euskaraespañol

Jon Bagüések eta Iñigo de Pequek jaso dute Donostiako Orfeoia-UPV/EHU XIX. saria

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2020/10/26

Irudia
José Antonio Sainz, José María Echarri, Iñigo de Peque, Jon Bagüés eta Agustín Erkizia. Argazkia: Juantxo Egaña

Iñigo de Peque Leozek eta Jon Baguések Donostiako Orfeoia-UPV/EHU XIX. Saria jaso dute. Jon Baguesek saria jaso du musikaren munduari estuki lotutako ibilbide profesional luze eta arrakastatsu izateagatik, Eresbil Musikaren Euskal Artxiboaren arduraduna izan baitzen hogei urtez. Jose Ignacio Ansorena Donostiako Txistularien Udal Bandako zuzendariak saridunaren panegirikoa egin du. Eta, musika ikerketaren saria, berriz, Iñigo de Peque ikertzaileak jaso du, 'Nicolás Ledesma (1791-1883), maestro de capilla y organista en el siglo XIX español' lanagatik. Ekitaldi akademikoan parte hartu dute: Donostiako Orfeoiko presidente José María Echarri eta UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreorde Agustín Erkizia. Halaber, Ekitaldia bukatzean, Donostiako Orfeoiak emanaldi labur bat eskaini du.

Jon Bagüés Erriondoren (Errenteria, 1955) ibilbide profesionala luzea eta oparoa da aldi berean; beti musikari lotuta egon da ahal izan duen modu guztietan, Eresbil Musikaren Euskal Artxiboaren arduraduna izan da hogei urtez, eta aldi horretan erakunde horren onena atera du; gainera, Musikaste jaialdiaren zuzendaria izan da. 1985ean Capilla Peñaflorida sortu zuen, antzinako musika ikertu eta zabaltzeko interpretazio erakundea. Bere ibilbide profesionalean, musikologiaren zein musika dokumentazioaren arloko hainbat biltzarretan –nola Espainiakoetan hala nazioartekoetan– parte hartu du, eta horietako batzuetan lanak aurkeztu ditu. Musika dokumentazioari eta Euskal Herriko musikaren historiari buruzko hainbat artikulu argitaratu ditu, bereziki XVIII. mendekoak. 1979an Arantzazuko Santutegiko musika artxibo zaharraren katalogoa argitaratu zuen.

Gainera, Bagüés Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko, Eusko Ikaskuntzako eta Espainiako Musikologia Elkarteko kide osoa da, eta Musika Dokumentazioaren Espainiako Elkartearen (Musika Liburutegien Nazioarteko Elkartearen adarra) sortzailea eta lehen presidentea izan da.

Musika Liburutegi, Artxibo eta Dokumentazio Zentroen Nazioarteko Elkarteko kide ere izan da; elkarte horretan presidenteorde (2007-2010), «Access to Music Archives» lantaldeko co chair (2008-2017) eta «Outreach Committee» batzordeko chair (2014-2018) izan da ditu. Halaber, kargu hauek ere izan ditu: XVIII. Mendeko Ikasketen Feijoo Institutuko kide elkartua (Oviedoko Unibertsitatea); INAEMeko Musika Kontseiluko kidea (Kultura Ministerioa, 1993-1996); Kulturaren Euskal Kontseiluko kidea (2003-2010); Etxepare Institutuko Patronatuko kidea (2008-2012); ALDEE Artxibategi, Liburutegi eta Dokumentazio Zentroen Profesionalen Euskal Elkarteko kidea; Eusko Ikaskuntzako kidea; Euskal Herriko Txistularien Elkarteko kidea; Dantzaz Dantza Garatzeko Elkartearen Zuzendaritza Batzordeko kidea; Errenteriako Andra Mari abesbatzako bazkidea (Zuzendaritza Batzordeko kide gisa); eta, jakina, Donostiako Orfeoiko bazkidea (gaur egun, oraindik ere haren Zuzendaritza Batzordeko kidea da).

