euskaraespañol

María Dosil-Santamaría, Amaia Eiguren Munitis, Anaitze Aguirre Larreta, Itxaso Fernandez-Astobiza, Maitane Picaza Gorrotxategi, Naiara Ozamiz Etxebarria,

Emakume migratzaileak, gure bizilagun ikusezinak

UPV/EHUko ikertzaileak

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2022/10/10

Irudia

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Espainiako hegoaldea, berotegien bidezko nekazaritza eredu intentsiboarekin, baratzeko produktuen nazioarteko ekoizle handi bihurtu da. Almería (32.000 hektarea) eta Huelva (11.000 hektarea) dira gehien ekoizten duten probintziak.

Migratzaileek egiten dute lan hori, lan prekarioa eta gaizki ordaindua. Kontratudun langileak eta “paperik gabeko” beste batzuk nahasten dira. Egoera hori dela eta eta sasoiko langileentzako ostaturik ez dagoela eta, kokagune txabolista ugari agertu dira bai Almerían bai Huelvan.

Txabolak palet, kartoi eta plastikoarekin eginda daude; hondakinen artean eraikitzen dira, eta ez dute ez elektrizitaterik ez txorrotako urik. Datu ofizialen faltan, kalkuluen arabera, 7.000 pertsona inguru bizi dira Almeríako kokaguneetan, eta 5.000 pertsona Huelvakoetan.

Emakumeen egoera

Gero eta emakume gehiago bizi dira txaboletan. Gehienak Marokotik iritsi ziren Huelvara, jatorrian kontratua sinatuta, nekazaritza kanpainan lan egin, eta etxera bueltatzeko. Baina, migratze prozesuak bera dela eta, hitzartutako baldintzak betetzen ez direla eta eta are sexu abusuko egoerak direla eta, ustiategi horietatik atera dira, eta kokagune horietan amaitu dute.

Elkartasunaren aldeko Aliantza Elkarteak (ActionAid) Níjarrek (Almería) eta Palos de la Fronterako (Huelva) emakume horien errealitatera hurbildu da; haien historien bidez, kokagune horietan nola bizi diren eta etorkizunerako zer amets duten jakin ahal izan dugu.

Haien lekukotasunak (asmatutako izenak erabili ditugu) bete ez diren ametsez eta orain bizi duten errealitatearen kontrasteaz mintzo dira.

“Espainian dena zegoela pentsatzen nuen. Asko sufritu dut; lana bilatzeko, paperak bilatzeko, denerako. Ez nuen pentsatzen txabola batean biziko nintzenik”, esan du Rachidak.

“Kokagune txabolista batean bizitzea oso gogorra da. Lau egun daramatzat argirik gabe eta, janaria erosten baduzu ere, txarra jartzen da. Oso urrutitik ekarri behar dugu ura eta ezin da edan”, azaldu du Fátimak.

Emakume indartsuak eta borrokalariak dira, eta dituzten zailtasunak are zailtasun handiagoak dira emakumeak direlako: seme-alabak dituzten amei mugikortasuna mugatzen zaie, egoera irregularrean dauden emakumeek errazen egin dezaketen lana berotegietakoa da, baina nekazariek uste dute ez direla gizonak bezain gai. Kasu batzuetan, sexuaren trukean lana eskaintzen dietela esan digute.

Baliabiderik ezak eta muturreko beharrak bultzatuta, prostituzioan amaitu dute zenbait emakumek, Nayatek esan duten bezala:

“Prostituitu beste erremediorik ez duzu. Jan ezinda egon naiz; nik neuk nire arnasketa saltzen dut, gogorra da”.

Paperak

Maiz egoten dira suteak, txabolen materialak, lotura elektrikoak eta berotzeko metodoak direla eta. Suteak daudenean, duten gutxi hori galtzen dute. Hala ere, beldurrik handiena dokumentazioa edo erregularizazioa lortzeko biltzen joaten diren “probak” erretzea da

Anisahk bere esperientzia kontatu ditu:

“Sute bat egon zen eta nire seme-alabak hartu eta korrika irten nintzen; motxila besterik ez nuen hartu, eta, barruan, paperak. Paperak dira garrantzitsua: txabola erre daiteke, baina paperak ez”.

Emakume horien guztien helburua da “paperak” izatea, Espainian legezko bizileku baimen bat izatea, bizitzak hobetzeko; “kontraturik gabeko lana oso gogorra da eta egin behar duzu, paperak ditudanean dena hobeto joango da”, baieztatu du Aminak.

Paperak lortzeko aukera erabiliena “errotze soziala” da eta, horretarako, frogatu behar dute hiru urtez egon direla bizitzen Espainian. Erroldaren bidez, lan eskaintza baten bidez, gizarteratze ziurtagiri baten bidez edo herrialdearekiko nolabaiteko familia loturaren bidez frogatu dezakete. Baina Níjarreko eta Palos de la Fronterako udalek, beste batzuen artean, ez dute legea betetzen, eta herri horietako bizilagun izateko eskubidea ukatzen diete txaboletan bizi direlako.

Azterlana eta dokumentala

'Vecinas, vivas donde vivas' izena duen eta orain dela gutxi argitaratu den azterlanean, emakume horiek aipatu kokaguneetan dituzten baldintzen diagnostiko bat aurkezten da.

Eta izen bereko dokumental batek erregularizatzeko dituzten zailtasunen berri ematen digu (zailtasun horiek direla eta, kokaguneetan bizi beharra dute eta, gainera, beren garapen pertsonala mugatzen da).

Horregatik, premiazkoa da indarrean den legedia betetzea eta bizi diren txaboletan erroldatzea.

Unibertsitaterako irakaskuntzak

Kasu zehatz hori oinarri hartuta, Almeríako Unibertsitateak, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak eta Ongi Etorri Errefuxiatuak migratzaileen eta errefuxiatuen defentsarako euskal plataforma sozialak elkarlanean aritzeko proposamen bat planteatu da. Helburua da errealitate hori ezagutzea eta Gizarte Hezkuntzako Graduko irakasle eta ikasleekin partekatzea.

Gizarte eta hezkuntza arloan egingo den esku hartzearen barruan, hainbat jarduera egingo dira dokumentaleko protagonistek bizi dituzten justizia eta berdintasun ezaren egoeren ardatz komunarekin, eta, gainera, elkartasunari, inklusioari, erregularizazioari eta giza eskubideei buruzko eztabaidetarako espazioetan parte hartzeko da.