euskaraespañol

Gure txokoak: Gure arkitekturaren begiradarako gune bat

  • Photocampus

Lehenengo argitaratze data: 2021/09/22

Mariano Jiménez irakaslea
Mariano Jiménez, Arkitektura Artxiboetako aretoan. Argazkia: Jorge Navarro. Komunikazio Bulegoa. UPV/EHU.

Garai guztietan, arkitektoek dokumentazio jakin bat behar izan dute, krokis bat, marrazki album apal bat, zirriborro bat. Antzina-antzinatik iritsi dira gureganaino aipatutako arkitektura-alorreko dokumentazioaren aztarnak (Ateen diseinua pergaminoan, garai egiptoarrekoa, K. a. 2858-K. a. 2511; Nippur hiriko buztinezko ohola, K. a. 1500; Suitzako Saint Gall abadiarako oinplanoa, 829; Villard de Honnencourten ohar koadernoa, 1220-1230...); hala, XVI. mendetik XVIII. mendera bitartean arkitektura marrazkiak diseinu libreten bidez biltzeko lan nabarmengarria egin zen. Tradizio horrek gero eta bildumazaletasun handiagoa ekarri zuen, eraikuntzako profesionalak protagonista zirela. Jakin badakigu Sebastiano Serliok Baldasare Peruzziren marrazkiak gordetzen zituela, Vicenzo Scamozzik, berriz, Andrea Palladiorenak, eta Phillip Webek, azkenik, Iñigo Jonesenak. Are gehiago, lehen museoak martxan jarri zirenean, XVIII. mendean, arkitektura objektuekiko interes handia zegoela esan izan digute, eta museoetan hasierako bildumetan parte hartu zuten; halako kasuak dira Kasselgo Fredericarun Museoa (1769-1779) eta Louvre Museoa bera, zeinak hasiera-hasieratik programatu zituen arkitektura erakusketak, mota guztietako materialekin.

Euskadiko arkitektura prestakuntzak gaur egun jarduera nabarmena badu ere, 1977-1978 ikasturtean hasi zen haren garapen akademikoa, hasiera batean Bartzelonako Arkitektura Goi Eskola Teknikoaren sail delegatu gisa, eta 1983tik aurrera Euskal Herriko Unibertsitatean sartu zen. Hala ere, badakigu irakaskuntza arautu hori 1774an egin zela lehen aldiz, Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen menpeko marrazketa eskoletan. Bertan trebatutako gazteek San Fernandoko Arte Ederren Errege Akademiara joan behar zuten geroago, prestakuntza hori osatzeko eta ofizioa gauzatzeko beharrezko arkitekto titulua eskuratzeko. Hala, euskal ikasleen erromesaldi tankerako bat hasi zen, mende eta erdi pasatxo iraun zuena.

Orain aspaldi, unibertsitateko irakasle batek zalantzan jarri zuen zenbateraino den erabilgarria Arkitektura Museo bat, benetako Arkitektura Museoak kalean zeudela argudiatuta. Baliteke hori egia izatea, baina zer egin beharko litzateke eraikina osorik ulertzeko lagungarria den aldez aurreko azterketa eta analisi material guztiarekin? Nora eramango lirateke eraikin bat eraikitzeko sortutako maketa bikain horiek, kontuan izanik jada berriak ez direnean erre edo desagerrarazi egiten direla? Zer gertatuko litzateke gauzatu gabeko proiektu ugari horiekin, oraindik ere gaurkotasun handikoak direla kontuan izanik (goraipatzeko modukoa da hori)?

2018. urteaz geroztik, UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoak, jada 40 urte baino gehiago dituela, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura Zuzendaritzarekin eta Centro Vasco de Arquitectura erakundearekin lankidetzan, eta era horretako jardueren garrantziaz jabetuta, arkitekturako artxiboen zentro bat garatzeko beharrezkoak diren gune fisikoak eta kondizio materialak jarri ditu abian bere instalazioetan (dagokion sare digitalarekin). Zentro horrek Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren (EHAEO) esparruan jarduten du, eta zuzeneko harremana du Centre d'Archives d'Architecture de la Côte Basque zentroarekin. Zeregin horri esker (landa lan garrantzitsu batean oinarrituta, gutxi gorabehera 1 500 000 dokumentuz osatutako ondare batekin eta arkitektoen 71 artxibo pribaturen lokalizazioarekin), gure unibertsitateko ikasleek lanbidearen proiektu memoriarekin harremanetan jartzeko aukera dute, egungo mundu digitaletik igarota, arkitektura proiekzioko material oso aberats eta askotarikoen estimazio fisikoa barne hartuta, lanbideak nolako bilakaera izan duen hausnartzen eta hautematen laguntzeko.

