euskaraespañol

Lehiaketa aurreko zorrozketa

Liburuak kirolarien prestaketa fisikoaren azken faserako gakoak azaltzen ditu

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2016/04/25

Irudia

Iñigo Mujika Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle elkartu, kirol fisiologo eta triatloi eta igeriketa entrenatzaileak argitara eman berri du euskaraz 'Lehiaketa aurreko zorrozketa' izeneko liburua. Bertan azaltzen du noiz hasi behar duen kirolarien prestaketa fisikoaren azken faseak, zeintzuk diren punta-puntako sasoia lortzeko estrategiarik egokienak edo zer nolako osagarriak hartu behar diren aintzat kirolari bakoitzari dagokionean.

Liburuan azaltzen duenez, zorrozketa "kirolari baten prestaketa fisikoaren funtsezko fase bat da, kirol lehiaketa garrantzitsu baten aurreko azken egun edo asteei dagokiena. Garai erabakigarri honen zailtasun nagusia entrenatzaileak edo prestatzaile fisikoak bi faktoreren artean aurkitu behar duen orekan datza: alde batetik, kirolariak metatu duen nekea murrizteko behar duen atsedena, eta bestetik, bere errendimendurik onena lortu ahal izateko behar dituen estimuluak".

Iñigo Mujikarekin batera Laurent Bosquet ere aritu da liburua idazten, kirol fisiologian izen handiko aditu eta goi mailako kirolarien prestatzaile fisiko. Oso liburu baliagarria izango da entrenatzaile eta kirolarientzat, fase hau sakonago eta zabalago ezagutzen lagunduko duena. "Lehiaketa aurreko zorrozketaren helburua da entrenatzaile eta kirolariei baliabide erabilgarri batzuk ematea beraien zorrozketa estrategiak programatu ahal izateko, hainbat ikerlan zientifikotatik eta mundu mailako entrenatzaile eta kirolari handien ekarpenetatik abiatuta", azaltzen dute.

Mujika dagoeneko prestatzen ari da liburuaren gaztelaniazko bertsioa, ‘El afinamiento precompetitivo' tituluaz.

 

Argazkiak: Nuria González. UPV/EHU.