euskaraespañol

Pertsona helduek egin zituzten marrazkiak fase ezberdinetan

El Castillo haitzuloko artistek denboran zehar erabilitako teknologia azaleratzen dute margoen analisi berriek

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2016/05/04

Irudia

El Castillo haitzuloko (Puente Viesgo. Kantabria) disko gorrien serieen ikerlan berri batek egiaztatu du artisten altuera ebaluatu ahal dela erabilitako puzte teknika ezberdinetatik eta diskoen formatik abiatuta. Emaitzak Journal of Archaeological Science aldizkarian argitaratu berri dira eta aurrera egiten dute haitzulo honetako labar artearen ezagutzan.

El Castillo haitzulo (Puente Viesgo. Kantabria) barruan aurkitutako disko gorrien serieak ezagutzen diren labar margorik zaharrenetarikoak dira. 2012. urtean Science aldizkarian argitaratutako lan batek azalerazi zuen diskoak eta eskuak Europan ezagutzen ziren lehen artelanak zirela. Talde horretan Euskal Herriko Unibertsitateko Historiaurrearen Ikerketa Taldeko ikertzaileek esku hartu zuten.

Gizateriaren lehen ikurren ezagutzan sakontzen duten ikerlan berrien arabera, Bordeleko Arkeologia Zientzien Laborategiko (LaScArBx) ikertzaileek, Bartzelonako (UB) eta Euskal Herriko (UPV/EHU)  unibertsitateetakoek, eta Kantabriako Historiaurreko Haitzuloak ikertzen dituztenek, Paleolitoan artea egiteko prozesu teknologikoek aztertu dituzte, eta lehen aldiz aplikatu dute analisi fisiko eta kimikoa (X izpien fluoreszentziazko espektrometria eta mikroskopio bidezko elementuen analisia) tokian bertan eta laborategian eta analisi morfometriko (estatistika protokoloetan oinarrituta) eta esperimentala (labar motiboen egungo erreprodukzioa) bateratzen dituen metodologia.

Journal of Archaeological Science aldizkarian argitaratu berri diren emaitzek aurrera egiten dute UNESCOk Munduko Ondare izendatutako haitzulo honetako labar artearen ezagutzan, eta Paleolitoko beste arte multzo batzuetan jarraitu beharreko azterketa eredu ere badira.

Pigmentuen puzte eta proiekzioan eta kolore paletetan oinarritutako teknika ezberdinez egindako diskoen panelak, 35.000 urtetik eta batzuk 40.000 urtetik gorako antzinatasunekoak, ez ziren artista bereko lana izan. Ikerlanak proposatzen du denboran zehar egingo zirela elkarren segidako eta aldizkako sarraldietan, eta horien helburua haitzuloko ikonografia eta horien atzetik ezkutatzen den sinbolismoa areagotzea izango zela.

Ikerlanak egiaztatu du, diskoen erreprodukzio esperimentalari esker, artisten altuera ebaluatu ahal dela erabilitako puzte teknika ezberdinetatik eta diskoen formatik abiatuta, eta lanak erakusten du pertsona helduek egingo zituztela El Castillo haitzuloko disko gehienak.

Hori dokumentatzeko, dekoratutako hormen 3Dko eredu interaktiboak sortu dira, artikuluarekin batera deskarga daitezkeenak, eta horietan xehetasunez ikusi ahal dira aztertutako diskoak eta baita kokaleku duten eremuetara birtualki sartu ere.

Eusko Jaurlaritzak sustatutako UPV/EHUko Historiaurrearen Ikerketa Taldeak giza sinbolismoaren eta adierazpen artistikoaren hastapenei buruz egiten ari den ikerlanetako bat da aurkeztutako lana.

Erreferentzia bibliografikoa

Francesco d'Erricoa, Laure Dayet Bouillota, Marcos García-Diez, Africa Pitarch Martía, Daniel Garrido Pimentele, João Zilhãof. ‘The technology of the earliest European cave paintings: El Castillo Cave, Spain'. Journal of Archaeological Science. Volume 70, June 2016, Pages 48–65. Doi:10.1016/j.jas.2016.03.007.

 

Argazkiak: UPV/EHU