euskaraespañol

Unamuno, Sarrikon ere bai

  • Photocampus

Lehenengo argitaratze data: 2021/10/20

Irudia

NON: Ekonomia eta Enpresa Fakultatea. Sarriko (Bizkaiko Campusa). NOIZ: 2021eko urriaren 15a. NORK: Mitxi. Komunikazio Bulegoa. UPV/EHU, Begoña López Iturriagaren iradokizunez.

 

Irailaren 29an Miguel de Unamunoren jaiotzaren 157. urteurrena ospatu genuen. Atal honetan, unibertsitateak intelektualari Leioa-Erandio inguruko Liburutegi Nagusiaren ondoan eraikitako bustoaren irudi bat argitaratu genuen.

Baina ez da unibertsitateak bilbotar ospetsuari egin dion aitorpen bakarra. Bagenekien 98ko belaunaldiko idazleak parke bat duela bere izenean Gipuzkoako Campusean, eta ikastetxe nagusiak ere bere izeana daramala. Orain, Begoña López Iturriaga lankideak gogorarazi digu Bilboko Ekonomia eta Enpresa Fakultateak ere haren omenezko hilarri bat jarri zuela zentroko lorategietan.

Hilarria lorategi-gunean dago, ikasgela-gunea alboko parkearen eraikin nagusitik bereizten duen eremuan, eta haren jaiotzaren mendeurrena ospatzeko ezarri zen, 1964an, Bizkaiko Foru Aldundiak eskatuta.

Bertan, bere hilarrian, Salamancako San Carlos Borromeo hilerrian, dagoen epitafio berak dio: «Méteme, Padre Eterno, en tu pecho, misterioso hogar, dormiré allí, pues vengo deshecho del duro bregar». Salmo III olerkiari dagokion testua.

Begoñak jakinarazi digu fakultateak zaharberritzeko asmoa duela, hobeto kontserbatzeko. Horren berri emango dizuegu.

 

Saileko argazki guztiak Photocampusen.

Zuk egindako irudi bat argitaratzea nahi duzu atal honetan? Bidal iezaguzu, mesedez, helbide honetara: campusa@ehu.eus