euskaraespañol

'Harrotasuna Zientzian' topaketa birtuala

Noiz eta non

2020/11/18, 12:00

Kokapena

Donostia / San Sebastián (Gipuzkoa)

Deskribapena

Donostia International Physics Center (DIPC), CIC nanoGUNE eta Materialen Fisika Zentroak (CFM) “Harrotasuna Zientzian/ Orgullo en Ciencia” ekitaldia aurkeztu dute. Topaketa honen helburua, LGTBIQA+ Zientzian kolektiboari ikusgarritasuna eman eta estereotipo zaharrekin haustea da, ahotsa eta ikusgarritasuna emanez zientzia-sistema osatzen duen jende espektro zabalari, eta belaunaldi berriei zientziaren munduko erreferente berriak eskaintzeko. 

Hitzordua azaroaren 18an izango da, eguerdiko 12etan guztiei irekita (ikusi sarbiderako xehetasunak hemen: Harrotasuna Zientzian). Bigarren hezkuntzako, batxilergoko, eta lanbide heziketako 400 ikasletik gora elkartuko dira ezagueraren adar desberdinetako ikerlariekin. Ikasleek aurretik bidalitako galderei erantzuna emango diete zientzialariek.

Javier Armentia, Iruñeko Planetarioko Zuzendaria, eta PRISMA Zientzian, Teknologian eta Berrikuntzan Aniztasun Afektibo-Sexualerako eta Genero Aniztasunerako Elkarteko kide fundatzailea, izango da saioaren moderatzailea. 

Juani Bermejo-Vega konputazio kuantikoaren alorrean emakume trans ezagun bakanetakoa da, eta seniorrena Europa mailan aipaturiko espezialitatean. Bere karrera batik bat Alemanian garatu du (Max Planck Institutua, Berlingo Unibertsitate Librea) eta, gaur egun, Granadako Unibertsitatean egiten du lan.

Mari Luz Cádiz, doktorea kimikan eta dibulgatzailea, Granadako Unibertsitatean egiten du lan osasungarriak diren konposatu naturalekin. Bere denboraren zati bat dibulgazioari ematen dio (Hablando de Ciencia eta SCENIOko partaidea da) eta emakumeak zientzian duen papera aldarrikatzeari (AMIT elkartea). PRISMAko kide da.

Daniel Martínez-Tong, doktorea fisikan, dibulgatzailea eta Harrotasuna Zientzian ekimeneko kide fundatzailea da. Polimeroen zientzian egiten du lan DIPCn eta CFMn, bereziki nano-egituren fabrikazioan eta hauen azterketan indar atomikozko mikroskopioen bidez.

Laura Muelas de Ayala, Ikus-entzunezkoen errealizazioan goi-mailako teknikaria eta Gizarte eta Kultura Antropologian graduatua da. Gaur egun, plazerraren inguruko praktika feministak ardatz dituen doktoradutza tesia egiten ari da. Gainera, kultura feministaren inguruko Feministaldia jaialdiaren koordinatzaileetako bat da.

Marina Peña kimikaria eta Harrotasuna Zientzian ekimenaren kide fundatzailea da. CFM ikerketa zentroan doktoradutza egiten ari da propietate fisiko-kimikoak aztertuz eskala atomikodun katalizatzaileetan.   

Bizi dugun pandemiak agerian utzi du beharrezkoa dela lan-giroan gizatasuna bermatzea, profesionalei konziliazio eta babes neurriak eskainiz. Gainera, zientziak une eztia bizi du, gizarteak bere osotasunean begi onez ikusten baitu. Horregatik, beharrezkoa da eraiki nahi dugun etorkizuneko oinarriak jartzea. Harrotasuna Zientzian ekimenak erakutsi nahi du zenbat eta anitzagoa orduan eta hobea dela zientzia. “Etorkizun anitz baten alde egiten dugu apustu, aukera-berdintasunean oinarritua” jakinarazi dute antolatzaileek.

Egungo inguru zientifikoa, beste batzuen antzera, lehiakorra eta heteropatriarkala da, baina pixkana orain arte iraun duen arrakastatsuaren irudi estereotipatua (gizona, heterosexuala, cis eta txuria) ari da indarra galtzen zientzialariaren eredu zabal eta aberatsago bati bidea emateko.  

Ekimen honekin, Donostiak bat egin du zientzia bere armario partikularretik ateratzeko lanean diharduten nazioarteko zein estatu mailako #PrideinSTEM eta PRISMA mugimenduekin.