euskaraespañol

Ez dezagun klima aldaketa ahaztu

Inkesta bat eta bi lehiaketa karbono-aztarna murrizteko, ohitura osasungarriak sustatzeko eta iturriko ura kontsumitzeko. Unibertsitateak klima aldaketa geldiarazteko ekimenak sustatzen jarraitzen du.

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2021/03/11

"Fridays for Future"-ren klima-aldaketaren aurkako manifestazioa, Bilbon. Argazkia: UPV/EHU. Luis Luque
"Fridays for Future"-ren klima-aldaketaren aurkako manifestazioa, Bilbon. Argazkia: UPV/EHU. Luis Luque

Txorrotako ura edatea, campusera bizikletaz etortzea, argi naturala aprobetxatzea edo ondoko dendan erostea ohitura osasungarriak dira eta, horiei esker, gure karbono aztarna murritz dezakegu; hau da, egunerokoan egiten ditugun ekintzekin isurtzen ditugun karbono gasak, eta klima-aldaketaren eragile nagusiak direla, murritz ditzakegu. Unibertsitateko kideok dugun eragina ezagutu eta murrizte aldera, unibertsitateko kideak eta erakundeak hainbat ekimen gauzatzen ari dira, garapen iraunkorra xede duen UPV/EHUren EHU2030 Agendaren esparruan, bai eta unibertsitatea atxiki zaion Global Universities and Colleges-en Climate Letter-en.

UPV/EHUko Iraunkortasunaren arloko Zuzendaritza “Karbono Kartografia 2021” makroikerketan parte hartzen ari da; proiektu hori “The Planet app” plataformak koordinatzen du, eta helburu du gizarteak estatu mailan sortzen duen karbono aztarnari buruzko informazioa biltzea, baita berotegi efektuko gasen isuria kalkulatzea ere. Horren murrizketa funtsezkoa da 1.5ºC-tik gorako berotze globala saihesteko, eta ondorio drastikoak izango lituzke.

“Karbono Kartografia 2021” gizarte osoari irekitako ekimen bat da, eta Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko kideok ere bertan parte hartuko dugu; hala, parte hartzaileek aukera izango dute egunerokoan gauzatzen dituzten ekintzekin zer-nolako karbono aztarna uzten duten jakiteko. Gainera, ohiturak hobetzeko gomendioak ere jasoko dituzte. Inkestan parte hartzeko, nahikoa da kontsultaren webgunera joatea eta bizi ohiturei buruzko galdetegi erraz bat betetzea; besteak beste, etxebizitzari eta garraioari buruzkoak dira galderak.

Estatu mailan bildutako informazioa oinarri hartuta, “The Planet app” plataformak txosten bat aurkeztuko du; horren bitartez, eragiten ari garen karbono aztarna xeheki azalduko du eta gomendio sorta bat prestatuko du, gizarteko kideei zein agintariei zuzendua. Hala, aztarna horretan dugun eragina benetan murriztu ahal izango dugu.

Halaber, proiektu horren harira klima aldaketari buruzko “webinar” bat egingo da unibertsitatean datorren martxoaren 24an; bertan, karbono aztarnak zer esan nahi duen ulertzeko oinarrizko kontzeptuak azalduko zaizkie ikasleei, baita hura murrizteko eta klima aldaketari aurre egiteko banaka eta modu kolektiboan zer egin dezakegun jakinarazi ere.

Bibliotekak “berraktibatu” egingo zaitu

Bestalde, UPV/EHUko ehuBibliotekak unibertsitateko kideen artean ohitura osasungarriak sustatzeko kanpaina bat jarriko du abian, bihartik hasi eta martxoaren 26ra arte. Argazki lehiaketa baten bitartez, parte hartzaileek pandemia garaian hasi edo berriz hasi duten ohitura osasungarriren bat egiten erakutsi ahalko dute beren burua.

AZPko kideek, irakasle eta ikertzaileek, eta ikasleek ahalko dute parte hartu. Lehiaketaren helburua da erakustea osasun krisi honek gu guztiok isolatzeaz gain beste eragin batzuk ere izan dituela eta, modu batean edo bestean, unibertsitateko kideen parte hartzea duen Berraktibatu+ proiektuak sustatzen dituen ohiturei ateak ireki dizkiegula. Gainera, ohitura horiek harro erakustea nahikoa ez balitz bezala, ehuBibliotekak 100 €-ko bono bat zozkatuko du lehiaketan parte hartzen duten pertsona guztien artean, ehuDendan erabiltzeko.

Prozedura erraza da: atera argazki bat ohitura osasungarri bat egin bitartean, igo Facebook, Twitter edo Instagram-eko profilera (irudi edo istorio gisa), jarraitu eta etiketatu Bibliotekaren konturen bat (Facebook edo Twitter) edo edo UPV/EHUren Instagrameko kontua, eta gehitu #positiboanaiz traola. Gainera, ekimenaren harira prestatu ditugun “gifs” eta “stickerrak” erabili ahalko dituzu. Bila itzazu sare sozialetako “gifen” atalean, #positiboanaiz traolarekin.

Informazio gehiago nahi izanez gero, joan ehuBibliotekaren webgunera ehuBiblioteka

GKZ-CSC fakultatean, ura iturrikoa bada, hobe

Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateak ere ingurumenari buruzko lehiaketa bat jarri du martxan. Ikasleei zuzendua dago. “Iturriko ura kontsumitu: ez kutsatu eta, gainera, aurreztu” da leloa eta, horren bitartez, ikastegiak botilako uraren kontsumoa murriztu nahi du, baita ikasleek botilak berrerabil ditzaten sustatu ere; horretarako, hainbat iturri jarri ditu fakultateko zenbait puntutan.

Ikastegiko “Ingurumeneko hobetze taldeak” egindako inkestaren harira sortu zen ekimena; izan ere, inkesta horrek erakutsi zuen bertako ikasleek ez zutela iturri horien berri eta botilako ura kontsumitzen jarraitzen zutela.

Egoeraren jakitun, Fakultatearen Instagram-eko kontua kudeatzen duten Kazetaritza, Publizitate eta Harreman Publikoak graduetako ikasleek lehiaketa hau jarri zuten martxan, ikastegiko ikasleentzat. Kanpainan azaltzen duten eran, iturriko ura kontsumitzeak abantaila ugari ditu; izan ere, “iraunkorragoa da, ontzia modu seguruagoan berrerabili daitekeelako; gutxiago kutsatzen du, garraio eta birziklatze gutxiago behar delako, eta, gainera, merkeagoa da".

Kanpainan parte hartzeko, ikasleek irudi, bideo edo istorio bat argitaratu behar dute Instagram-en, martxoaren 15a baino lehen. Horrez gain, Fakultatearen kontua (@upvehu_gkz_csc) jarraitu beharko dute, eta #txorrotakourakontsumitu edo #consumeaguadelgrifotraolak erabili.

Lehiaketak argitalpen bat sarituko du eta hainbat produktu zozkatuko ditu: alde batetik, boto gehien dituen irudiak Bluetooth bidezko bozgorailu bat eta botila berrerabilgarri bat irabaziko ditu, altzairu herdoilgaitzezkoa eta UPV/EHUren irudi korporatiboarekin. Halaber, bateria kargagailu batek eta altzairu herdoilgaitzezko botila berrerabilgarri korporatibo batek osatutako 2 pack ere zozkatuko dira.

Informazio gehiago:


- Karbono Kartografia 2021: [ikusi]

- ehuBiblioteka-Berraktibatu+: [ikusi]

- GKZ-CSC fakultatean, ura iturrikoa: [ikusi]


Honen harira