euskaraespañol

Eguneko irudia

UPV/EHUk 40 plaza gehiago eskainiko ditu Medikuntzan eta mantendu egingo ditu gainerako graduetako plaza mugak

Lehenengo argitaratze data: 2017/04/07

Irudia
UPV/EHUk 8.634 plaza eskainiko ditu guztira 2017/2018 ikasturtean

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak onartu egin ditu, gaur Gobernu Kontseiluak Bizkaia Aretoan egindako bileran, 2017/2018 ikasturteko graduko titulazioetako plaza mugak. Plaza kopuruak berdin mantentzen dira gradu guztietan, Medikuntzan izan ezik, titulazio horretan muga igo egin baita 270 plazatik 310era.

UPV/EHUk 8.634 plaza eskainiko ditu guztira 2017/2018 ikasturtean emango diren graduko 86 titulazioetan –2016/2017 ikasturtean plazen %96 bete da–. Plaza horiei, baina, beste 230 plaza gehitu behar zaizkie, UPV/EHUko ikastegi atxikietan eskainitakoak, hain zuzen ere (Gasteizko Erizaintzako Unibertsitate Eskolan, Bilboko Merkataritza Ganberako Unibertsitate Eskolan eta Elgoibarko Makina Erremintaren Institutuan).

Unibertsitateko masterrei dagokienez, 106 titulu eskainiko dira, jakintza arlo guztietakoak, eta guztira 3.673 plaza egongo dira. Unibertsitateko masterretan izena emateko epea aste honetan bertan ireki da eta maiatzaren 31n itxiko da.

Araceli Garin Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko errektoreordearen iritziz, 2017/2018 ikasturtean eskainiko diren graduko eta graduondoko ikasketetarako plaza mugak oso adostasun handiz onartu dira eta Medikuntzako Graduan kontuan hartzeko igoera egon da (40 plaza). Gogoan izan behar da titulazio horren inguruan gizarte eskaera garrantzitsua egon izan dela, eta espezialista gehiago prestatzeko premia ere badagoela ( 316 BAME plaza egon ziren euskal ospitale publikoetan 2016an), eta horiei erantzun behar zitzaiela egun unibertsitateak duen irakats ahalmena kontuan hartuta. Halaber, 45 plaza onartu dira datorren urtean eskainiko den Automobilgintzaren Ingeniaritzako Gradurako, eta titulazio honek gizartean izan duen harrera arrakastatsua izan da erabat, izan ere, izen emateen kopuruak eskaintza hirukoiztu egin baitu. Azkenik, graduondokoei dagokienez, 100 masterretik gora eskaini dira, eta horien artean nabarmentzekoa da "Hizkuntzalaritza Teoriko eta Esperimentala" master berria.

Honoris causa doktoreak

Bestalde, Gobernu Kontseiluak hiru honoris kausa doktore berri izendatzea onartu du: Albert Fert, Manuel Yáñez Montero eta Sonia Livingstone.

Albert Fert fisikari frantziarra Paris-Sud Unibertsitateko irakaslea eta Unité Mixte de Physique CNRS-Thales (Orsay) laborategiko zuzendari zientifikoa da, eta Fisikako Nobel Saria jaso zuen 2007an erregistro magnetikoei lotutako gailuan iraultza ekarri zuen magnetoerresistentzia erraldoiaren efektua (GMR) aurkitzeagatik. Izatez, magnetoerresistentzia erraldoiari buruz argitaratu zuen lehenengo artikulu zientifikoak (1998an Physical Review Letters aldizkarian argitaratutakoak) 6.000 aipamenetik gora ditu gaur egun. UPV/EHUko komunitate zientifikoarekin lankidetzan dihardu 2007a baino lehenagotik, bereziki, Gipuzkoako Campuseko Magnetismo Taldearekin eta Donostia International Physics Centerrekin (DIPC), eta unibertsitateak antolatutako hainbat ekitalditan parte hartu du.

Bestalde, Manuel Yáñez Montero Madrilgo Unibertsitate Autonomoko Kimika Fisikoko katedraduna da. Bere jarduera akademikoak kimika fisikoaren eta kimika orokorraren alor guztia hartzen du. Batez ere, aipatzekoa da 1999an ezarritako Kimika Teorikoaren eta Konputazionalaren unibertsitate arteko doktoregoaren sortzaileetako bat izan zela. Doktorego horrek Kalitate Aipamena lortu zuen, eta estatuko 20 unibertsitate bildu zituen. Hartara agerian geratu zen prestakuntzaren arloan kimikari teorikoa dinamizatzeko zeukan gaitasun aparta. Ikerketa jarduerari dagokionez, estatuko kimikari konputazional gonbidatu bakarra da Encyclopedia of Computational Chemistry-n eta Encyclopedia of Mass Spectrometry-n. Hainbat argitalpen zientifiko ditu, 450 baino gehiago, eta Computational and Theoretical Chemistry aldizkariaren editorea da, arloko aldizkaririk garrantzitsuenetako batekoa, hain zuzen.

Azkenik, Sonia Livingstone, Oxfordeko Unibertsitateko Psikologiako doktorea, London School of Economics and Political Science-ko Media and Communications saileko katedraduna da. Ikertzaile garrantzitsuenetako bat da haurtzaro eta komunikazio gaietan. Hogei urte baino gehiago daramatza lanean adingabeen eta teknologia berrien arteko harremanak ikertzen. Aholkularia izan da BBCn, UNICEFen, Telekomunikazioen Nazioarteko Batasunean, OCDEn eta Europako Parlamentuan. Era berean ICAko (munduan dagoen komunikazio ikerketarako elkarte garrantzitsuena) burua izan da eta, 2014an, "Britainiar Inperioko Ordenako Ofizial" titulua eman zioten. Urte horretan bertan Komunikazioaren Ikerketarako Espainiako Elkarteak urrezko domina ezarri zion. UPV/EHUrekin elkarlanean aritu da ikerketa eta zabalkunde jardueretan eta elkarlan horrek aukera eman die euskal unibertsitateko ikertzaileei lehen mailako nazioarteko ikerketa sareko partaideak izateko, kontuan harturik, bestalde, ikerketa sare hori erreferentea dela adingabeen eta komunikazio teknologia berrien arteko harremanei buruzko ezagutza sortzeari dagokionez.

2017ko Aurrekontuen Aurreproiektua aurkeztu da

Gaurko saioan 2017ko Aurrekontuen Aurreproiektua ere aurkeztu da. Guztira 405.535.937 € egongo dira, 2016an onartutako aurrekontuetan baino % 0,69 gehiago, orduan 402.757.095 € izan baitziren onartutakoak.

Aurreproiektua aurkeztu ondoren, zuzenketak egiteko epea irekiko da maiatzaren 23tik ekainaren 7ra. Proiektua ekainaren 15ean aurkeztuko zaio Gobernu Kontseiluari, eta hark onartu ondoren, Gizarte Kontseiluari aurkeztuko zaio, behin betiko onar dezan.