euskaraespañol

Buenos Airesen sorrera

Arkeologoek gaur egun Argentinako hiriburuaren eremuan bizi ziren jatorrizko herrien aztarnak aurkitu dituzte

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2016/03/11

Irudia

UPV/EHUko ‘Kultur Paisaiak eta Ondarearen UNESCO Katedrako' kideak dituen arkeologoen talde batek zutabeak sartzeko zuloak, baxeren hondakinak, gezien puntak eta animalien hezurrak aurkitu ditu Buenos Aires hiriaren hegoaldean. Hondakin horiek kokaleku prehispaniko indigena batekoak direla egiaztatzen bada, aurkikuntza horri esker, hiriaren historia berridatzi ahal izango da.

Euskal Herriko Unibertsitateak eta Universidad del Museo Social Argentino (UMSA) unibertsitateak iaz hitzarmena sinatu zuten UMSA unibertsitateko Arte Fakultateko Arkitektura Ondarearen Kontserbazioko Katedraren eta UPV/EHUko ‘Kultur Paisaiak eta Ondarearen' UNESCO Katedraren ikerkuntza jarduerak bultzatzeko eta ‘Búsqueda del Sitio de la Fundación de la primera Buenos Aires' deritzon ikerkuntza proiektua gauzatzeko.

Urte beteko lanaren ondoren, Daniel Schávelzon, Buenos Aireseko Unibertsitateko Hiri Arkeologiako Zentroko zuzendariak egiaztatu duenez, herrixka batean aurkitu diren aztarnak Buenos Aires hiriko lehenbiziko biztanleak finkatu ziren kokalekukoak izan daitezke.  "Lurrean sakon sartutako zutabeen marken arabera esan daitekeenez, jatorrizko biztanleak ez ziren nomadak, arrantzan egiteko joan eta etorri ibili ohi zirenak –XVI. Mendean Buenos Airesera iritsi ziren espainiarren espedizioen kroniketan adierazten denez–, edo nomadak izanez gero, txaboletan eta etxoletan bizi ziren".

Agustin Azkarate, UPV/EHUko ‘Kultur Paisaiak eta Ondarearen UNESCO Katedrako' zuzendaria bat dator esandakoarekin eta 40 zentimetroko sakoneran aurkitutako zurezko euskarriek utzitakoak izan daitezkeen marka haien azalpen bera egin du.  "Zenbait aztarnaren arabera, aukera handiak daude hemen jatorrizko biztanleak egon zirela esateko. Azterketa kronologikoa egin behar bada ere, lehenbiziko aldiz aurkitu dira, etxeei eusteko erabilitako zutabeen negatiboak".

Data zehatza datozen hilabeteetan jakingo da, orain egiten ari diren analisien emaitzak izandakoan (termoluminiszentzia eta karbono-14). Gainera, Europako objekturik ez dagoenez, seguruenik, Espainiaren konkistaren aurreko biztanleak izan daitezke –azaldu du Schávelzonek–. Inoiz ez genuen pentsatuko Pedro de Mendoza 1536an iritsi aurretik biztanleak egon zitezkeenik".

Buenos Airesen sorrera

Gaurdaino ez dakigu zehatz-mehatz Buenos Aires, Amerikako kontinenteko metropoli garrantzitsuenetakoa, zein lekutan sortu zen hiri kolonial gisa. Bi fundazio izan zituen hiri bakanetako bat da: lehenbizikoa 1536an, Pedro de Mendozak egindakoa eta bigarrena, 1580an, Juan de Garayk egin zuen. Garayren fundazioaren xehetasunak ondo ezagutzen dira, baina ezin dugu gauza bera esan lehenbiziko fundazioari dagokionez.

Agustin Azkaratek dioenez: "Badakigu Pedro de Mendozaren espedizioa 1535ean atera zela Espainiatik, ontzi askoko flota zela eta 2.000 lagun zekartzala ontzietan. 1536an Mar Dulcera (Río de la Plata) iritsi ziren eta muino txiki batean finkatu ziren, sakan baten beheko aldean, defentsa eta estrategia aldetik interesgarria zen bihurria sortzen zuen ibai baten bokalaren ondoan". Herrixka bakun horri, historiografian, Buenos Airesen lehenbiziko fundazioa deitu ohi zaio eta kokaleku iragankorra eta dramatikoa izan zen. Gaur egun, ia ezer ez dakigu toki hartaz eta Argentinako ikerkuntza historikoaren enigma handietako bat da.

Orain, testigantza indigena garrantzitsuak aurkitu dira, seguruenik europarrak bertaratu aurretikoak eta Buenos Aires hirian kokaleku indigena bat arkeologikoki dokumentatzen den lehenbiziko aldia da. "Azken kanpainako emaitzak (2015) oso adierazgarriak dira. Kontuan hartu behar da, hirigintza-dentsitatea hain handia duen Buenos Aires bezalako megalopoli betan aztarnategi prehispanikoa aurkitzea, lastategian orratza bilatzea bezalakoa dela. Hondakin horiek aztertuz, sakonago jakin ahal izango dugu eremu hartan bizi ziren jatorrizko herrien kokalekuak nolakoak ziren, nomadak edo sedentarioak ziren, zein kultura material zuten eta bizimodua nolakoa zen eztabaidatzeko aukera zango dugu. Horrez gain, ez dugu ahaztu behar, Amerikako kolonizazioaren historia, funtsean, europarrek idatzitako dokumentuetan oinarrituta kontatu izan dela. Ikerkuntza arkeologikoari esker, hitza eman diezaiekegu orain arte, askotan, isilik egon direnei", esan du Azkarate irakasleak.

Aztarnategi arkeologikoa Argentinako hiriburuko autodromoaren eta Ribera Sur parkearen artean dago, Villa Riachuelo auzoan. Mugatzen duen ibaiak ematen dio izena auzoari eta, seguruenik, ibai hartatik hartuko zuten ura, orain dela mende asko ibaiertz hartako biztanleek.  Harrezkeroztik, hiriaren hazkuntzatik kanpo ia ukitu gabe iraun duten Buenos Aireseko toki bakanetako bat da, eta, horregatik, aztarnak ezkutatuta mantendu dira. Ikerketaren emaitzek egiaztatuko dute querandien herrixka indigena den. Halaxe deitu zien Ulrico Schmidl-ek, Mendozaren espedizioko kidea zenak, Río de la Plata ibaiaren alde honetara iristean aurkitu zituzten biztanleei.

 

Argazkiak: UPV/EHU (Azala: Ulrico Schmidl, 1536).