euskaraespañol

ehualumni jaio da, UPV/EHUn ikasi dutenen sarea

Proiektua datorren ostegunean aurkeztuko zaio gizarteari Bizkaia Aretoan

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2016/04/08

Irudia

Datorren ostegunean, UPV/EHUk sortu berri duen ehualumni ikasle ohien sareak ibiltzeari ekingo dio. Proiektu horrek batu nahi ditu gure geletan ikasi duten 300.000 pertsona baino gehiago, eta beren lotura UPV/EHUrekin bultzatu.

Bizkaia Aretoan (Abandoibarra, 3. Bilbo) izango da, Iñigo Lamarca buru duen ehualumni proiektuaren aurkezpena, hain zuzen, Mitxelena Aretoan eta arratsaldeko 18:00etan. Aurkezpenera joan nahi baduzu, baieztatu joatea.

Hantxe dute hitzordua UPV/EHUko geletatik ateratako pertsona guztiek. Programaren protagonistak, hasieratik amaierara arte, ikasle ohiak izango dira. Sorpresaz beteriko ekitaldia bukatu ondoren, koktel bat eskainiko da, eta berau momentu egokia izango da berriz elkartzeko eta oroitzapenez hitz egiteko, baita unibertsitate publiko, konprometitu eta euskaldun baten parte izateagatik harro diren pertsonekin harreman berriak hasteko ere.

UPV/EHUko tituludun gizon eta emakume horiek erreferentzia sozial, ekonomiko, politiko eta kultural dira, hemen eta munduan. Esperientzia eta ezagutza gizarteari ematen dizkiote; eta, gainera, datozen belaunaldientzat aitzindariak dira. Horregatik —pertsonak gure balioa direlako—, ikasle ohien sare hau sortu da, titulatu direnei eta ikasketetako azken mailan daudenei begira.

Harreman pertsonal, sozial eta profesionalak sustatzeaz gain, ehualumni sareak ikasle ohien esku hainbat zerbitzu jarriko ditu, enpleguarekin, ekintzailetzarekin, hezkuntzarekin eta aisialdiarekin lotuak. Ostegunetik aurrera, Mentoring, Enbaxadorea, Cicerone eta Prestakuntza Eskola programak sakonago ezagutuko ditugu.