euskaraespañol

Eztabaida politikoa UPV/EHUn

Noiz eta non

2016/09/08 2016/09/08, 11:30 - 14:00

Irudia

Deskribapena

Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) Politika eta Administrazio Zientzia sailak eztabaida politiko bat antolatu du, datorren irailaren 8rako. Euskal Autonomia Erkidegoko alderdi politiko nagusietako ordezkariek parte hartuko dute eztabaidan, irailaren 25eko hauteskundeen aurreko hauteskunde kanpaina hasi baino lehen.

Sail honek, zerbitzu publikoaren bokazioa edukita, espazio bat izan nahi du diziplina politikoaren hausnarketa, prestakuntza eta gizarteratzea bultzatzeko. Ikuspegi horretatik, eztabaida oinarrizko tresna bat da, proiektu desberdinak kontrastatzeko aukera ematen duena eta, azken batean, gizarte aurrerapena ahalbidetzen duena.

Hori dela eta, sailak, UPV/EHUko Errektoregoaren babesarekin eta Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko ikasleen Eztabaida Taldearen laguntzarekin, eztabaida bat egingo du datorren irailaren 8an, osteguna, 11:30ean, Bizkaia Aretoan (Baroja gela, 2. solairua). Eztabaidan sei alderdi politikotako kideek parte hartuko dute.

Ikasleek dinamizatuko dute eztabaida, eta, beste batzuetan bezala, hori bera izango da ekimenaren elementu erakargarrienetako bat; izan ere, protagonismoa emango zaie unibertsitatean prestatzen ari diren gazteei. UPV/EHUko Eztabaida Taldeko kideek eredu dinamiko bat diseinatu dute: parte hartzaileek labur erantzun beharko dizkiete ausaz eginiko hainbat galderari. Era berean, UPV/EHUko errektoreak eztabaidan parte hartuko du, eta galdera bat egingo die alderdietako kideei, unibertsitate politika arloan beren programa azal dezaten.

EAEko alderdi nagusiak gonbidatu ditugu eztabaidara, eta ordezkari hauek parte hartuko dute: Josu Erkoreka (EAJ-PNV), Miren Larrion (EH Bildu), Eneko Andueza (Socialistas Vascos-Euskal Sozialistak), Cristina Ruiz (Partido Popular), Lander Martínez (Podemos-Ahal dugu) eta Nicolás de Miguel (Ciudadanos).

Ekitaldia irekia izango da hedabideentzat, eta erraztasunak emango zaizkie informatzeko lana egin dezaten.

Ekitaldiari lotutako edozein alderdi argitzeko: UPV/EHUko Komunikazio Bulegoa. 946012065.

@PolitikaEHU

#EHU25Debatea