euskaraespañol

UPV/EHUk abian jarri du Zurezko Egitura, Eraikuntza eta Diseinuko Masterra

Zurezko eraikuntza sektore gero eta indartsuagoan espezialistak trebatzeko beharrari aurre egiteko sortu da

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/06/20

Irudia

Euskal Autonomia Erkidegoak sendo egin du zuraren alde, bere etorkizunaren eta eraikuntza sektorearen bultzaindar izan dadin. UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoak, Eusko Jaurlaritzaren eta Baskegur, Euskadiko Egurraren Elkartearen babesaz, oinarrizko aurrera pauso bat eman du profil teknikoa duten profesionalak trebatzearen aldeko apustua eginez. Era horretan, espezialisten gero eta eskari handiagoari erantzun ahal izango dio, Zurezko Egitura, Eraikuntza eta Diseinuko Masterra sortuz.  

Graduondoko berri hori, gaitasun profesionalagatik batez ere, nagusiki zuzentzen zaie arkitektura eta ingeniaritza munduko profesionalei, eta zurean interesa edukita arlo honen ezagutzan sakondu nahi duten pertsonei. Masterra bakarra eta erreferentea izango da EAEn, Eusko Jaurlaritzak zura sustatzeko egin duen apustuan kokatuta, eta sektoreko irakasle itzaltsuenak izango ditu. Konbinatuko ditu teoria, praktika, adituekiko harremanak, teknologia guneetako zein enpresetako bisitak, eta diseinuko zein kalkulurako tresna aurreratuenak.

“Segurua da zurezko egiturei buruzko espezialisten eskaria gehiagora joango dela hurrengo urteetan, eta Euskadi prest egon behar da dagoeneko heltzen ari denerako”, Oskar Azkarate Baskegurreko zuzendariak adierazi duenez. Baskegur EAEko basogintza eta zurgintzako elkarte profesional garrantzitsuena da.

Zura eraikuntzaren industria iraunkor berrian erreferentziazko materiala izanik, materia horren bidez diseinatu, kalkulatu eta eraikitzeko tekniken ezagutza ezin besteko betekizuna da etorkizuneko arkitekturaren diseinatzaileentzat.  Eraikuntzaren industria berriak, arkitektura estudioek, kalkulu ingeniaritzek, aholkularitzek eta eraikuntza enpresek pertsona oso kualifikatuak eta trebatuak eskatuko dituzte diziplina hauetan.

Masterrak 60 kreditu izango ditu, eta 4 aditu ikastarotan egituratuko da, 15 kreditu bana. “Masterra ikasleetara egokitzeko pentsatuta dago; osorik egin daiteke, edo adituen arabera. Aditukako ikastaroak aldi desberdinetan egin daitezke eta, 4 aditu ikastaroak behin amaituta,  master titulua eskuratzen da”, hala adierazi du Josemi Rico Batzorde Akademikoko kideak. Aditu ikastaroak banaka egin ahal izango dira, eta era horretan aditu titulu hori lortuko da. Gainera, espezialista titulu bat ere eskaintzen da, 30 kreditu dituena. Kalkulu estrukturalari zuzenen lotutako gai zerrenda biltzen du bereziki, Bertako Zurezko Egituren Kalkulu eta Eraikuntzako Espezialista titulu izenaz.

Klaseak gaztelaniaz emango dira, ostiral eta larunbatetan, UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoan eta Carlos Santamaria Zentroan, Donostian.