euskaraespañol

Krustazeoetatik eratorritako polimero natural bat gene-terapiarako egokia

UPV/EHUko ikertzaileek frogatu dute oligokitosano polimeroak gai direla DNA zeluletara garraiatzeko eta tumore-zeluletan eragiteko

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2016/07/14

Mireia Aguirre

UPV/EHUko Farmazia eta Elikagaien Zientziak Saileko ikertzaileek krustazeoetatik eratorritako oligokitosanoak hautatu dituzte gene-terapian erabiltzeko. Ikerketa-taldeko Mireia Agirrek egiaztatu du oligokitosano-partikulak erabiliz DNA-molekula handiak zein txikiak garraia daitezkeela zelula barnera, eta, hala, tumore-zeluletan eragiteko osagai biologikoa sintetiza daitekeela, bai eta nerbio-sistema zentraleko gaixotasunak tratatzeko erabili ere.

Gene akastunek eragiten dituzten gaitzak konpontzeko material genetikoa zelulan sartzea oinarri duen estrategia terapeutikoa da gene-terapia, eta, haren bidez, akats genetikoak zuzendu, terapiarako beharrezkoa den osagai biologikoa eratu edo gaitza sortzen duen genearen eragina eten daiteke. Genea dagokion zelulara heldu eta dagokion osagai biologikoa sintetiza dadin, beharrezkoa da genea entzimen degradaziotik babestuko duen, zelulan sartzen lagunduko dion eta behin zelula barnean nukleorainoko bidea erraztuko dion garraiatzaile bat izatea. Gene-terapian arrakasta izateko, beraz, oso garrantzitsua da garraiatzaileak modu selektibo batean, eraginkortasunez eta toxikotasunik gabe eramatea genea dagokion zelulako nukleoraino.

UPV/EHUko Farmazia eta Elikagaien Zientziak Saileko ikertzaileek proposatu dute pisu molekular txikiko kitosanozko polimeroak, oligokitosanoak, erabiltzea gene-terapiarako (krustazeoen exoeskeletotik datorren polimero naturala da kitosanoa). Hainbat eta hainbat entsegu eta proba eginez, Mireia Agirrek agerian utzi du, bere doktore-tesian, oligokitosanoak gai direla azido nukleiko (DNA) handiak zeluletara garraiatzeko eta, horren bidez, tumore-zeluletan eragiteko, bai eta nerbio-sistema zentraleko gaixotasunak tratatzeko ere. Agirreren arabera, "ikerketa honetan frogatu dugu, beste polimero batzuek ez bezala, oligokitosanoek tamaina handiko plasmidoak (DNA-molekula zirkularrak) garraiatzeko gaitasuna dutela, nahiz eta oraindik hainbat hobekuntza egin behar diren efizientzia hobetzeko".

Oligokitosano eta DNAzko nanopartikulak

Oligokitosanoak eta DNAk partikula nanometrikoak eratzen dituzte, elkarrekintza elektrostatiko bidez (karga positibo eta negatiboen arteko elkarrekintzaren bidez). "Ikerketan, ikusi dugu partikula hauen transfekzio-prozesua eraginkorragoa dela ingurune azidoetan. Gure organismoan tumoreak daudenean, ingurunea azidoagoa da, eta horrek esan nahi du partikula horiek baliagarriak izan daitezkeela tumore-zelulei eraso egiteko", adierazi du ikertzaileak. Transfekzio-prozesuan, partikula zelulan sartu eta nukleoraino heltzen da, eta han, DNA horretatik, gaitzari aurre egiteko behar den proteina lortzen da.

Entsegua ez dute DNA terapeutiko batekin egin, baina "terapeutikoak ez diren tamaina handiko DNA molekulak erabiliz frogatu dugu —dio Agirrek— oligokitosanoak erabiltzean DNAren tamaina ez dela muga zelularen nukleoraino heldu eta behar den proteina ekoizteko". Bestalde, ikerketan egiaztatu dute partikula nanometriko horiek gizakien neurona-zelula primarioetan eragiteko gai direla, eta, beraz, interesgarriak direla nerbio-sistema zentraleko gaixotasunak tratatzeko.

Ikertzaileak azaldu duenez, "hurrengo urratsa litzateke guk egindakoa animalietan testatzea, aplikazio jakin batzuetan eta DNA terapeutikoa erabiliz. Gainera, garrantzitsua litzateke partikula hobetzea efizientzia handitzeko".

Informazio osagarria

Mireia Agirre Diez Farmazian lizentziaduna da, eta Oligokitosano ultrapuruetan oinarritutako poliplexoak: diseinua, karakterizazioa eta terapia genikorako aplikazioak izeneko doktore-tesia egin du euskaraz UPV/EHUko Farmazia Fakultateko Farmazia eta Elikagaien Zientziak Sailean, Jose Luis Pedraz katedradunaren eta Jon Zarate Sesma irakaslearen zuzendaritzapean.