euskaraespañol

Ezagutzaren transferentzia, Unibertsitatearen eginkizun soziala

UPV/EHUk diziplina anitzeko ikaskuntza eta komunikazio dinamikak lantzen ditu ikasleekin, osasun zientziaren esparruan

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2021/01/14

Irudia

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko eta Farmazia Fakultateko irakasleek jarduera multzo bat diseinatu dute profil akademiko desberdina eta osagarria duten etorkizuneko profesionalen arteko harremana, komunikazioa eta talde lana bultzatzeko. Helburua da jakitea bakoitzak zer ekarpen egin dezakeen "bizitza errealeko" arazo konplexuak lantzeko eta haien ezagutza gizarteari helarazteko orduan.

Nahiz eta garai batean informazioa klik bakar batekin eskuragarri egon, oraindik ere erronka bat da informazio fidagarria eta egiazkoa aurkitzea. Osasunarekin eta haren balizko tratamenduekin eta ingurumenarekin zerikusia duten gai oso sentikorretan informazio faltsua zabaltzeko eta hedatzeko ezjakintasuna eta erraztasuna direla eta, erakundeek –horien artean Unibertsitateak– neurriak hartu behar dituzte, eta eraginkortasunez jardun, jarduera engainagarri horiei aurre egiteko. Azken batean, “biztanleek informazio egiazkoa eta egiaztatua eskuratu behar dute beren ezagutza hobetzeko, eta Unibertsitateak, ezagutzaren erakundea den aldetik, informazio hori eskuratzea erraztu eta gizartera hurbildu behar du”, azpimarratu dute UPV/EHUn gauzatutako proiektuaren kudeatzaileek.

Hala ere, oraindik ez dakigu ezagutza horiek (oinarrizkoak zein berriak) nola zabaldu. Ezagutzaren transmisioa hobetzeko aukeretako bat ikasleei prestakuntza ematea da, eta eskuratutako ezagutzak modu fidagarrian eta entzuleei egokituta zabaltzeko premian heztea, ulertu ahal izan ditzaten. Hori dela eta, “Diziplina anitzeko ikaskuntza eta komunikazio dinamikak eremu sanitario-zientifikoan, ezagutzaren transferentziarako unibertsitatearen eginkizun sozial gisa” proiektua jarri da abian.

Bertan, honako hauek parte hartu dute: Euskal Herriko Unibertsitateko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko eta Farmazia Fakultateko 18 irakasle eta ikertzaile, IKAsasun irakasle talde akreditatua. Proiektua gauzatzeko, Fisioterapia, Odontologia, Erizaintza, Farmazia, Giza Elikadura eta Dietetika, Ingurumen Zientziak eta Elikagaien Zientzia eta Teknologia graduetako ikasleek parte hartu dute. “Osasun biomedikoaren eta zientifikoaren hainbat arlotako irakasle eta langile ikertzaileok orain dela urte batzuk titulazioen artean jarduera bateratuak abian jartzen hastea proposatu genuen, elkarren arteko harremana sustatzeko; titulazioen arteko koordinazioa, berez, erronka bat izan da beti guretzat. Oraingo honetan, gainera, ikasleek eskuratutako ezagutzak gizarteari modu egoki, fidagarri eta egiazkoan zabaltzeko lan egin nahi izan dugu, Nazio Batuen 2030 Agendaren barruan garapen jasangarriko zenbait helburu garatzen saiatuz”, azaldu dute UPV/EHUko irakasleek.

