euskaraespañol

Gerra Zibila deskubritzen Euskal Herrian

Amurriok proiektu bat jarri du martxan Gerra Zibilaren Arkeologia eta ondarearen sozializazioari buruz San Pedro mendian

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2016/10/18

Irudia

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko hamabost ikerlarik diziplina anitzeko talde batek, Xurxo Ayánek zuzendari eta Josu Santamarina eta Sergio Escribano zuzendarikide dituenak, proiektu bat jarri du martxan Gerra Zibilaren arkeologia eta ondarearen sozializazioari buruz San Pedro mendian (Amurrio, Araba) Ikertaldeak lan integrala egingo du 2016ko urriaren 24tik azaroaren 7ra bitartean, gerra-posizio hauen analisi eta dokumentazioa osatuz eta balioan jarriz.

Zenbait borroka-gune indusiko dira: lubakiak, tiratzaile-postuak, gotorlekuak, ametrailadore-kokaguneak, etab. Gainera, lan hauekin batera, inguruko ahozko testigantzak jasoko dira, artxibo historikoetan hustuketa dokumentala egingo da eta sozializaziorako eta dibulgazio zientifikorako programa oso bat abiatuko da: hitzaldiak eta barferentziak, ikastetxeen bisitak, ateak zabaltzeko jardunaldiak, Gerra Zibileko errekreazio historikoak, etab.

San Pedro media, Amurrio eta Urduña arteko konbergentzian, bigarren mailako frontea izan zen 1936an, baina ‘Legutioko guduan' (1936ko abendua), euskal errepublikanoen erasoaldi bakarra gatazka osoan, borroka-gune garrantzitsua bilakatu zen. Bi ikuspegi ideologiko zeharo aurkakoen arteko guda gauzatu zen hemen: Bakunin Batailoiko miliziano anarkistek (CNT), beste indar errepublikanoekin batera, gailur hau hartzea lortu zuten, haren kontrola unera arte Francoren Ejertzitoko erreketeek zutelarik. Egun gutxitan, hamarnaka baja jazo ziren bando bietan. Ondoren, fronte hau nahiko egonkor mantendu zen hilabete luzez, errepublikanoen kontrolpean, baina 1937ko maiatzean, frankistek Bizkaia osoa erasotzen ari zirelarik, alemaniar (Kondor Legioa) eta italiar (Corpo Truppe Volontarie) indar modernoek erresistentzia antifaxista suntsitu zuten. Handik gutxira, amaitua zen euskal fronte osoa.

San Pedro mendian istorioak, mikro-gertaerak eta eraikinak elkarlotzen dira, Gerra Zibila Euskal Herrian nola izan zen hobeki ulertzen lagungarri. Izan ere, honako proiektu hau Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak abian jartzen duen lehendabizikoa da Gerra Zibilaren arkeologiari estuki lotuta. Gainera, babesleen artean, Amurrioko udala, Aztarna elkarte etnografikoa, Ondare Zientzien Institutua (CSIC), Ondare Eraikiaren Ikerketa Taldea (GPAC, UPV/EHU), Ondarearen Dokumentazio Geometrikoaren Laborategia (LDGP, UPV/EHU), Paisaia Kulturalen eta Ondarearen UNESCO Katedra (UPV/EHU), Vital Fundazioa, Lubakikoak errekreazio historikorako taldea eta Eusko Jaurlaritza ditugu.

 

Argazkiak: UPV/EHU.