euskaraespañol

UPV/EHUko bi film labur Kimuak 2016an

Begoña Vicarioren eta Kepa Sojoren pelikulak hautatu dituzte aurtengo katalogorako

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2016/06/17

Irudia

2016ko Kimuak deialdira aurkeztu diren 63 proposamenen artean, Begoña Vicariok koordinaturiko ‘Beti bezperako koplak' eta Kepa Sojoren ‘Hileta' izan dira hautatuak. Katalogoa, ikuspegi berrietatik jorraturiko fikzio lanek, dokumentalek eta animazio obrek osatua, irailean aurkeztuko dute ofizialki, Donostiako Zinemaldian.

‘Beti bezperako koplak' proiektuak Maialen Lujanbiok eginiko bertso bat interpretatzen du, Santa Ageda bezperako kopletan oinarrituta. Hala, Santa Agedako musikaren erritmoa eta metrika baliatuta, gogor eta labur salatzen du genero indarkeria. Arte Ederren Fakultateko ikasleek parte hartu dute lanean. Begoña Vicariok parte hartu zuen Kimuak egitasmoaren lehen edizioan ere, ‘Pregunta por mí' film laburrarekin (Goya saria irabazi zuen harekin). Handik urtebetera, 1999an, berriro parte hartu zuen, ‘Haragia'-rekin. Begoña Arte Ederren Fakultateko Arte eta Teknologia Saileko irakaslea da.

Bestalde, Kepa Sojo aski ezaguna da film laburren munduan, ‘100 maneras de hacer pollo al txilindrón' (1997) zuzendu zuenez geroztik. 2015ean, Goya sarietarako izendatu zuten ‘Loco con ballesta' film laburragatik, eta aurten aurrenekoz parte hartuko du Kimuak-en, ‘Hileta' lanarekin. Izenburuak berak adierazten duen moduan, filmak hileta baten inguruko istorioa kontatzen du, 1925ekoa, Martikorena familiak Inge gazteari agur esaten dionekoa hain zuzen. Gertakizunak Carl Theodor Dreyerren Ordet filmaren pasarte bat du oinarri, baina ageri-agerikoa da zuzendari arabarraren kutsu berezia. Kepa Letren Fakultateko Artearen Historia eta Musika Saileko irakaslea da.