euskaraespañol

Alberto Emparanza, Zuzenbide Fakultateko dekano berria

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2022/10/10

Irudia
Ezkerretik eskubira: Cristina Odriozola, Aitor Orena, Auxkin Galarraga, Alberto Emparanza, José Manuel Martín Osante, Iker Nabaskues, Sandra Castellanos eta Irune Suberbiola | Argazkia: UPV/EHU

Alberto Emparanza Sobejano Merkataritza Zuzenbideko katedraduna UPV/EHUko Zuzenbide Fakultateko dekano aukeratu dute. Dekano berriak ibilbide akademiko luzea du atzean. Zuzenbide Fakultateko irakaslea da duela 30 urtetik. Estatu mailako 10 ikerketa proiektutan hartu du parte, eta horietako bostetan ikertzaile nagusia izan da. Hainbat ikerketa egonaldi egin ditu atzerriko unibertsitate ikastegietan. Gainera, Euskal Unibertsitate Sistemako Ikerketarako Talde Finkatuaren (IT1765-22) ikertzaile nagusia da, hurrengo lau urteetarako emana, digitalizazioaren garaian Merkataritza Zuzenbideak gaur egun dituen joerekin.

Bi monografia eta ia 200 artikulu idatzi ditu, aldizkari espezializatuetan eta liburu kolektiboetan argitaratuak, Merkataritza Zuzenbidearen diziplinari buruzko hainbat gairen inguruan. Estatuko eta nazioarteko master eta graduondo ugaritan irakasle izan da. Estatuko eta nazioarteko biltzar askotan hizlari izan da eta diziplinaren hainbat gairi buruz hitz egin du.  9 doktorego tesi zuzendu ditu. Gaur egun, Estatuko Ikerketa Agentziako Koordinazio, Ebaluazio eta Jarraipen Zientifiko eta Teknikoa Dibisioko Zuzenbide Arloko kudeatzailea da.

Jardun profesionalean, bulego profesionalekin lankidetzan aritu da aspaldidanik. Gaur egun, LKS Next Legal bulegoarekin lan egiten du. Gainera, Gipuzkoako Merkataritza Ganberako arbitroa eta Euskal Autonomia Erkidegoko Garraioko Arbitraje Batzordeko kidea da.

Bere eginkizunak betetzeko, dekano berriak zuzendaritza talde honekin partekatuko ditu erantzukizunak: Iker Nabaskues, Mugikortasuneko, Eleaniztasuneko eta Nazioarteko Harremanetako I. dekanordea; Auxkin Galarraga, Akademia Antolakuntzako eta Irakasleen arloko dekanordea; Irune Suberbiola, Graduondoko dekanordea; Cristina Odriozola, Kalitateko eta Irakaskuntza Berrikuntzako dekanordea; Sandra Castellanos, Ikasleen eta Praktiken arloko dekanordea; José Manuel Martín Osante, Bizkaiko Zuzenbide Fakultateko dekanorde koordinatzailea, eta Aitor Orena, idazkaria.

Zuzendaritza talde berri horren helburuak izango dira, besteak beste, Abokatutzan Sartzeko Masterra indartzea, masterra beste graduondoko espezializatu batzuekin konbinatuz, ikasleak lan merkatuan sartzeko baldintza onenetan egon daitezen lortzeko. Graduak eta graduondokoak nazioartekotzea, atzerriko beste unibertsitate batzuekin harremanak estutzeko eta nazioarteko ikasleak fakultatera erakartzeko. Klinika juridikoa eta Gradu Bikoitza: Zuzenbidea + Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza sendotzea. Eta, azkenik, ezagutza gizarteari transferitzeko jarduerak egitearen aldeko apustu sendoa, Fakultatea zuzenbidearen munduan eztabaidaezina den erreferente sozial bihur dadin.