Juan Manuel Madariaga Mota katedradunak eta Julene Aramendia Gutierrez ikertzaileak gainbegiratuta, Eusko Jaurlaritzaren doktorego aurreko bekaren laguntzarekin. Nevadako Unibertsitatean, Las Vegasen, egin zuen ikerketa egonaldia eta, 2023ko maiatzean, doktore titulua lortu zuen Cum Laude notarekin eta nazioarteko merituarekin, “Exploring Martian and Lunar geochemistry through the study of meteorites, analogs, simulation work, and analysis of mission data” tesia aurkeztuta. Une honetan doktorego ondorengo ikertzailea da UPV/EHUn, Kimika Analitikoa Sailean eta IBeA ikertaldean, Eusko Jaurlaritzaren IKUR plan estrategikoaren barruan.