Donostiako, Bartzelonako eta Madrilgo kontserbatorioetan egin zituen musika ikasketak. Filosofia eta Letretako ikasketak egin zituen Donostian eta Bartzelonan, eta musikaren historian espezializatu zen Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Arte Sailaren baitan. Geroago, Artxibistika eta Dokumentazioan espezializatu zen Madrilen. 1990ean doktoretza lortu zuen Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan La Música en la Real Sociedad Bascongada de los Amigos del País lanarekin. Bartzelonan egon zen bitartean, Josep Ricart i Matas Musikologia Institutuarekin lankidetzan aritu zen Kataluniako artxiboak katalogatzeko lanetan.

Iñigo de Peque Leoz Bilbon jaio zen 1988an. Musikaren Historian eta Zientzietan lizentziaduna da Valladolideko Unibertsitatean. Halaber, Hispaniar Musikako masterra eskuratu zuen, baita Musikologiako doktoregoa ere. Doktorego tesia lortzeko, Eusko Jaurlaritzak eman zion PREDOC beka bat baliatu zuen. Gainera, interpretazioko goi mailako tituluduna da, organo espezialitatean, Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegian.

Musikologo gisa, XIX. mendeko iberiar musika ekoizpena interesatzen zaio, bereziki organoari eskainitakoa. Gai horri buruz aldizkari espezializatuetan argitaratu du, esaterako aldizkari hauetan: Musiker, Cuadernos de Música; Revista de Musicología; eta Nassarre, Revista Aragonesa de Musicología. Gainera, Musikene-Donostiako Orfeoiaren I. Saria jaso zuen hemeretzigarren mendeko organo espainiarraren interpretazio teknikari buruzko gradu amaierako lanagatik.

Interprete gisa, hainbat jaialdi nazionaletan parte hartu izan du, hala nola Gipuzkoako Organoak Plazara ekimenean, Musikaste jaialdian edo Focus Abengoa fundazioak Sevillan antolatutako eta Radio Nacional Clásica irrati etxean emandako interprete gazteen zikloan. Horrekin batera, berriki finalista izan da Francisco Salinas II. Organo Lehiaketa Nazionalean.

Gaur egun, Musikologiako irakasle elkartua da Valladolideko Unibertsitatean, eta, horrez gain, organo jotzaile titularra da Bilboko San Anton elizan eta organo jotzaile laguntzailea Bilboko katedralean.

Saritutako lan honetan, Nicolás Ledesma (1791-1883) kapera maisu eta organo jotzailearen ibilbidea aztertzen da, berreraikuntza biografikoa eginez eta haren lana aztertuz. Ikerketa honen bidez, protagonistak Bilboko –bertan eman zituen berrogeita hamar urte baino gehiago lanean–, EAEko eta Espainiako garapen kulturalean lan nabarmena egin zuela frogatu nahi da eta, aldi berean, Ledesmaren eta hemeretzigarren mendeko musika esparruaren inguruan sortutako ekimenen arteko lotura aztertu nahi da. Gainera, esparru pedagogikoarekin eta erlijio musikaren erreformarekin izan zuen konpromisoa frogatzen saiatzen da. Mugimendu horrek, hain zuzen, indar handia hartu zuen XIX. mendearen erdialdean. Ledesmaren biografiari heltzeko orduan, haren bizitza historia landu da. Horretarako, Pierre Bourdieuren postulatu soziologikoak hartu dira oinarritzat eta nahastu egin dira «kultura azterketetatik» ondorioztatutako planteamendu epistemologikoek eskaintzen dituzten ikuspegiekin. Konposizioen azterketari dagokionez, semiotika musikala jarri da erdigunean, tesiaren bloke honetarako ideia nagusitzat K. Agawu, L. G. Ratner, R. S. Hatten edo J. Hepokoski eta W. Darcyren proposamenak hartu baititu.

“Hamar urtez Bilboko Katedraleko Musika Kaperako kide izan nintzen. Talde horretako kapera maisu izan zen Nicolás Ledesma ere, eta gaur egun haren obra asko interpretatzen dira oraindik. Bere errepertorioa (interes musikal eta musikologiko handikoa) eta berari buruz zeuden ikerketa urriak ezagutu nituenean, doktorego tesi baten bidez musikagile honen bizitza berreskuratzea pentsatu nuen, eta ekimen horrek sortu zuen lan hau”.