euskaraespañol

UPV/EHUko Uda Ikastaroek 40 urte beteko dituzte etorkizunari buruzko gogoeta egitera gonbidatuz

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2021/04/14

Irudia
Uda Ikastaroen 40.edizioaren aurkezpena. Argazkia: Mitxi. UPV/EHU

BBVA Fundazioaren Bilboko egoitzan, Eva Ferreira Euskal Herriko Unibettsitateko errektore eta Uda Ikastaroen presidenteak, BBVA Fundazioaren zuzendariak eta Itziar Alkorta Uda ikastaroen zuzendari akademikoak Uda Ikastaroen 40. edizioa aurkeztu dute, 'Berrikas dezagun' lemapean.

Edizio honetan, berriro ere, bi modalitatetan eskainiko dute UPV/EHUko Uda Ikastaroek programazioa: presentziala eta zuzeneko on-line. Bigarren modalitate horrek oso ondo funtzionatu zuen 2020an eta aukera eman zuen geografikoki urrun zeuden ikasleengana heltzeko. Oztopoak gainditu ziren eta orain bost kontinenteetara iristen dira Uda Ikastaroak.

Aurtengo edizioaren eskaintza zazpi erronketan oinarritzen da:

Hezkuntza, gizartea garatzeko faktore gisa. Zer eta nola irakatsi. Ikasten ikastea eta irakasten ikastea. Esperientzia onenetatik ikasiz, eta arreta haurrengan ipiniz, haiek baitira gizarte bidezkoago, jasangarriago eta, beraz, aberatsago bat eraiki behar dutenak. Desberdintasunean oinarritutako gizarte bat gizarte jasangarria ez dela ikastea.

“Eskolaren erronka digitalak” bezalako ikastaroek aukera emango dute gogoeta egiteko etorkizuneko eskolaren gaitasun digitalei buruz.

Zahartzea. Gizarte zahartu batean bizi gara, eta gero eta zaharragoa izango da. Hori lorpentzat ere har daiteke. Dena dela, nola bizi nahi dugu gure zahartzaroa? Zer zaintza eredu nahi dugu? Nola birpentsatu gure bizilekuak, hirian nahiz landa eremuan, sozialki jasangarria izango den bizikidetza lortzeko? Lehen mailako profesionalak eta akademikoak arduratuko dira ikastaro hauek eta beste batzuk (hala nola Belaunaldien Arteko Itunari buruzkoa) zuzentzeaz.

Ingurumen, ekonomia eta gizarte iraunkortasuna. Behartuta gaude goitik behera birplanteatzera gure bizi estiloak, ingurumena babesteko. Ohitura zaharrak berreskuratzea eta teknologia berrien bidez eguneratzea. Jasangarritasun ekonomikoa, ezin delako ate bat itxi beste bat ireki gabe, eta gizarte jasangarritasuna, gure kulturak ere birpentsatu behar ditugulako. Gai horiek eta beste batzuk aztertuko dira BC3 zentroak “Green Deal: inflexio puntua krisi klimatikoaren aurrean?” izenburupean emango duen uda ikastaroan.

UPV/EHUko Uda Ikastaroek sustatutako Donostia Sustainability Forum plataformatik, hainbat proposamen mahaigaineratuko dira uda honetan (laster azalduko dira haien edukiak).

Pandemia. COVID-19ak ezustean harrapatu gintuen eta bat-batean dena irauli zuen. Gure zaurgarritasunaz ohartu ginen, gure buztinezko oinarriez eta akats handiez. Ezkutuan zeuden errealitateak azaleratu ziren, eta dar-dar batean jarri zituzten gure aurrerabidearen zutabeak, gure osasun sistema eta gure balio moralen eskala. Ikasi egin behar dugu, begirada norabide egokian jartzen berrikasi. Berrikasi, adibidez, osasun publikoa pertsona guztiak barne hartzen dituen kontzeptua dela. Beste proposamen batzuen artean, Gipuzkoako Erizainen Elkargoak eta UPV/EHUk funtsezko ikuspegiak azalduko dituzte bizi izan dugun errealitatearen alderdi etikoei buruz.

Gobernantza. Pandemiak agerian utzi ditu gure egitura politikoaren arrakalak, herritarren agintariekiko urruntasuna, haien konfiantzarik eza, arau juridikoen hutsuneak eta zaharkitzea, Europaren eta Espainiako estatuaren erronka direnak. Behin eta berriz aldarrikatu den “kogobernantza” protagonistetako bat izango da edizio honetan.

Generoa. Urte gehiegi igaro dira mugimendu sufragista eta feminista jaio zenetik. Lema asko aldarrikatu dira, baina beharbada arazoa da dagoeneko eslogan bihurtu direla. Kontua da helburu horietan sakontzea, kamiseta baterako eslogan huts izan ez daitezen, errealitate bihurtuko diren proposamenak baizik. 

Emakunderen proposamenak arreta ipiniko du zaintza erdigunean jarriko duen gizarte bat eraikitzeko egin behar diren urratsetan.

Euskal kultura. Duela gutxi berpiztu egin da euskaldunon antzinatasunari buruzko polemika. Polemika horren oihartzuna bildu nahi duen ikastaro bat izango da: euskara Antzinaroan. Gainera, Mintzolaren eta beste euskal sortzaile batzuen esperientziei ere erreparatuko zaie.

Berrikasteko prozesu honetan, badakigu ZUK eta NIK pentsaera desberdinak ditugula eta ZU eta NI, solasaldi lasai batean, ondorio desberdinetara iritsiko garela. Partekatu egingo dugula eta, beraz, ikasi egingo dugula.

Motor txiki horrek bultatzen du Topaguneak mantentzera. Edizio honetan, 6 izango dira Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gobernantza Departamentuaren eskutik antolatuko diren topaguneak, metodologia parte hartzaile horiek sustraitzeko gure buruko baratzeetan.

Uda Ikastaroen 40. urteurrenean, jasotzen dutenagatik erantzun nahi dute, eta Iparragirreren mezua bete, “Eman ta zabal zazu”, Chillidak horren maisuki jaso zuena UPV/EHUren logoan, Uda Ikastaroena ere badena. 

Gaur, apirilaren 14an, zabalduko da UPV/EHUko Uda Ikastaroen 40. edizioaren matrikula aldia. Ikus ikastaroen web orrian proposamen guztiak.