euskaraespañol

Aeronautikak eta makina-erremintak beren arteko lankidetza estrategia aurkeztuko dute BIEMHren 30. edizioan

Fabrikazio Aeronautiko Aurreratuko Zentroak (CFAA) lehenengoz parte hartuko du Bienalean

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/05/25

Irudia
Turbina aeronautikoaren egiturazko osagaia. Fabrikazio Aeronautiko Aurreratuko Zentroko egunerokoan prozesu garrantzitsua da soldadura.

Gaur egun, aeronautikaren sektoreak eta makina-erremintarenak elkarren arteko lankidetzarako estrategia betean dihardute. Aeronautikaren sektoreak, eta bereziki motorrarenak, motor berri eraginkorragoak jarri behar ditu merkatuan, salmenta handiak egiteko aukera emango baitio horrek.

Makina-erremintaren sektoreak, berriz, espezializazio eta teknologia handiko aplikazio nitxo bat dauka aeronautikaren sektorean. “Premisa horiekin, lankidetzarako espazio bat aurkitzea besterik ez zitzaigun falta, enpresen euren eta unibertsitatearen ikerketa ahalegina sektoreon eskura ere jartzeko. Espazio hori CFAA da, Fabrikazio Aeronautiko Aurreratuko Zentroa, eta lehenengoz aurkeztuko da Makina Erremintaren Bienalean, 1 G05 pabiloian”, azaldu du Norberto López de Lacallek, Fabrikazio Aeronautiko Aurreratuko Zentroko zuzendariak.

CFAA, Fabrikazio Aeronautiko Aurreratuko Zentroa, turbina aeronautikoen sektorearen beharrei erantzuteko makina eta prozesuak garatzeko sortu da, Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, 58 enpresa eta erakundek osatutako elkarte baten eta UPV/EHUren arteko akordio baten bidez, unibertsitatearen zentro misto gisa. CFAAren helburua da amaierako aplikazioen gaineko zuzeneko ikuspegi batekin lan egitea eta fabrikazio teknologia aurreratuekin lotutako ezagutza berria sortzea.

“Standean, Trent 500eko turbina bat ikus daiteke, ITP Aero enpresaren eta Rolls&Royceren programetako garrantzitsuenetako bat. Osagai horrek oso diseinu ona du, eta, horrez gain, ezin hobeto fabrikatuta dago eta segurtasuna erabat kontrolatzen du. Bestalde, maiatzaren 29an, 15:30ean, 2025eko motorrei eta beharko diren prozesu eta makinei buruzko doako jardunaldi bat egingo da 4. pabiloian. Bezeroa ezagutzea, haren produktua eta bilakaera zein diren jakitea eta haren beharrak zein diren jakitea ezinbestekoa da etorkizunean beharko diren makina eta erremintak diseinatzeko. Horixe da CFAA, lankidetza, hori baita giltzarria”, adierazi du López de Lacallek