Breadcrumb

Asset Publisher

Antibiotikoak zuhurtziaz erabiltzeko Europako eguna

Antibiotikoek eragin handia izan dute medikuntzan; izan ere, gaixotasun infekziosoek eragindako hilkortasuna nabarmen murrizteko giltzarriak izateaz gain, beste prozedura mediko batzuk garatzeko giltzarriak izan dira, hala nola kirurgiak, transplanteak, minbiziaren aurkako tratamenduak eta abar. Osasunaren Mundu Erakundearen ustez, antibiotikoekiko erresistentzia osasun globalarentzako 10 mehatxuetako bat da. Kalkuluen arabera, horrela jarraituz gero, 2050. urtean pertsona gehiago hilko dira arrazoi horregatik minbiziagatik baino. Gainera, osasun-sistementzako aparteko gastua da, eta haren eragin ekonomikoa mehatxu bat da munduko ekonomiarentzat.

Antibiotikoen erabilera desegokia gizakion osasunean arazo honen arrazoi nagusietako bat da; baina abeltzaintzan eta nekazaritzan gehiegizko erabilerak ere erresistente diren anduiak ugaritu ditu, eta horiek ingurumenean zabaltzen ari dira, arazoa era esponentzialean handituz. Gizakien osasunaren, animalien osasunaren eta ingurumenaren arteko lotura argi eta garbi frogatuta dago, eta horregatik, erresistentziaren aurkako jarduna eta kontrola diziplina anitzetatik egin behar da, One Health ikuspegiaren baitan.

Antibiotikoekiko erresistentziaren errealitateaz kontzientziatu eta unibertsitate-komunitatea aldaketaren motor gisa inplikatzeko, UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateak, Antibiotikoen Erresistentziaren aurkako Plan Nazionalarekin sinatutako hitzarmen ofizialaren bidez, “Corre sin resistencias” kanpainan parte hartuko du. Horretarako, azaroaren 18an fakultateko egoitzako hall-ean (aireportua), Leioan, stand bat jarri da, 10:30etatik 12:00arte . Han antibiotikoen erresistentzia nola sortzen den, nola laguntzen duen infekzio multierresistenteak sortzen dituzten superbakterioak garatzen, eta arazo honi aurre egiteko zuk zeuk zer egin dezakezun azaltzen duen informazioa zabaldu da.

Gaur ezin izan baduzu parte hartu, oraindik aukera daukazu Vitoria-Gasteizen azaroaren 23an Unibertsitateko PRAN lasterketaren edizio berrian korrika egiteko, goizeko 10:30etan hasiko da Farmazia Fakultatearen atzealdean. Lasterketa bukatzean, denak elkartu, eta, musikaz eta dantzaz lagunduta, talde argazkia aterako da.

Konponbidea ere zure esku dago. Zuk zerbait eman dezakezu! Egin dezagun antibiotikoek funtzionatzen jarrai dezaten.

----------------------------------------------------------

@PRANgob #CorreSinResistencias #EAAD #WAAW2025 #ResistenciaAntibióticos