euskaraespañol

Iaz baino 42.000 langabe gutxiagorekin itxi du Euskadik 2015 urtea

UPV/EHUko Euskadi Lan Txostena 2015 aurkeztu da

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2016/02/03

Irudia
Sara de la Rica katedraduna Euskadi Lan Txostena 2015 aurkezten

2015ean, 42.000 langabe gutxiago izan dira. Horietatik 20.400 lan merkatuan hasi dira, eta 16.000 inguruk inaktibitatera jo dute (berriz ere ikasten hasi direlako, erretiratu egin direlako edo, etsita, lana bilatzeari utzi diotelako). Halaber, Euskadiko helduen kopuru osoa iazkoa baino zertxobait txikiagoa da egun, 5.000 heldu gutxiago, gutxi gorabehera. Euskadi Lan Txostenean aztertzen diren datuak Biztanleria Aktiboaren Inkestan (EPA) dute jatorria. Sara de la Ricak zuzentzen duen ikerketa taldeak egin du txosten hori, Euskal Herriko Unibertsitatean.

Langabeetako batzuk lanean hasteak eta beste batzuk inaktibo bihurtzeak ia ehuneko lau puntuko beherakada eragin du langabezia tasetan: 2015ean, % 13tik beherakoa izan da langabezia tasa. Hori horrela, Euskadik du langabezia tasa txikiena erkidego guztien artean.

Landunak

Euskadin, gaur egun, 894.900 pertsona dabiltza lanean. Landunen kolektiboa 12 hilabeteotan nola aldatu den aztertuta, honako hau azpimarra daiteke:

Lanean hasi direnen artean, gizonezkoak zertxobait gehiago dira emakumezkoak baino. Hala termino absolutuetan nola erlatiboetan, sortu diren enplegu berriak nagusiki gizonek hartu dituzte. Euskadiko biztanle landunak gero eta zaharrago ari dira bihurtzen, 100 langiletik 47k 45 urte baino gehiago baitituzte. Euskadin, 45 urtetik gorako 18.000 langile gehiago daude duela urtebete baino. Dudarik gabe, adin tarte horretako pertsonei eragin die gehien 2015eko enpleguaren bultzada horrek.

Industriaren sektoreak 13.000 enplegu berreskuratu ditu Euskadin azken urtean. Sektore horrek izan du sustapen erlatiborik handiena 2015ean; hori, argi eta garbi, aurrerapausoa da industria sektorea leheneratzeko bidean. Gaur egungo egoera eta krisialdia baino lehenagokoa alderatuz gero, ikusiko dugu industria sektoreak ia 50.000 langile gutxiagori ematen diela lana orain. Horrek argi erakusten du krisiak eragin negatibo izugarria izan duela sektore horretan.

Euskadik ia 1.600 enplegu mugagabe galdu ditu, eta behin-behineko 22.000 inguru irabazi azken urtean. Behin-behineko lanak gero eta gehiago eta bizkorrago ari dira zabaltzen euskal landunen artean, eta ez bakarrik kontratuaren modalitatea dela eta; hein batean, kontratu mugagabeak aldi baterako kontratuekin ordezkatzen ari dira.

Langabeak

Iraupen luzeko langabezia, azkenean, behera egiten ari da Euskadin, hala termino erlatiboetan nola absolutuetan. 2015ean, iraupen luzeko langabeziaren intzidentzia ehuneko 3 puntu murriztu da (% 67tik % 64ra). Termino absolutuetan, iraupen luzeko 32.190 langabe gutxiago daude orain, duela urtebete baino. Beherakada hori are positiboagoa da, kontuan harturik langabe horietako gehien-gehienak lan merkatuan hasi direla. Izan ere, aurretik azaldu bezala, 2015aren bukaeran 18.000 enplegatu gehiago zeuden 45 urtetik gorakoen artean.

Argazkia: Tere Ormazabal. UPV/EHU