Bestalde, jada erretiratuta dauden ikaskide arkitektoek, beren irakaskuntza lana gure Unibertsitatean egin dutenek, euren lan materialak laga ohi dituzte eta, horrenbestez, gure ondarea handituz doa. Horrez gain, azpimarratzekoa da Eskolan lortu dugun klimax honetan, zenbait irakasgaitan –hala nola Análisis Estructural de Edificios Históricos delakoan–, ikasturte bakoitzean gure artxiboaren zati bihurtzen diren eraikuntza nabarmenen maketa iradokitzaileak egiten direla eta horrek, halaber, egindako lana osatzen duela.

'Archivos de Arquitectura del siglo XX. La memoria de la profesión' ikastaro osagarriak eskuragarri ditugun material horiekin guztiekin harremanetan jartzeko aukera ematen digu: Proiektuen memoriak, horien justifikazioa, aurrekontu ekonomikoa, liburuak, hainbat garaitako arkitektura aldizkariak, marrazkiak, zirriborroak, maketak, grabatuak, postal bildumak, argazkiak eta diapositibak, arkitektura modu zabalagoan eta diziplina gehiagotan oinarrituta balioesten dutenak.

Jarduera hau egiteko egokitutako tokien artean, gaur aurkezten dugun «txokoa» dago. Korridore handi bat da Arkitektura Eskolako hirugarren solairuan, argiztapen natural oparoa duena, apal ugariz, mahai zabalez, planera ugariz eta materialak gordetzeko lekuez osatua, azalpenetarako jarri ditugun horma irudiekin batera, izaera bereizgarria ematen diotenak. Hala, horrelako dokumentuak –asko balio handikoak eta aurkitzeko zaila–, lasaitasun pixka batekin behatu ahal izateko giro bat sortzen da. Gure jardueraren ardatza da horrelako materialei dagokienez egiten duten dinamika, nazioko eta nazioarteko beste zentro espezializatu batzuk, lehen arkitektura museotzat jotzen dena hartuta erreferentzia gisa: Londreseko Soane Museum (1806-1825), hain zuzen. Arkitekto horrek bere etxe estudioa material arkitektonikoak hartzeko leku bihurtu zuen, katalogatzeko eta aztertzeko gune bat eta horrelako materialek eskaintzen zuten arkitektura alorreko erakusketa, dibulgazioa eta eztabaida gauzatzeko diseinu bat.

Gure eraikuntza gehienak eta hiri garapen zabalenak modernitateari dagozkio, eta modernitate horrek eratzen du, hain zuzen ere, egiten dituen esku-hartzeen bidez, gure eraikin tradizionalenen, gure hirien eta gure herrien irudi berritua. Tipologia berrietako askok eta Euskadiko gizarte eta hiri garapenerako lagungarriak diren azpiegiturek, adibidez, berrehun urte dituzte gehienez. Lortu dugun «garapen» maila zabalaren ondorioz, ezer ez dago modernitatetik kanpo; are gehiago, modernitateak diseinatzen ditu bai nola oraina hala iragana. Hainbat termino, hala nola aukera inguruneak, lurraldea garapen faktore gisa, sorkuntzazko guneak, abantaila lehiakorrak, etengabeko berrikuntza, aktibazio fluxuak, erabilera berrien eraldaketa, parametroak adieraztea, erregulatzaile berriak, toki informalak, paradigma berriak sortzea, etab. Makroekonomiak espazio fisikoan duen eragina erakusten dute, zeinetan jada den-denak baitu garrantzia. Baina eguneroko bizitzaren aktibazio oldarkorra alde batera utzita, gure «hiri adimentsuek» sentsibilitate berezia izan behar dute esku-hartze horien ezagutzarekin eta oroimenarekin, eta are gehiago hain bilakaera bizkorra duen egungo munduan, non «berritasuna baita galtzen duen gauza bakarra».

Duela berrogei urtetik baino gehiagotik, Europako Kontseiluak, hainbat gutun, biltzar, hitzarmen, ebazpen eta gomendioren bidez, Europako eskualde guztiek lurraldearen antolamenduan eta arkitektura eta hirigintza ondarearen zaintzan duten eginkizun garrantzitsua kezkagarria dela azaldu du; hala, XX. mendeko ondare arkitektonikoa aipatu izan du bereziki (Ministroen Batzordeak estatu kideei egindako gomendioa (91) 13, Europako Ondare Arkitektonikoaren Ministroen Bigarren Konferentzia, 1985). Halere, 1979. urtera arte, ez zegoen arkitektura iturrien kontserbazioari buruzko printzipioen adierazpenik. Izan ere, jarduera hori etengabe garatu da denboran zehar, eta gaur egun ICAM elkartea daalor horretako erakunderik adierazgarriena, eta mundu osoko 40 herrialdetako 100 erakunde baino gehiago biltzen ditu. Horrelako materialekin garatu dugun dinamika jarduera eremu horren barruan kokatzen da.

Hori da Arkitektura Goi Eskola Teknikoko Arkitektura Saileko Mariano Jiménez Ruiz de Aelek Gure txokoak atalerako aukeratu duen lekua. Testuaren egilea ere da.

Nola iritsi43.312100269205494, -2.0105226395847122