euskaraespañol

María Zapata, G-9ko Genero Azterlanen I. Lehiaketan saritua

25 master amaierako lanetatik aukeratu dute berea; depresioa eta sendatzeko prozesuak jorratu ditu

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2016/07/08

Irudia

Unibertsitateen G-9 Taldeak saritu du Maria Zapata Hidalgo UPV/EHUko ikertzailearen Master Amaierako Lana. Kategoria horretan beste 24 lan aurkeztu dira Genero Azterlanen Ikerketa Sariaren lehenengo deialdian. Era berean, Mónica Ramos Toro (Madrilgo Unibertsitate Autonomoa) eta Ariadna Soteras Iribarren (Nafarroako Unibertsitate Publikoa) ere sarituak izan dira doktorego tesi eta gradu amaierako lanen kategorietan, hurrenez hurren.

Aurten, lehendabizi, G-9 Taldeak Genero Azterlanen Ikerketa Saria antolatu du, eta 81 hautagaik hartu dute parte: 41 doktorego tesi, 24 master amaierako lan eta 15 gradu amaierako lan. Egileak 18 unibertsitatetakoak dira. Lan-ikerketak aztertu ondoren, epaimahaikideek erabaki dute sari hauek ematea:

  • Doktorego Tesirik Onena, diploma eta 1.500€, Mónica Ramos Tororen tesia(‘Mujeres mayores: estudio sobre necesidades, contribuciones al desarrollo y participación social')
  • Master Amaierako Lanik Onena, diploma eta 700€, María Zapata Hidalgoren lana (‘Depresión y procesos de recuperación: agencia, género y prácticas corporales')
  • Gradu Amaierako Lanik Onena, diploma eta 500€, Ariadna Soteras Iribarrenen lana (‘Impacto de la cultura visual sobre la construcción del género: Propuesta didáctica')

Sari banaketa Oviedoko Unibertsitateko Areto Nagusian izan zen G-9 taldeko errektoreen aurrean. Unibertsitateen G-9 Taldea irabazi asmorik gabeko elkartea da, honako unibertsitate publiko hauek osatua: Kantabriako Unibertsitatea, Gaztela-Mantxako Unibertsitatea, Extremadurako Unibertsitatea, Balear Uharteetako Unibertsitatea, Errioxako Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Oviedoko Unibertsitatea, Euskal Herriko Unibertsitatea eta Zaragozako Unibertsitatea. Guztiak dira beren erkidegoko unibertsitate publiko bakarrak.

Maria Zapata Hidalgo (Madrid, 1983) Psikologian eta Gizarte eta Kultur Antropologian lizentziatuak UPV/EHUko Ikasketa Feministak eta Generokoak Unibertsitate Masterra egin zuen 2014an. Gaur egun, doktoreak ez diren ikertzaileak prestatzeko 2015-2017 Doktoratu Aurreko Programaren beka bat du, eta UPV/EHUko Balioen Filosofia eta Gizarte Antropologia Sailari lotuta dago doktore aurreko ikertzaile gisa, baita Grupo de Investigacíon AFIT-Antropologia Feminista Ikerketa Taldeari ere.