euskaraespañol

Biziklautak, urtebetez pedalei eragiten munduan zehar

UPV/EHUko hiru ikasle munduari itzulia ematen ari dira bizikletan eta, dagoeneko, 17 herrialde zeharkatu eta 12.500 kilometro egin dituzte

Lehenengo argitaratze data: 2014/07/14

Irudia

Biziklautak, Javier Escudero, Hodei Orueta eta Goiznabar Monclus UPV/EHUko ikasleek munduan zehar bizikletaz egiten ari diren abenturak, bere bidea jarraitzen du. Orain urtebete abentura hasi zutenetik, 17 herrialde zeharkatu eta 12.500 kilometro egin dituzte, eta gaur egun Nepalen daude, Katmandu hiribururantz pedalei eragiten. Euskal Herriko Unibertsitatea abentura honen bermatzaile nagusia da, proiektuarekin bat egin duten hainbat enpresaren babesarekin. Ekimen honen helburuetako bat unibertsitate- eta kultur-ezagutza eta ekintzailetzaren ideia munduan zehar hedatzea da.

Javier, Hodei eta Goiznabar online ari dira bidaiaren berri ematen www.biziklautak.com web gunearen bitartez eta, bertan aurki daitezke egunero bizitzen ari direnaren kontakizunak, argazkiak eta bideoak. Era berean, etorkizunean, biziko dituzten esperientzien elkartrukatzea eta lortuko dituzten ezagutzak Euskal Herriko Unibertsitateko beste ikasleentzat mesedegarriak izan daitezke.

Beraien ibilbidea Bilbon hasi zutenetik, Frantzia, Monako, Italia, San Marino, Eslovenia, Kroazia, Bosnia, Montenegro, Albania, Mazedonia, Bulgaria, Turkia, Iran, Arabiar Emirerriak, Oman eta India zeharkatu dituzte, eta une honetan Nepalen daude. "Hamabi hilabete hauetan une gogorrak bizi izan ditugu, gosea, hotza, gaixotasunak, bero asko, nekea, bakardadea… sentituz. Gure poztasun handiena da bidai honekin gozatzen jarraitu ahal izatea, une gogorrenetan ere pena merezi baitu. Egun bakoitza nolakoa izango den ez jakitearen ziurgabetasuna, droga batean bihurtu da guretzat. Eta egunero ikasten eta mundua deskubritzen jarraitzea da motibatzen gaituena", diote abenturazaleek.

Esperientzia aberasgarria

Ez dago zalantzarik bidai hau aztarna sakona uzten ari dela hiru ikasle gazteengan. "Kultura desberdinekin eduki dugun harremanak ikuspuntu desberdinak eskaini dizkigu. Konturatu gara, kultura batetik bestera aldatzen diren ideiak tokiko erlijioek eraginda datozela, bai kristaua, musulmana, bai xiita zein sunia, zoroastroa, hindua, budista… Baina dibertsitate guzti hauekin batera hain hurbil bizitzen horrenbeste egun igaro ondoren, ikusi dugu pertsonak horixe direla, pertsonak, eta guztiok ditugula kezka, anbizio, arazo eta amets berberak", ziurtatzen dute Javierrek, Hodeik eta Goiznabarrek. Bideo honetan bidaian zehar jasotako pasarte bitxiak azaltzen dituzte:

https://vimeo.com/100786682

https://vimeo.com/100780738

Eta espedizioaren lehen urteurrena ospatzeko ere bideo berezi bat editatu dute:

https://www.youtube.com/watch?v=20S7ZYmKwWY#t=196

Bidaiako unerik latzena joan zen azaroan bizi izan zuten, bost hilabete zeramatzatenean errepidean. Goiznabarrek arazoak zituen bere belaunean. Abuztuaren amaiera aldera, Esloveniatik Kroaziarako bidean, lehen arazoak nabaritu zituen. Baina hainbat mediku froga egin eta zati batzuetan atseden hartu zuen arren, mina ez zen arintzen. Erraza izan ez zen arren, Bilbora itzultzea erabaki zuen kondromalazia bategatik sendatzeko eta menisko ebakuntza bat egiteko. Bost hilabete behar izan zituen errekuperatzeko, baina, zorionez, apirilaren bukaeran, bere lagunak Indian zedenean, berriro ere bat egin zuen espedizioarekin eta aurrera jarraitzen du orain abenturarekin.

Aurrera begira, Nepaletik Asiako hego-ekialderantz abiatuko dira datozen hilabeteetan : Kanbodia, Vietnam, Laos, Tailandia, Myanmar... Handik Australiara eta gero Ameriketara. "Azken kontinente honi dagokionez, oraindik ere zalantzak ditugu eta ez dakigu iparraldetik ala hegoaldetik zeharkatuko dugun; urtaroaren arabera hartuko dugu erabakia", diote. "Eta handik hegazkin bat hartuko dugu azken herrialdera, Portugalera, gero, Bilbora mendebaldetik sartu ahal izateko eta, horrela, munduari itzulera beti norabide berean bukatu ahal izateko".