euskaraespañol

Eguneko irudia

Gure txokoak: Irratiaren taupada

  • Photocampus

Lehenengo argitaratze data: 2023/01/11

Irudia
Irati Agirreazkuenaga, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko irrati estudioetako batean. | Argazkia: Unai Zorriketa. Komunikazio Bulegoa UPV/EHU.

Lurralde hotzak bihurtu zaizkigu Euskal Herriko hainbat txoko azkeneko asteetan. Nire txoko honek, aldiz, gozotasunez hartzen nau astero, bertan zabaltzen diren hitz eta soinuetatik argazki xeheak eraikitzen laguntzen didan aldiro.  

Ilunpetan sartzen naiz gehienetan; Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko irrati estudioek berezko argia dute. Bi espaziotan banatuta ageri da: kontrol gela –estetika– eta estudioa –etika–. Argi urdin eta gorrixka biribil ñimiñoak tartekatzen dira kontrol gelako dorre eta audio-mahaian, eta ordenagailuko pantailak, distira berde angeluzuzena dakar kanpoko ahots eta soinuetatik isolatutako espaziora; kanpoan hotz da, izadi hila, hemen gure iraultza txikietan murgilduta bizi gara.  

Audio-mahaian eserita, aurrez aurre dudan beiratetik harago behatu dezaket estudioan ematen den hitzen dantza-festa; lau mikrofono eta euren ondoan esataria noiz etorriko zain dauden entzungailu erraldoiak. Fakultatean irrati laborategi edo Audiolab bezala ezagunak diren gune honetara datoz ikasleak. Lehenengo aldiz sartzen direnean, lotsati, zalantzati begiratzen diote inguruari. Materiala ukitu eta probatzera ausartzen direnean, orduan bai, batzuk estudioan, mikro aurrean, topatzen dute euren tokia, emeki; beste batzuk, kontrol mahaian geratzen dira, kideen ahots eta soinuak modulatzen.  

Hemen egiten dute topo etorkizuneko kazetariek eta hainbat irakaslek; uhinetan zehar noizbait zabalduko dituzten istorioak gorpuzten dituzte, errealak eta fikziozkoak.  

Argi gorria piztu da. Isiltasuna. Airean gaude.  

Leku hori aukeratu du Irati Agirreazkuenagak, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko Kazetaritza Saileko irakasleak. Bera da aurreko lerroen egilea ere. 

 

Nola iritsi: 43°19'52.2"N 2°58'00.8"W