-
Un estudio de Carlos Matute logra el segundo puesto mundial en el Top Altmetric de Nature
-
Haciendo deporte en el polideportivo
-
La nueva edición de ‘Cine y Ciencia’ en marcha
-
Una nueva técnica revela el mundo oculto de los microorganismos que sostienen los océanos
-
La historia oral mejora la empatía y motivación de los estudiantes
Oier Lakuntza
Oztopoak gaindituz
Kimika ikerlari gor-itsua
- Cathedra
Fecha de primera publicación: 17/02/2022
Este artículo se publica en el idioma en que ha sido escrito.
Zientziaren inguruko oinarri batzuek, gaur egungo errealitatea ulertzen lagun diezagukete. Sarritan ordea, ezagutza horiek ezinduen kolektibotik urrun gelditzen dira. Beren zailtasun gehigarriek, ezagutza horietara iristeko eragozpen haundia dakarte, gizarte mailan ematen diren hainbat erabaki ulertzea zaildu, eta lan munduan beren presentzia asko baldintzatuz. Zientziaren dibulgazioak arrakala hau gainditzen lagun dezake.
Sarritan hitz egin izan da gizabanako guztion hezkuntza, lan nahiz osasunerako eskubideaz. Zientziarako eskubidea ere kontestu horretan ulertu behar da, aurreko biei oso loturik baitago. Arraza, jatorri, genero edo osasun egoera edozein delarik ere, guztiok daukagu ezagutza zientifikorako eskubidea, honek gure ingurua hobeto ulertzeko aukera emango baitigu.
Natur zientziak, eta orokorrean, zientzia esperimentalak, behaketari oso lotuak egon dira betidanik. Gure inguruko fenomenoak azaldu eta arrazoitzea helburu, ezinbestekoa da fenomeno horiek ongi behatu eta egin beharreko neurketak tentuz egitea. Zentzu horretan, aintzinako zientzialariak behatzaile onak ere izan behar ziren. Hala, garai batean ezintasunen bat zuen pertsona batentzat ia ezinezkoa zen zientzialaria izatea.
Dena den, zientziak aurrera egin duen heinean, ezintasunen bat duten ikerlariak ere azaldu dira. Bestela, nork ez du ezagutzen Stephen Hawking? Bere gaixotasuna garatzen hasi zenerako zientzia munduan sartua bazegoen ere, gaitzak ez zion galerazi ikerketa munduan aurrera egitea.
Zientzietan, sarritan gure esperientziatik harago dauden baldintza eta aztergaiak izaten dira ikergai. Zentzu horretan, zentzumen baten galerak ez du zertan eragozpen gaindiezina izan. Kimikan adibidez, atomo eta molekulak dira aztertzen diren fenomeno gehienen ardatz. Halakorik ordea, inolako ikusmen arazorik ez duen inork ere ez du sekula ikusi! Berauetaz daukagun bakarra, laborategiko tresnerien bitartez egindako neurketetatik ondorioztatutako irudikapenak dira, eta horiek, itsu batek eskuekin ukitu eta manipula ditzakeen eredu molekularren, erliebean egindako diagramen edo eredu matematikoen bidez adieraz litezke.
Era berean, Einsteinen erlatibitatearen teoriak, argiaren abiaduratik gertu denboraren dilatazioa bezalako kontzeptuak iragartzen ditu. Hori ordea, gure esperientziatik harago doan fenomenoa da, gu ez baikara inoiz abiadura horietara mugituko. Bada, baliteke, errealitatea ulertzeko ikusi beharrik ez duen pertsona itsu batek, denboraren koordenatua bere errealitatearen irudikapenean txertatzeko gainontzekoek baino erraztasun haundiagoa izatea.
Azken batean, gure zentzumenek errealitatearen hurbilketa bat baino ez digute eskaintzen. Errealitatea ordea, hurbilketa horretatik harago doan heinean, zentzumenetatik jasotzen dugun informazioa aztergaiak ulertzeko oztopo izatera ere irits daiteke. Zentzu horretan, ikusmen arazorik ez duen pertsona batek molekula baten banaketa espaziala ulertzeko zailtasunak dituen bitartean, baliteke, ikusmenak eragiten dituen nahasmenetatik libre dagoen itsu batek, errealitate horren irudi mentala hobeto eraiki eta bere barne erlazioak hobeto ulertzea. Kasu horretan, posible da ustez zientzietan lan egiteko arazoak izan behar zituzkeenak, fenomeno bat azaltzeko gainontzekoek baino erraztasun handiagoa izatea.
Hau esanda, zientziaren lan eta ikerketa munduan egiten diren egokitzapenak, zientziarako eskubidea bermatzeko lagungarriak izateaz gain, onura iturri ere izan daitezke gerora, bestela lanik egin ezingo zukeen jendeari zientzia munduan lan egiteko aukera eskaintzen baitiote. Edonola ere, zientziaren ikerketa eta lan mundura iritsi aurretik, ezinbestekoa da zientziarekiko jakinmina piztea. Azken batean, jakinmin hori izango da, agertuko zaizkion zailtasun eta eragozpen guztiak gainditzeko gogoa piztuko diona. Zalantzarik gabe, zientziaren dibulgazioak paper garrantzitsua jokatzen du esparru honetan. Zentzu horretan, beharrezkoa da egiten diren dibulgazio lanek, itsu, gor, elbarri edo bestelako ezintasunen bat duen jendea aintzat hartzea. Halaber, ezinduen elkarteen jardueretan zientziaren dibulgazio saioak txertatzea ere oso lagungarria litzateke, kolektibo honi zientziara hurbiltzeko aukera eskaini, eta zientzia bere eskura ez dagoen irudipena gainditzen lagunduko bailioke.