euskaraespañol

Bilboko atmosferak Chillidaren eskulturetan zer eragin duen aztertu dute

UPV/EHUk agerian utzi duenez, poluzioak galarazi egiten du altzairu herdoilkorrezko eskulturetan sortu ohi den babes-geruza sortzea

Lehenengo argitaratze data: 2014/06/04

Irudia

Altzairu herdoilkorra estalperik gabeko eremuetan luze irauteko berariaz sortutako altzairu berezia da. Bilbon, ordea, altzairu horrekin egindako eskultura batzuk -Eduardo Chillidaren Besarkada XI eta Begirari IV, kasu- ez dira espero bezala kontserbatu, eta hondatu egin dira hein batean. UPV/EHUko Kimika Analitikoa saileko ikertzaileek argitu dutenez, altzairu horrek garatu ohi duen babes-geruza behar bezala ez sortzea da hondatzearen eragilea.

Estalperik gabe irauteko sortutako altzairu bat izanik, asko erabiltzen da altzairu herdoilkorra kanpoko egiturak sortzeko, hala nola fatxadak, zubiak eta trenbideak. Eta eskultoreek ere denbora luzea daramate hura erabiltzen kanpoko eskulturak sortzeko. Julene Aramendia Gutierrez UPV/EHUko Kimika Analitikoa saileko ikertzaileak azaldu duenez, altzairu herdoilkorraren ezaugarri nagusia da "bere burua babesteko gaitasuna duela. Oxigenoarekin kontaktuan egonda babes-geruza bat garatzen du altzairuak, zenbait burdin oxihidroxidoz eratua, eta geruza horrek hesi-lana egiten du. Hala, geruza horren atzeko metala ondo kontserbatzen da".

Alabaina, materialak ez du berdin erantzuten atmosfera guztietan, eta kondizio jakin batzuetan ez du ematen esperotako babesa. Hori gertatzen zaio, adibidez, Guggenheim Bilbao Museoaren eskultura bati: Eduardo Chillidaren Besarkada XI. "Gainazala behar baino irregularragoa du, material-zati txikiak galdu ditu, eta ez du teorian izan beharko lukeen kolorea", zehaztu du Aramendiak.

Eskulturen ezusteko eboluzio hori zer dela eta gertatu den argitzeko asmoz, Guggenheim Bilbao Museoko arduradunak eta UPV/EHUko Kimika Analitikoa saileko ikertzaileak harremanetan jarri ziren, eta CAUTAPA proiektuari heldu zioten. Guggenheimeko eskulturaz gain, Chillidaren beste eskultura batzuk ere hartu zituzten kontuan ikerketan, Bilboko beste gune batzuetakoak: Buscando la luz IV, Elogio del Hierro III eta Begirari IV.

Diagnostikoa, teknika ez-inbaditzaileekin
Eskulturen egoeraren diagnostikoa egiteko, teknika ez-inbaditzaileak eta eramangarriak erabili zituzten ikertzaileek, "eskulturei ahalik eta kalte txikiena eragiteko", nabarmendu du ikertzaileak. Batetik, eskulturen azaleko egitura molekularra aztertzeko, Raman espektroskopia eta espektroskopia infragorria erabili zituzten. Bestetik, X izpien fluoreszentzia bidez, oinarrizko egituraren informazioa jaso zuten, bai kualitatiboa, hau da, eskulturak azalean zer elementu dituen, bai semikuantitatiboa, alegia, zer proportziotan dagoen elementu horietako bakoitza. Halaber, eskulturetatik mikrolagin batzuk hartuta, osagaien azterketa kuantitatiboa egin zuten Parisko Pierre et Marie Curie Unibertsitatean, Raman espektroskopian oinarritutako metodo berritzaile bat erabiliz.

Analisi horien guztien emaitzetan ikusi ahal izan zutenez, altzairuaren gainazaleko babes-geruzaren konposizioa da babes handiagoa edo txikiagoa ematearen erantzulea. Honela azaldu du Aramendiak: "Egoera okerrenean zeuden eskulturek lepidokrozita-kontzentrazio handiagoa zuten, eta, egoera onenean zeudenetan, berriz, goetita zen nagusi. Lepidokrozita oso konposatu ezegonkorra da, oso erreaktiboa; goetita, aldiz, askoz egonkorragoa da, eta, gainera, babes handiagoa ematen du poluzioaren aurrean". Horiek denak, hala ere, eskala mikroskopikoko gertaerak dira, eta azalekoak; hortaz, "ezin dira kontserbazio-kalte larritzat hartu", nabarmendu du ikertzaileak.

