euskaraespañol

Banco Sabadell Fundazioaren Ikerketa Ekonomikorako saria Nagore Iriberriretzat izan da

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2016/07/21

Irudia

Nagore Iriberri irakasleak irabazi du Ikerketa Ekonomikorako Banco Sabadell Fundazioaren saria, egin duen ikerketa-ibilbide bikainagatik; ekonomia esperimentalaren arloan eta jokabide sozialaren azterketan aplikatutako jokoen teorian. Sari horien helburua da ikertzaileen lana aintzatestea ezaguera ekonomikoan, juridikoan, sozialean eta enpresaren arlokoan.

Ikerketa Ekonomikorako Banco Sabadell Fundazioaren XV. sariko epaimahaiak Nagore Iriberri doktorea aintzatetsi du 2016ko edizioko irabazletzat bere ikerketa-ibilbide bikainagatik, ekonomia esperimentalaren arloan eta jokabide sozialaren azterketan aplikatutako jokoen teorian, hain zuzen ere. Euskal Herriko Unibertsitatean Ekonomian lizentziaduna eta Kaliforniako Unibertsitatean Ekonomian doktore da Iriberri. Universitat Pompeu Fabra-ko irakaslea izan zen eta, gaur egun, irakaslea da UPV/EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko Ekonomia Analisiaren Oinarriak Sailean.

Nagore Iriberriren ikerketa-ildoak ekonomia esperimentalaren arloa eta jokabide sozialaren azterketan aplikatutako jokoen teoria ditu ardatz. Haren lanetan gailentzen den gaietako bat da gizabanakoek, aurretiko esperientzietatik ikasteko aukerarik izan ez dutenean, egoera estrategikoetan nola arrazoitzen duten ulertzea.

Aztergai izan du, halaber, zer nolako eragina duen gizabanakoen errendimenduan beren emaitzei buruzko informazioa besteekin alderatuta jasotzeak, eta ez termino absolututan. Iriberriren azkeneko ikerketek egoera lehiakorren aurrean erantzuteko modu ezberdinak aztertu dituzte, parte hartzaileen generoa oinarritzat hartuta eta helduak zein haurrak aztertuta.

Artikulu ugari idatzi du nazioarteko aldizkari ospetsutan; besteak beste, American Economic Review, Econometrica, Journal of Economic Literature, Journal of the European Economic Association eta Management Scienceen. Aldi berean, zenbait aldizkari garrantzitsurentzat lan egiten du argitaratze-kontseiluen kide gisa, eta hainbat hitzaldi eta zientzia bileratan parte hartzen du maiz.

Sariaren zenbatekoa 30.000 eurokoa da, eta haren xedea ikertzaileek ezaguera ekonomikoan, juridikoan, sozialean eta enpresaren arlokoan egindako lana aintzatestea, baita gizarte-ongizatea sustatzen duten alternatiben azterketarako eta formulaziorako laguntza ematea ere. Sariaren lehiaketa 2002tik egiten da urtero.

Saria jasotzeko lehian aritu daitezke 40 urtetik beherako ikertzaileak, arestian aipatutako arloetan ikerketa-curriculum bikaina dutenak. Bestalde, hautagaiak  Unibertsitateek, Ikerketa-zentroek, zentro akademikoek, fundazioek, enpresek, eta nazioarteko zein tokiko  beste erakunde batzuek  proposa ditzakete.