euskaraespañol

Juana Goizueta Vértiz irakasleak jaso du Domingo Arizmendi Dekanoa Etika Juridikoaren Saria

Gipuzkoako Abokatuen Elkargoak zuzenbidearen esparruan egindako ibilbide eta lan profesionala aitortu dizkio

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2022/12/20

Irudia
Domingo Arizmendi Gipuzkoako Abokatuen Elkargoko dekano ohiak Juana Goizuetari saria ematen | Argazkia: Gipuzkoako Abokatuen Elkargoa

Gipuzkoako Abokatuen Elkargoak Juana Goizueta Vértiz Euskal Herriko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateko irakasleari eman dio Domingo Arizmendi Dekanoa Etika Juridikoaren V. Saria: “Bere ibilbide eta lan profesionalagatik. Izan ere, bere ibilbide profesionalean zehar zorroztasunaren, profesionaltasunaren, elkartasunaren, eskuzabaltasunaren, materiala denarekiko interesik ezaren eta printzipio etikoekiko irmotasunaren adibide izan da. Fidagarritasun etikoaren eta deontologikoaren balioak transmititu ditu Zuzenbidean, eta gizarteak balio horiek lanbide juridikoarekin lotuta dauden balio gisa ulertzen du horri esker”.

Juana Goizueta Vértiz irakasleak poz handiarekin jaso du saria: “Izan ere, gaur egun bizi dugunaren gisako momentuetan, hau da, balio krisi batean murgilduta gauden momentuetan, oso esanahi garrantzitsua hartzen du horrelako sari batek. Era berean, oso pozik sentitzen naiz, uste baitut sari honek ez duela aintzatesten nire ibilbide profesionalean egindakoa bakarrik, gauzak egiteko modu bat baizik, eta niretzat are garrantzitsuagoa da hori”.

Juana Goizueta Vértiz Zuzenbidean lizentziaduna da Nafarroako Unibertsitatean (1992) eta doktorea Euskal Herriko Unibertsitatean (2006). 1994az geroztik, Konstituzio Zuzenbideko irakasle agregatua da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta hainbat ikerketa egonaldi egin ditu atzerrian. Europako eta nazioko hogei ikerketa proiektutan baino gehiagotan parte hartu du, eta gaur egun Eusko Jaurlaritzaren ikertalde finko hau zuzentzen du: «Funtsezko eskubideen diziplina anitzeko eta mailarteko interpretazioa, ikuspegi intersekzionala eta sistemikoa duen diskriminazioaren aurkako zuzenbidea abiapuntutzat hartuta». Berrogeita hamar argitalpenen baino gehiagoren egile/egilekidea da eta kongresu askotan parte hartu du, Estatuko eta nazioarteko foroetan hitzaldiak emanez. Era berean, irakaslea izan da hainbat masterretan, honako hauetan, besteak beste: Emakume eta Gizonen Berdintasuneko Masterra; Zuzenbidearen Soziologiako Nazioarteko Masterra; Europar Batasuneko Immigrazioari eta Garapenerako Lankidetzari buruzko Online Masterra; Coruñako Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateko Europar Batasuneko Ikasketei buruzko Master Ofiziala; Europar Batasuneko Integrazio Politikoari eta Batasun Ekonomikoari buruzko Unibertsitate Master Ofiziala; eta Gizarte Demografikoari, Estatuari eta Zuzenbideari buruzko Unibertsitate Master Ofiziala. Europako Konstituzioari buruzko goi mailako ikastaro interaktiboaren Idazkaritza Akademikoko kide izan da, bai eta Europar Batasuneko Immigrazioari eta Garapenerako Lankidetzari buruzko Masterreko Batzorde Akademikoko kidea eta zuzendaria ere (EBren eta Latinoamerikaren arteko Harremanen Behatokia), Zuzenbide Publikoko Institutuko kidea da (Bartzelonako Unibertsitateko Ikerketa Zentro Berezia), bai eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Etika Instituzionaleko Batzordeko kidea ere, eta kargu ugari izan ditu eta ditu: UPV/EHUren barruan, besteak beste, Zuzenbide Fakultateko dekanoa izan da 2013ko azaroaren 7tik 2022ko uztailaren 13ra; Euskal Herriko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateko Justizia Sozialaren aldeko Klinika Juridikoko zuzendarikidea; Graduondoko Batzordeko kidea; eta Espainiako Zuzenbide Fakultateetako Dekanoen Konferentziako lehendakariordea. Gaur egun, UPV/EHUko Graduondoko Sare Latinoamerikarreko zuzendaria da.