euskaraespañol

Miren Basaras

Urte bat geroago

Mikrobiologiako irakaslea eta COVID-19aren arduraduna

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2021/03/11

Miren Basaras
Miren Basaras. Argazkia: Mitxi. UPV/EHU.

Gaur, martxoak 11, urte bat bete da Osasunaren Mundu Erakundeak koronabirus berria zela eta pandemia egoera deklaratu zuenetik: 365 egun hauek, zalantzarik gabe, gure bizitza aldatu dute bai pertsonalki bai profesionalki.

Pandemia deklaratu eta egun gutxira, alarma egoera hasi zen. Horrek etxeko konfinamendu zorrotza bete beharra ekarri zuen, koronabirusa eragiten ari zen tsunamia ahalik eta lasterren kontrolatzeko. Konfinamenduaren aurreko azken ostiralean, fakultateko kide batek eta nik “hurrengo ikasturtera arte” esanez agurtu genuen elkar. Bagenekien prozesu luze bat genuela aurrean.

Martxoko egun haietan, gauetik goizera, irakaskuntza osoa urrutitik eman eta jasotzera ohitu behar izan genuen, telelana egiten ikasi eta gure etxetik ikerketa modu egokian egiten saiatu. Oso egun gogorrak izan ziren, lan, hezkuntza, gizarte eta bizitza pertsonalaren arloetan. Eta, zoritxarrez, urte honetan pertsona asko galdu ditugu birus honen ondorioz.

Udan, agerikoa egin zitzaigun mota honetako pandemia bat sortzeko ahalmena zuen birus berria ez zela desagertuko. Atzerriko zenbait unibertsitate entzutetsuetan plazaratutako azterketek dagoeneko adierazi zuten urruntze soziala eta, beraz, nolabaiteko konfinamendua 2022ra arte luzatuko zirela, birusak gure artean jarraituko zuelako, transmisio oso aktiboarekin.

Udan, ikasturte akademiko honetako ordutegiak egokitzen joan ginen, zeregin askotan aurrez aurrekoari lehentasuna ematen saiatuz. Unibertsitateko kideen zati handi batek zalantza handiak zituen ikasturte akademiko hau modu erdi-presentzialean aurrera eraman ahal izatearen gainean, eta horrek gure inguruneko kutsatu kopurua handitzeko arriskuaren inguruko kezka handiak zeuden.

Unibertsitateak, hilabete hauetan, egoerara egokitu eta prebentziozko zaintza neurriak ezarri behar izan ditu, ikasgeletan eta lantokietan agerraldiak saihesteko. Ikastegi bakoitzean COVID arduradunak izendatu dira, kasu susmagarri posibleetarako isolamendu eremuak zehaztu, kasu eta agerraldi posibleetarako protokoloak diseinatu, enpresekin eremuen desinfekzioa kudeatu… Hori guztia, unibertsitateko kideei jakinarazten saiatuz eta ahalik eta azkarren kudeatuz, Osakidetzako COVID-19 kasuen eta kontaktuen Zaintza Sarearekin elkarlanean.

Gizartearen parte garenez, birus honen agerraldiek unibertsitatean ere isla izan dute. Ingurunean kasu positibo gehien antzeman diren garaietan, unibertsitatean ere pertsona konfinatu gehiago izan dira: ikasleak (etxean urrutiko irakaskuntza jaso dute), irakasleak (irakasgaiak eman behar izan dituzte) eta administrazioko eta zerbitzuetako langileak (etxean beren lan zereginak egiten jarraitu behar izan dute). Lan sistema misto hori, aurrez aurrekoa eta urrutikoa, askotan ezarri behar izan da.

Ikasturtea hasi zenetik, unibertsitatean birusa antzemandako pertsonen kopuruak oso txikiak izan dira; unibertsitateko kideen % 2,9 bakarrik kutsatu da epe osoan eta pertsona horiek unibertsitatetik kanpo kutsatu dira. Euskal Herriko Unibertsitateak eta bertako langile guztiek egindako ahaleginari esker, ikasgeletan edo ikastegietan ez da barne agerraldi epidemikorik gertatu. Oso ikasgela gutxi konfinatu behar izan direla gehitu behar zaio horri. Badirudi ezarri diren neurriek fruitua eman dutela eta ematen jarraitzen dutela. Unibertsitate honetako kide guztiok behar bezala bete behar ditugu neurri horiek, kutsadura gune bihurtu nahi ez badugu.

Hilabete hauetan guztietan, birus honek planteatutako zalantzak argitzeko milaka artikulu zientifiko argitaratu dira. Horien bidez, pertsona asintomatikoek pandemiaren bilakaeran betetzen duten rola ezagutu dugu (hori ez da birus honekin bakarrik gertatzen) eta aerosolak birusa transmititzeko mekanismo indartsuak direla. Azken horren eraginez, espazioetan aireztapen ona izateko neurriak ezarri ditugu, nahiz eta negu honetan espazio horietako batzuetan hotza pasatu behar izan dugun.

Ahalegin izugarri hori egin arren, zientzian badakigu, baita kasu honetan ere, oraindik gauza asko argitu behar direla. Gaur egun, ez dakigu birus honek zer dosi infekzioso duen eta, era berean, ez da COVID-19a sendatzeko antibiral espezifikorik garatu. Horrez gain, gaur egun ez dakigu birkonbinazio genetikoak eta mutazioak etorkizunean zer rol jokatuko duten aldaera erasokorragoak garatzeko posibilitatean. Gainera, birusa duela hamabost hilabetetik bakarrik ezagutzen denez, ez dakigu ziur sortutako immunitatea aldi baterako edo iraunkorra izango den.

Zaila da iragartzea datorren urtea nolakoa izango den eta, beraz, datorren ikasturtea. Birus honen aurrean lortu dugun immunitatearen mende egongo da dena. Baina zaila dirudi epe motzean pandemiaren aurreko normaltasunera itzuli ahal izatea. Egunetik egunera egokitzen eta ikasten jarraitu beharko dugu. Duela urtebete, Campusako atal honetan bertan, osasuna munduko herrialde guztien arazoa dela esanez amaitu nuen nire gogoeta. Eta halakotzat hartzen jarraitu beharko dugu. ‘One Health’ terminoa, gaur egun, are garrantzitsuagoa da.