euskaraespañol

Euskal Herriko Unibertsitateak Logopediako gradua eskainiko du hurrengo ikasturtean

2024-2025rako graduondoko eskaintza osatuko dute bi titulu berri hauek: adimen artifizialari buruzko masterrak eta musikako doktoregoak

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2023/10/20

Irudia
Logopediako gradu berria Psikologia Fakultatean eskainiko da, Gipuzkoako Campusean. | Argazkia: UPV/EHU.

UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak, Arabako Campuseko Farmazia Fakultatean hilaren 19an egin duen bilkuran, argi berdea eman dio 2024-2025 ikasturteko eskaintza akademikoa zabaltzeari. Titulu berriak behin betiko formalizatzeko, dagokion tramitazioa egin beharko da Gizarte Kontseiluan eta Unibertsitateen Kontseiluan, eta UNIBASQen (Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentzia) aldeko ebaluazioa lortu beharko dute.

Eva Ferreira errektorearen hitzetan, “ikasketa berri hauek onartzeak berretsi egiten du UPV/EHUk unibertsitate generalista gisa duen irudi ezin hobea, jakintza arlo guztiak barne hartzen dituena, den-denak bikaintasunaren eta zorroztasunaren ikuspegitik. Logopediari dagokionez, gizartean oihartzun zabala duen behar bat da, eta erantzun egin nahi diogu horri. Adimen Artifiziala hedapen gero eta handiagoa duen arlo bat da, eta Musikako doktorego programak maila gorenera eramango du arte diziplina hori, Europako punta-puntako zentroen mailara hain justu: Helsinkiko Sibelius Akademia, Gratzeko Arteen Unibertsitatea edo Tallingo Musika eta Antzerki Akademia. Azken batean, premia berriak detektatzen ditugu gizartean eta saiatzen gara horiei erantzuten, behar horiek egokituta gurea bezalako unibertsitate publiko baten arkitektura akademikora”.

Logopediako gradua

Logopediako gradua da onartu berri den tituluetako bat. Psikologia Fakultatearen eskaintza akademiko berrituaren parte izango da, eta martxan dago jada ere Psikologiako graduaren ikasketa planaren eguneratzea. Hala, fakultateak kalitate eta gaurkotasun handiko eskaintza akademikoa izango du 2024-2025 ikasturtean.

Logopediaren helburu nagusia da ebaluazio, diagnostiko eta tratamendu lan bat egitea edozein adinetako pertsonen hizketaren, ahotsaren, ahozkoak ez diren aho funtzioen, ahozko eta idatzizko hizkuntzaren eta beste komunikazio modu batzuen nahasteetan. Halaber, logopedaren eginkizun garrantzitsua da ere esku-hartze prebentiboak planifikatu eta gauzatzea, nahaste hauen eragina txikitzeko eta aho eta komunikazio funtzioak hobetzeko. Logopedak lan egin dezake bai bakarka bai talde multiprofesionaletan, arlo publikoan edo pribatuan, nagusiki hiru arlo hauetan: osasun arloa, hezkuntza eta arlo sozio-asistentziala. Gizartean eskaera zabala duen titulazio bat da eta, zenbait azterlanen arabera, gaur egun profesional gehiago behar dira EAEko eskaerari erantzuteko.

Logopediako graduak 40 plaza eskainiko dizkie euskara, gaztelania eta ingelesa menderatzen dituzten ikasle hirueledunei, hiru hizkuntza horietan emango baitira irakasgaiak. Gainera, ikasle batzuek aukera izango dute prestakuntza dualeko ibilbidea egiteko. Graduak lanbide arautu batean aritzeko gaitasuna emango du, gizartean eskaera gero eta handiagoa duen lanbidea, eta aukera emango du, lehen aldiz, euskaraz trebatzeko diziplina honetako profesionalak.

Adimen Artifizial Industriala eta Ordenagailuz Lagundutako Ingeniaritza masterra

Adimen Artifizial Industriala eta Ordenagailuz Lagundutako Ingeniaritza masterrak 25 plaza eskainiko ditu eta Gasteizko Ingeniaritza Eskolan emango da 2024-2025 ikasturtetik aurrera. Ingeniaritzako gradudunen prestakuntza behar jakin batzuei erantzungo die; zehazki, prestakuntza espezializatu bat jaso nahi dutenak irudien prozesaketan, prozesu industrialen kontrolean, robotikan eta energiaren sorkuntza, biltegiratze eta banaketan adimen artifizialak izan dezakeen aplikaziora bideratutako industria tekniketan. Helburua izango da ikasleek baldintza birtualetan diseinatzea, kostuak murrizteko, amaierako produktuaren kalitatea hobetzeko eta diseinuak optimizatzeko, hori guztia ordenagailuz lagundutako ingeniaritzaren ikuspegitik. Master berri honek osatuko ditu industriari eta ordenagailuz lagundutako ingeniaritzaren garapenari aplikatutako adimen artifizialaren arloko ingeniaritza ikasketak.

Musikako doktorego programa

Azkenik, Gobernu Kontseiluak argi berdea eman dio ere UPV/EHUk 2024-2025 ikasturtetik aurrera eskainiko duen musikako doktorego programari, Musikene - Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiarekin elkarlanean. Programak ateak zabalduko dizkie urtero tesia musikaren alorrean egin nahi duten 15 ikasleri. Horrela, beren ikerketa ibilbidea jarraitu ahal izango dute Musikeneko eta UPV/EHUko ikasleek, bai eta irakasleen prestakuntza masterrean Musika Hezkuntza, Dantza eta Arte Eszenikoak espezialitate arrakastatsua egiten ari diren ikasleek ere (2023-2024 ikasturtean sortu eta plaza guztiak bete dituen espezialitatea). Prestakuntzak, musika interpretazioa eta sorkuntza lantzeaz gain, musika uztartzen du zeharkako ikuspegi batetik beste diziplina, arte eta zientzia batzuekin.