euskaraespañol

Espainiako Kimikako Errege Elkarteak Urrezko Domina esleitu dio Jesús Jiménez Barberori

UPV/EHUren Zientzia eta Teknologia Fakultateko Kimika Organikoa Saileko irakasleak bere ibilbide zientifikoagatik jaso du saria

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/11/16

Irudia
Jesús Jiménez Barbero (erdian) UPV/EHUren Zientzia eta Teknologia Fakultateko Kimika Organikoa Saileko irakasle bisitaria

Espainiako Kimikako Errege Elkarteak (RSEQk) Jesús Jiménez Barbero CIC bioGUNEko zuzendari zientifiko eta UPV/EHUren Zientzia eta Teknologia Fakultateko Kimika Organikoa Saileko irakasleari aitorpena egin dio, erakunde horren Urrezko Domina esleituz, erakunde horrek urtero ematen duen sari garrantzitsuena. Espainiako kimikako ikertzaileak ordezkatzen dituen erakundeak haren ibilbide zientifikoa saritu du era horretan.

Jesús Jiménez Barbero CIC bioGUNEko zuzendari zientifikoa da, eta Ikerbasqueko ikerketa irakaslea 2014ko azarotik. Gainera, UPV/EHUren Zientzia eta Teknologia Fakultateko Kimika Organikoa Saileko irakasle bisitaria da. Jiménez Barberoren ikerketa arloko ibilbidea diziplinarteko planteamendu bati lotzen zaio; izan ere, sintesi organiko, biofisika, biokimika eta biologia molekularreko metodoak integratzen ditu eta, oso bereziki, Erresonantzia Magnetiko Nuklearreko espektroskopia teknikak, karbono hidratoek esku hartzen duten molekulen identifikazio fenomenoak aztertzeko. Karbono hidratoak batez ere biomedikuntzako intereseko prozesuei lotuta daude, bereziki infekzio, hantura eta minbiziarekin erlazionatutakoei. Hain zuzen, Europako Ikerketa Kontseiluak (ERCk) laguntza itzaltsuenetako bat esleitu dio aurten, Advanced Grant bat, arlo horiek iker ditzan.

Ibilbidea

Jiménez Barberok Madrilgo Unibertsitate Autonomoan eskuratu zuen bere doktoregoa 1987an, eta doktorego ondoko egonaldiak egin zituen Züricheko Unibertsitatean (Suitzan), Mill Hillgo National Institute for Medical Researchen (Erresuma Batuan) eta Pittsburgheko Carnegie Mellon Unibertsitatean (AEBn) 1988tik 1992ra. 1996an, CSICeko Kimika Organikoko Institutuko senior ikertzaile zientifikoa izendatu zuten eta, 2002an, Ikerketa Biologikoen Zentrora lekualdatu zen (CIB-CSIC) CSICeko Ikerketa Irakasle gisa; bertan, Biologia Kimiko-fisikoa Saila zuzendu zuen 2009tik CIC bioGUNEra heldu zen arte. 500 ikerketa artikulutik gora argitaratu ditu gaurdaino, baita 6 patente eta 25 Doktorego Tesitik gora zuzendu ere.

RSEQko presidentea izan da aurtengo urtarril arte, eta beste aitorpen zientifiko batzuk ere eskuratu ditu estatuan zein nazioartean, adibidez, Janssen Cilag Saria (2004), RSEQko Erresonantzia Magnetikoko Taldearen Bruker Saria (2008), Carbohydrate Chemistryko International Whistler Award (2010), eta Hungariako Kimika Elkartearen Winkler-Gamboa. Europako Zientzien Akademiako kide eta ChemPubSoc Fellow aukeratu dute.