euskaraespañol

Biofisika Unitatea eta Achucarro, bioirudiaren Europako partzuergoko kide

Teknologia eta ezagutza eskainiko diote 2017an indarrean izango den Euro-BioImaging erakundeari

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2016/01/29

Irudia

Biofisika Unitatea (CSIC-UPV/EHU) eta Achucarro Basque Centre for Neuroscience (EHU taldea) zentroa bioirudiaren ikerkuntzari buruzko Europako partzuergoa izango den Euro-BioImaging (EuBI) erakundearen lehen belaunaldiko nodo edo zentro elkartuetako bi izango dira. Europako irudi biomedikoko teknologien garapenerako koordinazio eta harmonizaziorako tresna izateko helburuarekin sortuko da Euro-BioImaging.

Euro-BioImaging 2017rako operatibo egotea itxaroten da. Bioirudiaren abangoardiako teknologia eskuragarri jarriko die Europa osoko ikerketa taldeei, eta baita teknologia horien zerbitzua eta gaikuntza ere, zientzialari, industrialari eta eskualde eta europar agintarien arteko lankidetza eta elkarlana sustatuz.

Berriki, Euro-BioImaging (EuBI) erakundeak funtsezko pausu bi eman ditu Europako Ikerkuntzarako Azpiegituren Partzuergo (ERIC, ingelesezko sigletan) bezala eratzeko. Alde batetik, koordinaziorako hiru aldeko ardatz bat sortu du (EuBI Hub) Finlandiako Turku BioImagin-ek (erakundearen estatutu-egoitza hartuko duena), Italiako Turingo Unibertsitateak (Med Hub edo medikuntzako irudientzako toki espezifikoa) eta Alemaniako Biologia Molekularraren Europar Laborategiak (Bio Hub edo irudi biologikoentzako tokia) osatzen dutena.

Eta, beste alde batetik, 28 erakunde izendatu dituzte Euro-BioImaging-eko (EuBI) lehen belaunaldiko nodo edo zentro elkartuak izan daitezen. Europako 10 herrialde ezberdinetan zehar banatuta dauden nodo hauek, medikuntza eta biologiako irudien arloko abangoardiako 36 teknologiaz osatutako zorro indartsu bat eskaintzen dute. 28 erakunde horien artean daude Biofisika Unitatea (CSIC-UPV/EHU) eta Achucarro Basque Centre for Neuroscience zentroa.

Bai EuBI Hub zein bere nodoak ere lehiazko prozesu independente baten bidez aukeratuak izan dira nazioarteko ebaluaketa batzordeen bitartez. Bioirudiaren teknologian nabarmenak diren zientzialari eta adituek osatu dituzte batzorde hauek eta, irizpide nagusi bezala, biomedikuntzako irudiaren teknologiaren eta zerbitzuen eskuragarritasunaren bikaintasuna izan dute kontuan.

 

ARGAZKIAK: Mikel Mtz. de Trespuentes eta Achucarro Basque Centre for Neuroscience. UPV/EHU