euskaraespañol

40 urte ezagutza argitaratzen

Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzuak sasoi betean ospatu du bere urteurrena

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2022/04/28

40. urteurrena ospatzen ari da egunotan UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzua. Sasoi betean itzali ditu ospakizun horietako kandelak unibertsitateko argitaletxeak, ia 4.700 lanek, liburuak eta aldizkariak barne, islatzen duten bezalaxe.

 

Bideoaren transkripzioa

Joan den astelehenean, apirilaren 25ean, Argitalpen Zerbitzuaren 40. urteurrenaren ospakizun-ekitaldi nagusia egin zen. “Unibertsitate bat gauza asko da. Horien artean, halaber, abentura editoriala, irakasle eta ikertzaileen lana zabaltzeko etengabeko jarduera eraginkorra. Eta errealitate hori ez da aldatu gauden iraultza teknologikoaren testuinguru berrian ere. Liburua ez da desagertu, iraun egiten du eta, gainera, eraldatu egin da. Teknologia berriei esker, bi errealitate desberdin ditugu gaur egun, kontzeptu beraren pean lotuak: liburu tradizionala eta liburu elektronikoa. Biek izpiritu berari erantzuten diote”, azpimarratu zuen Eva Ferreira errektoreak ekitaldian.

Ezinezkoa da unibertsitatea libururik gabe ulertzea. Errealitate hori ez da aldatu urte hauetan, nahiz eta teknologia berrien garapen apartari esker liburu kontzeptua bitan banatu den eta, ohiko errealitate fisikoari, liburu elektronikoaren errealitate berria gehitu zaion. Junkal Gutiérrez Euskara, Kultura eta Nazioartekotze errektoreordeak adierazi zuen bezala, “UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzua prest dago etorkizuneko erronkei aurre egiteko”.

Gutierrezek aipamen berezia egin zion euskarazko edizioari eta horrek lortutako mailari. Gainera, duela ez asko “Fisika Nuklearra euskaraz irakasteko aukera zalantzan” zegoela gogorarazi zuen. Guztira, berrogei urte hauetan Argitalpen Zerbitzuak 4.686 lan argitaratu ditu, liburuak eta aldizkariak barne. 2021ean, argitaratutako lanen % 52,15 gaztelaniazkoak izan dira, eta % 44,22 euskarazkoak. Baina euskaraz eta gaztelaniaz publikatzeaz gain, bereziki ingelesez argitaratu ditu lanak Argitalpen Zerbitzuak; hala ere, frantsesez, italieraz, latinez, portugesez eta alemanez ere argitaratu du, baita grekoko edo errusierazko testuak dituzten lanak ere. Aldizkariek lortutako nazioartekotze-maila garrantzitsua ere azpimarratu zuen errektoreordeak.

Oinarri sendoak

Argitalpen Zerbitzua etorkizuneko erronkei aurre egiteko behar diren zimenduen gainean eraikita dago, gaur egungo zuzendariak, Elisabete Alberdik, azpimarratu zuen bezala. “Argitalpen Zerbitzuak punta-puntako lanak argitaratu ditu 40 urteko ibilbidean. Horren lekuko dira han argitaratutako lanek jaso dituzten sariak”, adierazi zuen. Guztira, hamalau lan saritu dituzte.

Gainera, Argitalpen Zerbitzuak argitaratutako lau serie eta bildumak FECYTek (Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioak) antolatzen duen Akademiaren Kalitate Zigiluak (CEA-APQ) saritu ditu. Nazioartean aitortutako profesionalizazio-baldintzak betetzen dituzten Espainiako argitalpen zientifikoak identifikatzea eta aitortzea dute helburu kalitate- zigilu horiek.

Horrez gain, 2016. urtetik aurrera, gure serieak eta bildumak Book Citation Index-ean daude, liburu zientifikoen indize ospetsuenean. Bereizgarri horiei esker, argitalpen zientifiko asko modu garrantzitsuan kokatu dira merkatu nazionalean eta nazioartekoan. Eta Espainiako aldizkari zientifikoen kalitate editoriala eta zientifikoa ebaluatzeko kalitate-zigilua lortu dute guk argitaratutako bederatzi aldizkarik.

“Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzuak, orain arte bezala, gutxienez beste 40 urtez, hori guztia posible egiten jarraitu nahi du: hango ateko aldaba jotzen duten ideia guztiei forma ematen, alegia”, adierazi zuen Alberdik.

Norbaitek esan zuen editore bat obrarik gabeko idazle bat zela, beraz, esan dezakegu gure Argitalpen Zerbitzuaren 'obra' bere katalogo zabala dela, ehunka egile aurkiarazi eta milaka eta milaka pertsonari pentsarazi diena.

 

*Testu honekin batera doan bideoa Argitalpen Zerbitzuko 40. urteurrena ospatzeko apirilaren 25ean egin zen ekitaldian proiektatu zen.