euskaraespañol

Nekane Balluerka Lasa

Eztabaida publikoan parte hartzea eta unibertsitateko ikerketa dibulgatzea

UPV/EHUko errektorea

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2017/11/10

Irudia

2015eko abenduan, UPV/EHUren aldizkari ofizialak, Campusak, etapa berri bat hasi zuen formatu digitalean. Gaur, bi urte betetzera doanean, haren asteko newsletter-a ehungarren bidalketara iritsi da. Garrantzitsua da, nire iritziz, hori azpimarratzea, baina baita proiektua gidatu duten helburu nagusiak ere: iritzia sortzea eta ikerketa emaitzak dibulgatzea.

Iritziaren sorrera Cathedra ataletik igarotzen da. Kontua ez da, noski, eginkizun horretaz jabetzea, unibertsitateko kide asko baitira, izan ere, egunero jarrera aktibo bat hartzen dutenak eztabaida publikoetan, era askotako plataformetan, non iritziak eta ikuspuntuak ematen dituzten era guztietako arlotan. Unibertsitatea da ingurune, esklusiboa ez, baina bai egokiena, iritzia sortzeko eta gizarte demokratiko batean ematen diren eztabaidetan parte hartzeko, beste eragile politiko, sozial eta kultural batzuekin batera.

Denbora honetan guztian Cathedratik igaro diren akademikoek (ikasleak eta profesionalak ere) gaurkotasunez beteriko gaiak landu izan dituzte, betiere beren espezialitateen ezagutza sendoak oinarri hartuta. Sinaduren zerrenda zabal eta prestigiodun bat eratu da, gizarte eta ideologia sentsibilitate ugari ere biltzen dituena.

Bestalde, gure erkidegoko bi hizkuntza ofizialeei arreta berezia eskaini badiegu ere, artikulu batzuk ingelesez eta alemanez argitaratu izan dira. Zentzu horretan, gure nahia da Campusa askotariko kulturei irekita dagoen eta, aldi berean, gure erroei eusten dien unibertsitate baten adierazpena izatea.

Iritziaren sorrera bultzatu dugu, baina ahaleginak egin ditugu ere Campusa Euskal Herriko Unibertsitatean egindako ikerketaren erakusleihoa izan dadin. Badakigu, jakina, horrelako ezaugarriak dituen argitalpen batek unibertsitate ikerketa andanaren zati txiki bat bakarrik jaso dezakeela; edonola ere, ikerketa zientifikoa hedabide ez-espezializatuetan zabaltzeak helburu bat dauka, emaitzen komunikazioari gehitzen zaiona: zientziak gizartean duen garrantzia errotzeko modu eraginkor izatea. Hau da, gizarte aurreratuago, kritikoago eta askeago bat indartzeko zientziaren garrantzia erakustea.

Nekez maitatzen dugu ezagutzen ez duguna. Eta zientzia maitatzekotan ere, ezagutu egin behar da. Zientzia eta teknologia gure gizartean lortu dugun ongizate mailaren arduradunak dira, baina ez hori bakarrik: garapen teknikoarekin batera, zientziaren difusioak muga mentalak suntsitzen edo lausotzen ditu, norberaren iritziak sendotzen laguntzen du, eta eztabaida publikoetan irmotasun handiagoz parte hartzeko tresnak ematen ditu.

Horrenbestez, harreman onuragarri bat topa dezakegu Campusa digitalaren bi jarduera nagusien artean: zientziaren difusioak iritziak hobeto errotzeko aukera ematen du, eta iritzi berrien sorrerak ikasteko eta ikertzeko nahia pizten du.

Orain, eskerrak eman nahi dizkiet gure erakundearekin duten konpromisoaren bidez proiektu honetan parte hartu duten UPV/EHUko pertsona guzti-guztiei. Eskerrak ikertaldeei, beren lana zabaltzeko Komunikazio Bulegoaren eginkizuna erraztu dutelako, eta eskerrak ere, Cathedran eskaini diegun tribunatik, erabateko eskuzabaltasunez, beren iritzia eman duten pertsona guztiei.

100 dira, jada, Campusa digitalaren aleak, astero newsletter moduan bidalitakoak. Seguru nago etorkizunean askoz gehiago etorriko direla, UPV/EHUn atsedenik gabe garatzen ari den gogoetaren eta ikerketaren berri ematen jarraitzeko.

 

Argazkiak: Tere Ormazabal. UPV/EHU.