euskaraespañol

Hipertentsio primarioa eta gehiegizko pisua edo gizentasuna duten pertsonen ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2017/09/19

Irudia

Euskal Herriko Unibertsitateko Gorputz eta Kirol Hezkuntza Sailak, IMQ Aseguruen (Gasteiz) eta Araba ESIko Nefrologia Zerbitzuaren (Gasteiz) laguntzarekin, hipertentsio primarioa diagnostikatua duten eta, halaber, gehiegizko pisua edo gizentasuna eta ohitura sedentarioak dituzten pertsonak ikertuko ditu. Proiektuak Arabako Unibertsitate Ospitaleko EIKBEaren oniritzia dauka.

Hipertentsioa osasun publikoko arazorik larrienetako bat da egun, bai eta funtsezko arrisku-faktorea ere gaixotasun kardiobaskularrak garatzeko. Ariketa fisiko gehiago egitea eta jakiak kontrolatzea gomendatzen ohi da, gaixoaren bizitzeko era aldatu eta hipertentsioa prebenitu eta kontrolatu ahal izateko. Halere, ariketa fisikoko programa bat osatzeko aproposak izango liratekeen ezaugarriak eztabaidagai dira oraindik.

Ikerketaren xede nagusiak dira, alde batetik, hipertentsio primarioa eta gehiegizko pisua edo gizentasuna duten pertsonen arrisku kardiobaskularra ebaluatzea eredu eta adierazle ezberdinen bidez, gaixotasun kardiobaskularraren funtsezko osagaiak hobeto ezagutu ahal izateko. Eta, bestetik, ariketa fisiko aerobikoko programa ezberdinek esku-hartzearen 16 asteak bukatu ostean eta handik sei hilabetera (epe horretan ez da jarraipenik egingo, jakien eta jarduera fisikoaren inguruko gomendioak aplikatuko ditu soilik partaideak) arrisku kardiobaskularraren, bihotz-biriketako gaitasunaren, jarduera fisikoaren mailaren, gorputzaren osaeraren, bizi-kalitatearen eta farmakologiaren profilean izan dituzten eraginak aztertzea.

Ikerketan parte hartzea

Borondatez eta doan parte hartu nahi duten pertsona guztiek froga ezberdinak egin beharko dituzte, geldirik zein esfortzuan. Arlo bakoitzeko langile aditu ezberdinek aipatu frogak gainbegiratuko dituzte, pertsona horrek partaidetza-irizpideak betetzen dituen ala ez baieztatzeko.

Medikuntza-espezialistak bere partaidetza onartuz gero, partaidea lau esku-hartze taldetako batera bideratua izango da, ausazko eran (1. TALDEA: dietetika-gomendioak gehi ariketa fisikoa; 2-4 TALDEAK: dietetika-gomendioak gehi gainbegiratutako ariketa fisikoa, modalitate ezberdineta astean bi egunetan).

Esku-hartzea bukatzerakoan (16 aste) eta handik sei hilabetera, froga guztiak errepikatuko dira, emaitzak hasierako balioekin alderatu ahal izateko.

Ikerketan parte hartu nahi duten pertsona guztiek posta elektroniko bat bidali beharko diote ikerketaren ikertzaile nagusiari, Sara Maldonado-Martin doktoreari, ondoko posta elektronikoko helbidera: sara.maldonado@ehu.eus. Honek, jarraitu beharreko prozedura guztiak azalduko dizkie.