euskaraespañol

UPV/EHUk ongietorria eman die etorkizunean bere enbaxadore izango direnei

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2016/09/22

Irudia

Gazteak entzunaretora sartu dira, lotsatuta. Eserlekuetarantz doaz, astiro. Ez dute lehen lerroetan eseri nahi, baina Euskal Herriko Unibertsitateko langileek adeitsuki eskatu diete jarleku horietan esertzeko. Sartzean, unibertsitateko pin bat eta janari bonu bat eman dizkiete. Gero partekatuko dituzte anekdotak, sekretuak eta esperientziak. Lagunartean egongo dira. Baina orain, ordu batzuk lehenago, hala unibertsitateko nola hiriko agintariek zuzendutako ekitaldi batean egon behar dute. Alegia, Euskal Herriko Unibertsitateak nazioarteko ikasle bisitarientzat urtero antolatzen duen ongietorri ekitaldian. Saio hori urtero-urtero egiten da hiru campusetan, eta ehun bat gazte bildu ohi dira leku bakoitzean.

Iazko ikasturtean, 2015/2016an, Euskal Herriko Unibertsitateak nazioarteko 1.076 bisitari inguru jaso zituen truke programetan, Alemaniakoak, Mexikokoak eta Frantziakoak nagusiki, baina baita Hego Koreako eta Erruasiako zenbait ere. Era berean, UPV/EHUko 1.701 ikasle inguru joan ziren iaz mundu osoko herrialdeetara. Aurtengo ikasturtean, ikasle bisitarien kasuan % 8 eta 10 artean areagotuko dira datu horiek, eta UPV/EHUko ikasleen kasuan, berriz, % 10 eta 15 artean. Datuek joera hori erakusten dute urtetik urtera.

Ongietorri ekitaldia hasteko, Euskadiri eta hemengo jendeari buruzko atariko bideo bat ikusi dute. Protokolozko hitzaldiak entzun ostean, segurtasunari, unibertsitate zerbitzuei, aisialdiari eta kulturari buruzko gomendioak jaso dituzte. Entzuleak hizlariei adi daude, isilik eta jakin-minez. Inork ez du galderarik egin ekitaldiaren amaieran. Irribarre baino ez dute egiten, festarako irrikaz. Ekitaldiaren aurretik, taldeko argazkia ateratzeko kokatu direnean, elkar ezagutzen hasi dira. Buddy bat Euskal Herriko Unibertsitateko egonaldian gidatu eta zainduko duen pertsonaren bila dabil buru-belarri. Hedabideak, berriz, eguneko protagonista gazteak elkarrizketatu nahian dabiltza: Kanadakoak, Japoniakoak, Singapurrekoak, Uruguaykoak, Poloniakoak, Txekiar Errepublikakoak, Ukrainakoak eta Estatu Batuetakoak, besteak beste. Haiek denak, jaioterrira itzultzean, UPV/EHUren enbaxadore izango dira munduan, eta errealitate bihurtuko dute unibertsitatearen leloa: eman ta zabal zazu. Hori, ordea, urruti dago oraindik; orain, etxean bezala sentitzea, ikasten hastea eta, batez ere, gozatzea tokatzen zaie.

Argazkiak eta bideoa: Laura Lopez. UPV/EHU