euskaraespañol

José María Becerril Soto eta Raquel Esteban

Kutsatuta al dago zure hiria? Galdetu iezaiezu zuhaitzei

Landareen Fisiologiako irakasleak

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2022/05/09

Irudia

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Hirigune batean edo hiri batetik gertu bizi bazara, agian, hiri kutsaduraren eraginpean egongo zara, jakin gabe.

Hiriguneetan, jarduera industrialek eta, batik bat, garraioak partikulak igortzen dituzte atmosferara eta, horiek, beste kutsatzaile batzuen artean, metal astunak dituzte. Horietako batzuk neurotoxikoak dira; tartean, kadmioa, merkurioa eta beruna.

Partikula txiki-txiki horiek (PM₂.₅) nahiko erraz arnastu daitezke; horrela metalak odol fluxuan sartzen dira. Bada lotura bat hiriko kutsaduraren eta zenbait gaixotasunen (batik bat biriketakoak eta bihotzekoak) artean. Airearen kalitate txarra osasunerako ingurumen arrisku handi bat da: 9 heriotzatik 1ekin lotuta dago, maila globalean.

(Bio)monitorizazioaren garrantzia

Gizakion osasunean duen inpaktua dela eta, oso garrantzitsua da monitorizazio protokolo azkar eta ekonomikoak garatzea, askotariko kutsatzaile atmosferikoen presentzia eta pilaketak detektatzeko hiri inguruetan.

Gaur egun, monitorizazio estazioek ematen duten informazioarekin egiten da batik bat airearen kalitatearen monitorizazioa. Hala ere, azpiegitura horien kostu oso handiak baldintzatzen du horiek hirietan jartzea.

Hori horrela izanik, metal astunak eta bestelako kutsatzaileak monitorizatzeko tresna berriak erabiltzea sustatu beharra dago. Horien artean nabarmenena landareak erabiltzea da, edo, beste era batera esanda, biomonitorizazioa.

Kutsadura zuhaitzen bidez biomonitorizatzea

Zuhaitzak han-hemen daude hirietako kale eta parkeetan. Gainera, hostoak bikainak dira, airean esekita dauden partikulak eta metalak horietan jalkitzen direlako.

Horien potentzialaz jabetuta, azterketa bat egin genuen Euskadiko zenbait herritan; hots, edozein hiritan oso ohikoa den zuhaitz baten (ezkia) hostoak aztertu genituen.

Gure emaitzek erakutsi zutenez, zirkulazio dentsitatea estuki lotuta dago hirietako aireko partikuletan burdina, aluminioa, zinka, titanioa, kromoa, beruna, banadioa eta kadmioa egotearekin.

Gainera, hirietako gune ezberdinetan kokatutako zuhaitzen hostoak analizatuta, kutsatzaileen (zirkulazioa, jarduera industriala, eta abar) igorpen iturri posibleen inpaktuaren aztarna kimikoa deskribatzeko gai izan ginen.

COVID-19: ustekabeko bira bat

Orain dela gutxi Espainiako, Frantziako eta Italiako 66 eskualdetan eta Estatu Batuetako 3.000 herritan egindako azterketek erakusten dutenez, korrelazio bat dago ingurumen kutsatzaileen (PM₂.₅ eta NO₂) eraginpean egotearen eta COVID-19aren heriotza tasaren artean.

Kontuan izanda pandemiaren ondoriozko mugikortasun murrizketek ekarritako inplikazioak, lan horien arabera, ezinbesteko agertoki bat da hirietako zirkulazioak airearen kalitatean zer-nolako inpaktua duen zehazteko.

Esate baterako, zenbait hiritan egin diren zenbait ikerketen arabera, konfinamenduak zirela eta, hobetu egin zen oro har airearen kalitatea. Hala ere, ikerketa gutxik aztertu dute zer efektu duen metal astunen gainean.

Aukera baliatuz

Konfinamenduak eta horren ondoriozko hiriko zirkulazio txikiagoak aukera eman ziguten benetan eta zuzenean aztertzeko zirkulazioak hiriko kutsadura atmosferikoari zer-nola eragiten dion. Horretarako, ezkietako hostoetako kutsatzaileak aztertu genituen konfinamendu garaian eta zirkulazioa progresiboki berriz hasi zenean (2020ko apiriletik urrira), Iruñean eta Donostian.

Ikusi genuenez, ibilgailuen zirkulazioaren murrizketari egotz dakioke batik bat aluminio, kobre, burdina, manganeso, titanio eta zink eduki gutxiago egotea; horri esker, bada, nabarmen hobetu zen airearen kalitatea. Emaitza horiek aurreko urtekoekin alderatuta eta ibilgailuen zenbait elementuren osaera aztertuta, zenbait patroi identifikatu ahal izan genituen.

Esate baterako, konfinamenduaren aurreko urteko (baina ez konfinamenduan) zinkaren, burdinaren eta kobrearen arteko korrelazio handi ikusita, jatorria identifikatu ahal izan genuen: frenoen eta pneumatikoen higadura. Zirkulazioa txikiagoa izateak, gainera, hautsaren berresekidura ere txikiagoa izatea ekarri zuen, eta, horren ondorioz, aluminio, burdina, titanio, manganeso eta kaltzio gutxiago zegoen hostoetan.

Labur esanez, aipatu azterketak eskaintzen dituen zuzeneko ebidentzien arabera, hirietako zirkulazioa murrizteak hirietako aireko kutsatzaileen (nitrogeno oxidoak, karbono monoxidoak eta metal astunak) kontzentrazioa murriztea dakar nabarmen.

Administrazioek eta komunitate zientifikoak informazio hori erabil dezakete hiriko kutsadura murrizteko neurriak ezartzeko; hartara, airearen kalitatea eta osasun publikoa hobetuko dira.

Herritar zientzia

Azken hamarkadetan, herritar zientziak gizartearen eta komunitate zientifikoaren arteko elkarlana hobetu du. Horrela, kultura zientifikoa eta hurbilekoak ditugun arazoei buruzko (tartean, hirietako kutsadura) ezagutza eta sentsibilizazioa areagotzen dira.

Horrek aldaketa eragin lezake jarrera eta portaera indibidual nahiz kolektiboan, mugikortasun jasangarria sustatzeko, hirietako zirkulazioa murrizteko eta, ondorioz, airearen kutsadura ere murrizteko.

Ildo horretan, herritar zientziako tailerrak antolatzea ezinbesteko tresna bat izan liteke gizartea garraio pribatua erabiltzeak hirietako airearen kalitatean dituen inplikazioei buruz kontzientziatzeko.