Altzairu herdoilkorrean ohikoa da hasieran, lehenengo fasean, lepidokrozita izatea nagusi azalean, eta, pixkanaka, lepidokrozita hori goetita bilakatzea. "Aztertutakoetan, ordea, ikusi genuen batzuetan ez dela gertatu eraldaketa hori", dio Aramendiak. Zehazki, Besarkada XI eta Begirari IV eskulturetan behatu zuten ezohiko portaera hori; hain zuzen, egoera okerrenean dauden eskulturetan. Begirari IVk, gainera, kolore gorrixka zuen, behar baino gehiago. Buscando la luz IV eta Elogio del Hierro III eskulturak, aitzitik, oso egoera onean daude.

Lepidokrozita goetita ez bihurtzearen eragileak "Bilboko atmosferako partikula batzuk direla ikusi genuen, silikatotan aberatsak direnak, hala nola hauts naturala edo autoen kearen partikula batzuk. Partikula horien eraginez, eraldaketa hori eten egin da", argitu du Aramendiak.

Bilboko atmosferako poluzioaren beste eragin mikroskopiko batzuk ere aztertu zituzten. Atmosferako sufre dioxidoak eta nitrogeno-oxidoek materialarekin erreakzionatzean, burdin sulfatoak eta burdin nitratoak sortzen dira, eta "oso konposatu disolbagarriak direnez, euriarekin materiala galtzen dela ikusi genuen", azaldu du ikertzaileak. Materiala galtzearen beste eragileetako bat kaltzioa da, "zeina oso ugaria den gure atmosferan, inguruko lurrak kare askokoak baitira". Izan ere, igeltsu ugari aurkitu zuten eskulturen azalean. Igeltsua hiru hidratazio-mailatan ager daiteke, eta horrek bolumena aldatzea eragiten du. "Bolumen-diferentzia horrek estres fisikoa eragin dezake azaleran, eta, hori dela eta, material-askatzeak eta hausturak ager daitezke".

Eskulturen egoerak alderatzean, aipatutako eragile atmosferikoez gain, eskultura egiteko erabilitako altzairuaren aleazioak berebiziko garrantzia duela ondorioztatu zuten. Esate baterako, Elogio del Hierro III ez dago altzairu herdoilkorrez eginda, Reco altzairuz baizik, eta altzairu-mota horrek oso ondo erantzuten du Bilboko atmosferaren aurrean. "Oso kontuan hartu beharko litzateke zer aleaziorekin egiten diren Bilbon jartzeko diren eskulturak".

Informazio osagarria
Eskulturen ikerketa hau CAUTAPA proiektuaren barruan egin du UPV/EHUko Kimika Analitikoa sailak. Julene Aramendia Gutierrezek doktore-tesia egin du ikerketa honi lotua, Juan Manuel Madariaga eta Kepa Castroren zuzendaritzapean. Hau da tesiaren izenburua: Analytical diagnosis of the conservation state of weathering steel exposed to urban atmospheres (Hiri-atmosferaren eraginpean dauden altzairu herdoilkorren kontserbazio-egoeraren diagnostiko analitikoa). UPV/EHUn egindako azterketez gain, egonaldi bat egin zuen Aramendiak Parisko Pierre et Marie Curie Unibertsitatean.

Ikerketa osatu ahal izateko ezinbestekoak izan diren zenbait erakunderen laguntza eta babesa eskertu nahi izan dute: Bilboko Udala, BBVA eta Bilbao Ría 2000 enpresa.

Erreferentzia bibliografikoa
J. Aramendia, L. Gomez-Nubla, K. Castro, J.M. Madariaga. "Spectroscopic speciation and thermodynamic modeling to explain the degradation of weathering steel surfaces in SO2 rich urban atmospheres". (2014) Microchemical Journal 115: 138-145. http://dx.doi.org/10.1016/j.microc.2014.03.007

J. Aramendia, L. Gomez-Nubla, I. Arrizabalaga, N. Prieto-Taboada, K. Castro, J.M. Madariaga. "Multianalytical approach to study the dissolution process of weathering steel: the role of urban pollution". (2013) Corrosion Science 76: 154/-162 DOI: 10.1016/j.corsci.2013.06.038