UPV/EHUko ikertzaile Miren Basarasek COVID-19aren pandemia osoan egin duen lana nabarmendu dute Biologoen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiak eta Biologiako Dekanoen Espainiako Konferentziak.
-
Zientzia pseudozientzia bihurtzeko mehatxua dakar adimen artifizialaren negozioak
-
Eraldaketa Digitalerako Ministerioak 4.000.000 € eman dizkio UPV/EHUren 5G/6G azpiegitura esperimental bati
-
Nola murriztu CO2 isurpenak zementua eta hormigoia eratzean
-
Bizkaiko zaharrenak diren giza aztarnak aurkitu dituzte, duela 150.000 urtetik gorakoak
-
Itsasoko haize-erroten kokaguneak egokiak diren determinatzeko metodo berria
Pandemian egindako lana aitortu diote Miren Basaras mikrobiologoari biologoen elkargoek
'COVID-19aren pandemian diziplina anitzeko lankidetzaren bidez osasungintzako aurrerapenak' lortzeko egin duen lana aitortu diote Biologoen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiak eta Biologiako Dekanoen Espainiako Konferentziak
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2021/11/24
![Miren Basaras](/documents/10136/32975708/miren-basaras_web.jpg/dc6376c1-1457-424d-5791-3cd921cd93ed?t=1637764456239)
“COVID-19aren pandemian zehar osasunaren arloan Biologiako profesionalek egin duten lana aitortzeko ekitaldi bat” ospatuko dute bi erakundeek ostiralean, azaroaren 26an, 18:00etan, Unibertsitate Konplutentsearen paraninfoan, eta sari-banaketa egingo dute.
Bi erakundeek adierazpenetan nabarmendu dutenez, “Biologiako Dekanoen Espainiako Konferentziak (biologoak akademikoki trebatzen dituztenak ordezkatzen dituen erakundeak) eta Biologoen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiak (biologoak profesionalki ordezkatzen dituen erakundeak) jendartean zabaldu eta agerian jarri nahi dugu zer ahalegin egin duten biologiako profesional sakrifikatu hauek COVID-19aren pandemian. Horretarako, aitorpen-ekitaldi publiko bat antolatu dugu, ikusgarri egiteko zer garrantzi duten gaitzaren eta haren hedapenaren aurkako borrokan egin dituzten ekarpenek”.
Ekimenak hiru sari emango ditu, eta Miren Basaras ikertzaileak hau jasoko du: “COVID-19aren pandemian diziplina anitzeko lankidetzaren bidez Osasungintzan egin diren aurrerapenen aitorpena”.
“Oso pozgarria da egindako lanaren aitorpena jasotzea”, adierazi du Basarasek. “Diziplina anitzeko lankidetza —erantsi du— beti da nahitaezkoa zientziak aurrera egin behar badu; eta pandemia honek egunero gogorarazi digu hori. Zientziaren dibulgazioan egin beharreko ahalegina gutako bakoitzak ezagutza gizarteari hurbiltzeko egin beharreko lana da”.
Halaber, mikrobiologoak eskerrak eman dizkie “Biologiako Dekanoen Espainiako Konferentziari, Biologoen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiari eta nire unibertsitateari nigan izan duten konfiantzagatik”.
Erreferente COVID-19aren aurkako borrokan
Miren Basaras Ibarzabalek (Bilbo, 1968) 1985ean lortu zuen Biologiako lizentzia, UPV/EHUn, eta 1995an lortu zuen doktoretza. Haren tesiaren izenburua: “Detección de RNA en la infección por VHC. Implicación en la terapéutica de las hepatitis crónicas”.
Basaras Immunologia, Mikrobiologia eta Parasitologia Saileko kide da, eta irakaslea, UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean. 2020ko irailean COVID-19 Zaintza Batzordearen zuzendaritzari heldu zion. Koronabirusak Euskal Herriko Unibertsitatean eragin ditzakeen ondorioak kontrolatzeko ardura duen UPV/EHUko organismoa da.
Pandemian, Miren Basaras erreferenteetako bat izan da COVID-19aren pandemiaren kontrako borrokan; bai egin duen ikerketagatik, bai komunikabideetan egin duen lan didaktikoagatik, bai birusaren bahetze-programetan eta bestelako eginkizunetan boluntario gisa egin duen lanagatik.