euskaraespañol

Azaroan, literatura eta filosofia Pentsatu! jaialdian

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/11/08

Irudia
Aurtengo edizioaren antolatzaileak, Ekai Txapartegi, Iker Villanueva, Itsaslore Yarza, Iñigo Galtzakorta. Argazkia: UPV/EHU

Euskal Herriko Unibertsitateko Filosofiako Graduko hainbat irakasle eta ikaslek Pentsatu! jaialdia antolatu dute hirugarren aldiz, Euskaltzaindiak, Kutxa Kultur-ek, Donostia Kulturak eta AGORA Elkarteak lagunduta, pentsamendua giro ludiko eta parte-hartzailean zabaltzeko asmoz. Iazko publiko arrakastaren ondorioz, aurten 3 egunetik 5 egunetara luzatu dute egitaraua, beti ere Filosofiaren Nazioarteko Egunaren inguruan (azaroak 21). Jarduera Donostia Kulturak antolatutako Literaktum Jaialdiaren baitan antolatu da.

Aurtengo gaia “emakumeak eta pentsamendua” izanik, jaialdia hasiko da azaroaren 16an eguerdiko 12:00etan, Tabakaleran. Mikro-eztabaiden bitartez, sei emakumek feminismoaren ekarpenak filosofian, artean eta gizartean azalduko dituzte. Bestalde, Itxaro Borda idazleak bere azken eleberria aurkeztuko du, Antonio Casado campuseko Hedakuntza Zuzendariarekin eta Filosofiako ikasleekin eta irakasleekin solasean azaroaren 20an, Euskaltzaindiaren Luis Villasante Ikerketa Zentroan, 11:30etan.

Azaroaren 15 eta 22an, Euskal Herriko hainbat herritik etorritako Batxilergoko berrehun bat ikasleek goiz osoa emango dute Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean, lantegien bidez filosofia modu praktikoan esperimentatzeko.

Amaitzeko, azaroaren 23ean, 12:00etan, Kaxilda liburudendan, jaialdiak

bi idazle nafar elkartuko ditu, Angel Erro eta Iñigo Astiz, aski ezagunak euren kazetaritza lanagatik, aurten argitaratu dituzten literatur lanak aurkezteko asmoz. Angelek dietario bat dakar eta Iñigok, aldiz, poema-liburu bat. Bi liburuok eta bi generook oinarri hartuz, bada, poesian pentsatzetik prosan pentsatzera dagoen tarteaz hausnartuko dugu, bai eta literaturaren eta pentsamenduaren artean dagoen tarteaz gozatzeko ere. 

Jarduera guztiak libre eta dohainik dira, aforoa bete arte.