euskaraespañol

Maialen Urbieta Agirrezabalaga UPV/EHUko graduondoko ikasleak I Research Pitches Contest irabazi du

Bere aurkezpenean eleaniztasunak ikaskuntzan dituen onurak aztertzen ditu

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2017/07/05

Irudia
Maialen Urbieta eta Mikel Goicoechea Argazkia: Nagore Iraola. UPV/EHU.

Maialen Urbietak, UPV/EHUko Eleaniztasuna eta Hezkuntza masterreko ikasleak, I Research Pitches Contest irabazi du. Compostela Unibertsitate Taldeak (CGU) iragarri du saria, unibertsitateetan egiten ari diren ikerlanei buruzko aurkezpen labur onenak aitortzeko asmoz. Lehiaketak GCUren kideen ikerlana hedatzea eta antzeko eremuak lantzen ari diren ikertzaileak harremanetan jartzea du helburu.

Maialen Urbietak (Getaria, 1993), UPV/EHUko Eleaniztasuna eta Hezkuntza masterreko ikasleak, epaimahaiaren gehieneko puntuazioa lortu zuen, aurkeztutako "A study of multilingual writing" lana dela eta. Ikerlana Mikel Goicoechearekin batera egin du eta zera frogatu nahi zuten: elebitasuna positiboa dela adierazten duten teoriak eta elebidunek hizkuntzetan puntuazio altuagoa izango dutela.

Helburu horrekin, 114 ikaslek bi hizkuntzatan (euskaraz eta gaztelaniaz) egindako idazlanak aztertu zituzten Maialen Urbietak eta Mikel Goicoecheak. Ikerlana biak batera egindakoa izan da, baina bakoitzak emaitzetako aldi batean jarri du arreta. Maialenen kasuan, testuen antolaketa eta edukiak izan ditu ikergai.

Bere ikerketaren arabera, pertsona eleaniztunek elebakarrek baino baliabide gehiago ohi dituzte, testua antolatzen jakitea bezalako trebetasuna hizkuntza batetik beste hizkuntza batera transferitu ahal baita. "Gainera, pertsona eleaniztunek onurak dituzte maila kognitiboan, ez azterketa emaitzetan bakarrik", azaldu du.

Maialen Urbietak ilusio handiz jaso du saria. "Ohore handia izan da, ikerketa hau aurrera ateratzeko oso gogor lan egin bainuen", ziurtatu du.

Bideorako bere lana hiru minututan laburtzea ez zion ahalegin gehiegi ekarri. "Hainbat saio egin nituen hura grabatzeko; azkenean bidaia bat egin behar izan nuen, eta, itzuli nintzenean, etenik gabe grabatu nuen. Ideiak argi nituen eta horrek prozesua erraztu zuen", kontatu du.

Maialen Urbietak Haur Hezkuntza ikasi du eta Lehen Hezkuntza gradua amaituko du irailean. Lehen mailan, Estatu Batuetan lan egin zuen haurtxoekin, espainiera, ingelesa eta keinu hizkuntza aldi berean irakasten. Esperientzia horrek piztu zion eleaniztasunerako interesa, eta, azkenean, Eleaniztasuna eta Hezkuntza masterrean matrikulatzera bultzatu zuen.

Orain bigarren gradua amaitzean eta umeekin daukan esperientzia handitzean ardaztuta dago Maialen. "Nire doktoregoarekin hasi baino lehen esperientzia gehiago izatea gustatuko litzaidake. Beharbada datorren urtean beka eskatzen saiatuko naiz", azaldu du.

Research Pitchesen lehenengo edizio honetan GCUko kideak diren 10 unibertsitateek hartu zuten esku, eta bakoitzak, gehienez, hiru hautagaitza aurkeztu ahal zituen. Bigarren eta hirugarren saria Jaume I Unibertsitateko bi ikaslek lortu dute. Lorena Bort ikasleari eman zaio egindako 'Aprender inglés para estudiantes disléxicos' bideoagatik, eta María Josefina Peláez ikasleari egindako "Cómo hacer la felicidad más fácil' bideoagatik.

Sariak 900 euroko balioa du. Diploma GCUko buruak emango du irailean batzar nagusian, Pécsen (Hungarian).

Compostela Unibertsitate Taldeko (CGU) irabazi asmorik gabeko elkartea da, eta helburu du lankidetza eta elkarrizketa sustatzea goi mailako hezkuntzarekin zerikusia daukaten esparru guztietan. Galiziako Santiagoko Unibertsitatearen ekimenez sortu zen, eta gaur egun mundu osoko 70 kide baino gehiago ditu, UPV/EHU haien artean.