euskaraespañol

Harria, giza garuna ezagutzeko bidea

Paleolitoko gizakien lateralitatea dute aztergai UPV/EHUko zenbait ikertzailek, hots, zer esku erabiltzen zuten beren tresnak lantzeko

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2015/09/23

Irudia

‘Flint knapping and determination of human handedness. Methodological proposal with quantifiable results' artikuluaren egilekide den Eder Domínguez-Ballesterosek dioenez, gure garunaren antolatzeko erarekin lotuta dago lateralitatea: gorputz-adarrek zerbait egin behar dutenean, eginkizun desberdinak agintzen dizkio haietako bakoitzari. Lateralitatea eta haren jatorria zein garapena aztertzea lagungarri da hobeto ulertzeko garunaren antolakuntza, haren asimetriak eta horien bilakaera.

Gizakiok gure gorputzaren alde bat lehenesteari deitzen zaio "lateralitatea"; eskuina edo ezkerra izateari, adibidez, edo nagusiki begi edo belarri jakin bat erabiltzeari... Eder Domínguez-Ballesteros geologo eta primatologoaren iritzian, "litekeena da gizakion jokabide lateralizatuak nolabaiteko isla utzi izana gure produktu teknologikoetan, batez ere manufakturatutakoetan. Bestalde, gizakion lateralizazio-prozesua aztertzeko, informazio-iturri bikaina dugu harri-taillaketa, zeina berezkoa baitu gizakiak eboluzioaren lehen faseetatik".

Honela egin da ikerketa: "Harri-ezpalak aztertu ditugu. Harri-taillaketa baten emaitza izan daitezke ezpalak, edo hondakin bat, edo tresnaren bat egiteko gaia. Ezpalaren orpoari begiratu diogu guk, han islatzen baita kolpekatze-plataformaren parte bat. Plataforma horretako hausturen orientazioa, berriz, kolpekatzeko gailuaren talkak han markatutako noranzkoaren araberakoa izaten da. Talkaren noranzkoa jakinez gero, eskuineko eskuaz edo ezkerrekoaz egina den jakin daiteke, fidagarritasun-maila handiz jakin ere", azaldu du Domínguez-Ballesterosek.

"Talka nukleoko gune berean egingo badu, birarazi egin behar du taillatzaileak, eskuina nahiz ezkerra izan, alde batean edo bestean jartzeko. Angelu berberaz erabiltzen dute kolpekatzeko gailua eskuinek eta ezkerrek, baina kontrako noranzkoetan", dio ikertzaileak, zeinak beste hau ere erantsi duen: "Ezpalak ateratzen diren lehengai-puskari deitzen zaio 'nukleo'; 'kolpekatze-plataforma', berriz, nukleoa kolpekatzen den azalerari".

Harri-ezpal bat, taillatzaile bat

Tothek egin zituen,1985ean, harri-ezpalen bidez giza lateralitatea zehazteko lehenbiziko lanak. Antzinako gizakien taillatze-jardueren ohiko emaitza ziren, izan ere, harri-ezpalak. Ikertzaile horren iritziz, taillatzaile eskuin batek noranzko destrogiroan (erloju-orratzen noranzko berean) biraraziko zukeen nukleoa, ezpalak erauzi ahala; taillatzaile ezker batek, berriz, kontrako noranzkoan (lebogiroan). Gerora egindako zenbait ikerketak (Patterson eta Sollberg), ordea, besterik frogatu zuten: taillatzaile ezker batek zenbait ezpal eskuin erauz ditzake (eta alderantziz).

Handik urte batzuetara, harri-ezpalaren kolpekatze-konoaren orientazioa aztertu zuten Ruggek eta Mullanek, eta kolpekatze-angeluaren noranzkoarekin lotu zuten; Bargallók eta Mosquerak, ordea, zera frogatu zuten: taillatzailearen lateralitatea zehazteko ez zela aski Rugg eta Mullaneren metodoa. Domínguez-Ballesterosek eta Álvaro Arrizabalagak, azkenik, harri-ezpal bakoitza eta hura erauzi zuen tallatzailearen lateralitatea uztartzeko metodo bat proposatzen dute. Metodo horrek ez du eskatzen taillatzaile berak erauzitako hainbat harri-ezpal aztertzea. Metodo estentsiboa da, hots, azterketa arkeologikoaren garai bati baino gehiagori aplika dakioke.

Erreferentzia bibliografikoak

E. Dominguez-Ballesteros, Á. Arrizabalaga, 2014. Laterality in the first Neolithic and Chalcolithic farming communities in northern Iberia. Laterality, 20, 371–387. doi:10.1080/1357650X.2014.982130

E. Dominguez-Ballesteros, , Á. Arrizabalaga, 2015. Flint knapping and determination of human handedness. Methodological proposal with quantifiable results. The Journal of Archaeological Science. doi:10.1016/j.jasrep.2015.06.026

 

Argazkia: UPV/EHU