euskaraespañol

Soziolinguistika Klusterreko zuzendaritza batzordearen bilera UPV/EHUko Gipuzkoako Campusean

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2021/04/29

Irudia
Soziolinguistika Klusterreko zuzendaritza batzordearen bilera. Argazkia: UPV/EHU

2010. urtetik Euskal Herriko Unibertsitatea eta Soziolinguistika Klusterra amankomuneko estrategia ezberdinen garapenerako hainbat lankidetza proiektutan aritu dira eskuz-esku.

2017an, Euskal Herriko Unibertsitatearen “Aktibatu” estrategiaren barruan, fakultateetako eremu ez-formaletako hizkuntzen erabilera neurtzeko proiektua abiatu zuten bi erakundeek. Horrez gain, 2019an euskal soziolinguistikaren arloko ikerlarien lana bultzatzeko eta ikerlari berriak eremu honetara biltzeko helburuarekin, 2008tik Klusterrak antolatzen zuen Txillardegi-Hausnartu sariketa elkarrekin antolatzen hasi ziren.

Bestalde, 2020ko uztailaren 15ean Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte Kontseiluak UPV/EHU Soziolinguistika Klusterreko kide izatea onartu zuen eta ordundik Euskal Herriko Unibertsitateak Klusterreko zuzendaritza batzordean ordezkaritza dauka.

Momentu honetan, Klusterra Euskal Herriko kaleetako hizkuntza-erabileraren VIII. neurketaren prestatze lanetan ari da. Edizio berri honetan, 2016koan bezala, oso garrantzitsua izango da UPV/EHUko ikasleak neurtzaile gisa aritzeko animatzea. Neurketetan parte-hartzen duten ikasleek aukera askeko kredituak konbalidatu ahalko dituzte.

Soziolinguistika Klusterreko zuzendaritza batzordearen hilabeteroko bilera Euskal Herriko Unibertsitateko Gipuzkoako Campuseko Carlos Santamaria Zentroan burutu da, eta aukera aprobetxatu nahi izan dute bi erakundeek euskal gizarteari soziolinguitikaren arloan duten elkarlan sendoaren berri emateko.