euskaraespañol

UPV/EHUko Glutenaren Azterketarako Laborategiari aitorpena egin diote

Estatu mailan lehena izan da hidrolizatutako eta hartzitutako elikagaietako glutena hautemateko Egiaztatze Erakunde Nazionalaren egiaztapena lortzen

Lehenengo argitaratze data: 2014/06/26

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Farmazia Fakultateko Glutenaren Azterketarako Laborategiak elikagaietako glutena aztertu eta gaixotasun zeliakoa ikertzen du 1998. urteaz geroztik. Orain Egiaztatze Erakunde Nazionalak zeliakoak diren pertsonentzako elikagai hidrolizatuetako edo hartzituetako glutena hautemateko ezarritako ISO 17025pean aitortu duen estatuko lehenengo laborategia da.

UPV/EHUko Glutenaren Azterketarako Laborategia Egiaztatze Erakunde Nazionalak aitortutako Euskal Autonomi Erkidegoko lehena izan zen, ISO/IEC 17025: 2005 araupean, elikagaietako, gehigarrietako eta parafarmaziako produktuetako glutena hautemateko.  Duela gutxi, laborategia aztertzeko zailak diren elikagaiekin ere egiten hasi da, esaterako hartzituekin edo hidrolizatuekin (garagardoa, edari destilatuak edo ahia). Estatuan aitortutako lehena eta bakarra izan da hori egiten, bere kuantifikaziorako erreferentziazko metodologiarekin.

Analisi hauetarako teknika glutena hautemateko erabiltzen direnak baino zehatzagoa izan behar da (ELISA proba lehiatzailea).

Laborategian UPV/EHUko zazpi irakasle eta ikertzaile daude. Edurne Simón doktoreak koordinatzen ditu eta Arabako Kanpuseko Farmazia Fakultateko Elikadura eta Bromatologia Alorrean daude.

Talde honen helburu nagusietako bat zeliakoak diren pertsonen eta proteina horrek kalte eragiten dien pertsonen kontsumorako elikagaiek glutenik ez dutela bermatzea da. 1998az geroztik, Zelikoen eta Kontsumitzaileen Erakundeekin, Elikagaien industriekin eta administrazioekin elkarlanean ari dira 41/2009 araudiaren irizpideak betetzeko. Araudia hori glutena onartzen ez duten pertsonentzako egokiak diren elikagai produktuen osaerari eta etiketatzeari buruzkoa da.

Beren azterketa-lerroen artean, nabarmentzekoak dira glutenaren DNA hautemateko berrespen-metodo osagarrien garapena, elikadura-egoeraren eta zeliakoak diren pertsonen elikadura-ohituren analisia, eta gaixo zeliakoaren elikadura-heziketa, guzti hori pertsona horien osasun-egoera eta bizi-kalitatea hobetzeko asmoz.

Beren web-orrialdea: https://www.ehu.eus/es/web/laboratorio_gluten/home