Bizitza profesionaleko egoera errealak

Hala, Hezkuntzarako Laguntza Zerbitzuak (HELAZ) finantzatutako hezkuntza berrikuntzarako proiektu baten esparruan, alde batetik, ikaskuntza egoera konplexuak garatu ziren, ikasle guztientzat interesgarriak eta beren bizitza profesionaletik hurbilekotzat hartzeko modukoak. Egoera horiek azken ikasturtean diziplina anitzetan jorratu dira Osasun Zientzien adarreko graduen (Medikuntza, Fisioterapia, Odontologia, Erizaintza, Farmazia eta Giza Nutrizioa eta Dietetika) eta Ingurumen Zientzietako graduaren artean. Horrela, metodologia aktibo eta berritzaileak erabiliz, UPV/EHUko Gaitasun Orokorren Katalogoan (2019) jasotako titulazio guztietarako komunak diren gaitasunetako batzuk garatu dira, hala nola, konpromiso soziala, etika eta erantzukizun profesionala, informazioaren kudeaketa, pentsamendu kritikoa edo talde lana, esperientzia aberasgarrietan oinarritutako ikaskuntza aktiboaren eta elkarlanekoaren bidez. Hori guztia lagungarria da prestakuntza integrala lor dezaten. Gainera, oso kontuan izan dugu Euskal Herriko Unibertsitatearen IKD i3 estrategia (i ber hiru: ikaskuntza x ikerketa x iraunkortasuna), eta ikaskuntza ikerketarekin eta iraunkortasunarekin bateratzen saiatu gara.

IKD i3 estrategia aplikatu da, ikaskuntza ikerketarekin eta iraunkortasunarekin uztartzen saiatuz.

Bestalde, proiektuaren bigarren helburua –garrantzi berekoa hau ere– izan da egoera konplexu horiek hainbat bitartekoren bidez zabaltzea (blogak, informazio bideoak edo hitzaldiak), informazioa komunikatzeko modua egokituz, mezua argia eta ulertzeko erraza izan dadin, esparru akademikoan erabili ohi diren teknizismoak alde batera utzita.

Proiektuaren arduradunek zehazten dutenez, “ikasleek harreman hurbilagoa izan dute beste profesional batzuekin, haiekin modu koordinatuan gogor lan egin baitute, eta, gainera, gizarteko hainbat mailarekin harremanak izaten hasi dira, lanbidearen garrantzia ikus dezaten, ikasketak amaitu ondoren, haiekin harremanetan egon beharko baitira”.

Ohiturak aldatzea

Jarduerak sendagaiak modu egokian birziklatzearekin lotuta egon dira, bai eta sendagaiak zentzuz erabiltzearekin ere, kontuan hartuta, batez ere, GJH hauen esparruan lan egiteko helburua: Kalitatezko hezkuntza, hizkuntza aniztasun, osasun eta ongizatea, hiri eta komunitate jasangarriak. “Pertsonak hezi nahi izan ditugu, behar izanez gero, ohiturak aldatzeko, jasangarriagoak eta osasungarriagoak izan daitezen. Hori aberasgarria izan da ikasleentzat, baina baita erronka bat ere”, azpimarratu dute.

Jarduera horiekin, ikasleek hobetu egin dute gai konplexuak laburbiltzeko gaitasuna, eta ezagutzak testuinguruaren edo entzuleen arabera komunikatzeko modua egokitzen ikasi dute. Gainera, diziplina anitzeko taldeetan lan egiteak taldeko kide bakoitzaren lanaren garrantzia aitortzeko aukera eman die, eta, beraz, etorkizun profesionalean beste profesional batzuen laguntza beharko dutenez, beste profesional batzuen balioa ere ezagutu dute. “Euren prestakuntza balioesten ikasi dutela uste dugu, eta beste kideei eta gizarteari eman diezaieketen guztiaz konturatu dira. Osasunaren edo ingurumenaren arloko profesionalak diren aldetik, are gehiago jabetu dira jarduera profesionala gauzatuko duten lekuko gizartearekiko konpromisoa hartu beharraz, ezagutza zabaltzeko eta proiektuaren garapenean zehar helarazi dizkieten zalantzak edo galderak jasotzeko”.

Esperientziaren emaitzak ezin izan dira pozgarriagoak izan; bai ikasleek, bai bertan parte hartu duten kanpoko pertsonek oso balorazio positiboa egin dute eta beren esker ona adierazi dute; izan ere, uste dute horrelako jarduerak beharrezkoak eta aberasgarriak direla, askotan jendeak erabiltzen dituen informazio iturriak ez direlako fidagarriak eta osasun arazo garrantzitsuak eragin ditzaketelako.

Zalantzarik gabe, lortu egin da hasierako helburua: Unibertsitatea eta gizartea benetan elkarrengana hurbiltzea.